argia.eus
INPRIMATU
Greba orokorraren irakaspenak
Juan Mari Arregi 2010ko uztailaren 06a
Arrazoi batzuengatik edo besteengatik etorkizunean Euskal Herrian deituko diren greba orokorretan aurrera egiteko, ondo legoke aztertzea orain arte egin direnak. Azkena da horien artean, sindikalgintza abertzaleak eta CCOOk besteak beste lan erreformaren aurka deitutakoa. Greba orokorra deitzeak sektore guztien inplikazioa dakar, ez bakarrik lan arlokoa –pribatua eta publikoa–, eta herritarren egunerokoa geldiarazi behar du. E-29koa nabarmena izan zen, baina desberdina, eta batez ere, herri txikietan salbu, ez zuen herritarren egunerokoa geldiarazi. Mezuak erreformaren ondorio laboraletara mugatu ziren, ez ziren zabaldu horrek guztiak familiei, pentsionistei, hezkuntzari, komertzioei, tabernei eta auzoei ekarriko dien ondorioetara. Horregatik, greba egitera atera zirenak nagusiki industria arlokoak izan ziren. Lehen irakaspena: mezuak zehaztu, zabaldu eta orokortu egin behar dira lan sektorean, gizartean, familietan eta pentsionisten artean.

Grebak baloratzeko orduan, E29koa tartean, Patronalak, Administrazioak eta sindikatuek oso datu ezberdinak eskaintzen dituzte: batzuek “erabateko porrota” (Patronalak) edo eragin eskasa (Administrazioa) aipatzen dute eta bestetzuek arrakasta (sindikatuak) izan dela diote. Seguruena hiruretako inork ez du egia osoa esan. Alde bakoitzak bere interesak defendatzen ditu. Bigarren irakaspena: Inportantea da egiari leial izatea. Ez da ezer lortzen grebaren jarraipena murriztu, puztu edo manipulatzearekin. Herri bakoitzean eta enpresetan badakite zein izan den benetako erantzuna.

Ez du arrazoizkoa ematen kapitalismoak baturik egin duen eraso larriari sindikatuek bananduta erantzutea. Eskandalua da grebarako bi deialdi izatea egun berean, eta mobilizaziorako beste bat hurrengo egunean. Hirugarren irakaspena: sindikatuek ekintzak bateratu behar dituzte interes berekoien gainetik.