"Egigurenek ez du argitu zertan datzan bere apustua"

  • Bergara, 1953. 1981etik Gasteizen bizi da. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Itzulpen-Zerbitzu Ofizialeko burua da. ESBko kidea izan zen trantsizio garaian. Geroago, EAJn sartu zen Carlos Garaikoetxearen sektorearen bitartez. Hamaikabat-eko (H1!) presidenteordea da.

2010ko uztailaren 06an
Eneko Oregi
Eneko OregiAlex Larretxi
Hamaikabat izenaren bitxia aipatu diogu Eneko Oregiri hasieran: “Alderdiek izen klasikoak eta solemneak dauzkate. Hamaikabat-ek (H1!) jendea batzeko ideia adierazten du, baita ‘seriotasuna’rekin puskatzeko ideia ere. Pixka bat kostata, baina ohitu gara, arrakastatsua izan da”.

 

H1!ek Biltzar Orokorra burutu berri du. Zein da lehen urteko ondorioa?


Koadrila bat zena alderdia bihurtzea lortu dugu eztabaidaren bidez, ideia berrien sorkuntza eta antolakuntza dela medio alderdi serioa osatu dugu. H1! ez da batere lotua, eztabaida irekia, bizia eta zabala lantzeko jaioa baizik. Jendea hurbiltzen ari zaigu herri askotan, emaitza eta esperientzia baikorrak dira.

Non kokatzen da H1!? 


Inongo zalantzarik gabe, abertzaletasun demokratiko eta instituzionalaren esparruan. Esparru hauek eta Jose Antonio Agirre eta Manuel Irujoren ondareak dira gure erreferentzia historikoak. Espresio hau anitza da, hainbat sentsibilitatez osatua. Egin beharreko politikaz iritzi desberdinak eduki ditzakegu, baina H1!  tradizio humanista, aurrerazale eta demokratikoari lotzen zaio bereziki.

Nola baloratzen duzu ezker abertzalearen eta EAren arteko azken agiria? 


Ezker abertzaleak eta EAk Euskalduna Jauregian aurkeztutako dokumentuak bi gauza erakusten ditu: bat, dokumentua ezker abertzalearen diskurtsoak mamitu duela, ez EArenak. EA ezker abertzalearen ildo historikoarekin lerrokatu da, eta ez alderantziz. Bi: hori esanda, guk ondo ikusten dugu sektore politiko hori elkartzea eta egituratzea. Sektore edo tradizio politiko hori ez da gurea, gu ez gaude filosofia edota ideologia esparru horretan, baina ondo iruditzen zaigu sektore hori antolatzea, ona da Euskal Herriarentzat sektore horrek politika egin nahi izatea.
 


Normalizazio politikoaren bidean, nola baloratzen duzu ezker abertzalearen Zutik Euskal Herria agiria?


Bide horretan oraindik ere urrats batzuk ematea falta zaio ezker abertzaleari. Ez urrats nominalistak, ez naiz esaten ari ezker abertzaleak zein hitz erabili behar duen eta zein ez. Arazoa ez da hori –nahiz eta azken agirietan agertu dituen termino batzuk ulertezinak diren, eta hitzek ez lukete politikaz ari garenontzat arazo izan behar–, baizik eta debate nominalistez gain, ezker abertzaleak oraindik pentsatzen duela, ez dakit zein epetan, ETAren eta ezker abertzalearen existentzia bateragarriak direla. Hori da arazoa. Gure ustez, ordea, politikako eztabaida guztiak gure herriaren borondatearen errespetuan abiatu behar dira. Abertzaleok ez badugu onartzen gure herriak duela azken hitza, herri osoak, herriarena dela nagusiki espresio politikoa, ez dugu ezer egingo. Indarkeriari buruzko herriaren adierazpen politikoa argi dago aspaldidanik, baina oraindik ez dugu ikusi ezker abertzalea ondorio horretara iritsi denik. Eta horretan exijenteak izan behar dugu, ez da kapritxoa. H1!ek pentsatzen du puntu horretan zorrotzak izan behar dugula gure herriaren borondatea delako. Areago, ezker abertzaleaz gain ETAren jarrera ez da argitu. ETAk laster bere jarrera agertuko duela esaten da, baina ez du egin. Normaltasun prozesu batean gaudela esateko agerbide horiek falta dira, baldintzarik gabekoak eta behin-betikoak, eta falta diren neurrian epe batean ezin izango dira jarrerak bateratu.

Ez gaude prozesua delakoaren atarian beraz. 

  
Ez dirudi. Ezker abertzaleak prozesuari ekiteko adierazpen batzuk falta direla dioenean, hala Alderdi Politikoen Legea deuseztatzea nola presoak Euskal Herrira hurbiltzea, aurretik baldintza batzuk jartzen dituenean, prozesua ez dela berehala hasiko adierazten du nolabait. Bien bitartean, prozesurako borondatea besterik ez dugu ikusiko. Eta gure herriak ez du prozesuaren borondatea ikusi nahi, bakea nahi du.

Aguraingo Ertzaintzaren aurkako erasoari buruz ezker abertzaleak emandako azalpenaz zer iritzi duzu?  


Ezker abertzaleak batzuetan atzeraka dabilela ematen du. Adibidez, Aguraingoa baino askoz eraso gogorragoak izan ziren iraganeko prozesuetan. Ezker abertzaleak [EH] Ibarretxerekin legealdi ituna sinatu zuenean oso bortitza zen kale borroka, baina bere jarrera argiago izan zen orain baino. Aguraingoaren ondoren azaldu duen jarrerak gaizki pentsarazi nau, bere jarrera epela edo beldurtia izan baita. Izugarri larria izan gabe ere, erasoak Mitchell Printzipioak urratu ditu bete-betean. Eta printzipio horiek dira oinarri. Urraketa ez dela larria izan? Ados. Baina nork esan dezake eraso larriago baten aurrean jarrera antzekoa hartuko ez duenik. Ezker abertzaleak aukera on bat galdu du erantzun ulergarriagoa emateko.

Testuinguru honetan zer deritzozu Egigurenek ezker abertzalearekiko agertu duen jarreraz?


Zoritxarrez alderdi sozialistak ohituta gauzka gauza bat esaten eta beste bat egiten. Itxura guztien arabera, alderdi sozialistak esparru guztietan egon nahi du batera: politika antiterroristan PPrekin, ezker abertzalearekin zubiak eraikitzen normalizazio prozesua zabaltzeko, nahi du ETAren porrota aprobetxatu elektoralki, baita irtenbide elkarrizketatua gauzatu ere. Politikan bide horietan denetan batera jardun nahi izatea ez da zuhurra. Egigurenek informazio asko izango du agian, baina ez digu behin ere esan zertan oinarritzen den bere apustua. Beldur naiz, bake eta normalizazio prozesuari begira ez ote gauden urte luzeko egoera baten aurrean: ez bake ez gerra, ez normalizazioa ez anormaltasuna, ez elkarrizketa ez inkomunikazioa, egoera gris eta nahasi batean. Egoera horiek ez diote ezer onik ekartzen gure gizarteari ez herriari, eta bereziki abertzaletasunari. 

Zein balorazio egiten duzu Eusko Jaurlaritzaren urte bateko politikaz? 


Jaurlaritza debaluatzen ari da egunetik egunera PSEren eskutik. Bere jarduna gero eta motelagoa da. Legealdia hasi zenetik, eduki gutxiko lauzpabost lege onartu ditu: Euskadiren Eguna izendatzeko legea, kasu. Kudeaketari dagokionez, Lopezen Gobernuak Zapaterori egin dion jarraipen kaskarra ikusi besterik ez dago, baita zein azkar zorpetu den Jaurlaritza. Duela urte erdian egoera ekonomiko nahiko onean zegoen eta orain zenbaki negatiboetan dago. Alderdi sozialista PPren menpe dago erabat. Gai identitario sentiberatsuan PPk markatzen dio Lopezen Gobernuari bidea. Gobernu honek ez du ezer eraiki, gizartea zatitu eta enfrentatu baizik. Herria desartikulatzen eta krispatzen ari da.

PSOE, EAJrekin ere saiatzen da. Eusko Legebiltzarreko aurrekontuak biek onartuta daude. Zer iritzi duzu EAJk daraman oposizioari buruz?

  
EAJ oposizio desordenatua egitetik ordenatua egitera pasa da alor guztietan. Hezkuntza, osasun, kultura, administrazio arloan... gero eta sendoagoa ari da. EAJ hiru diputazioetan ari da gobernatzen eta Jaurlaritzarekin adostu behar du ezinbestean. EAJk politikagintzan nahi duen lekua akordioekin eta desakordioekin lortzen da, aurre eginez eta ados jarriz. Zentzu horretan bere ildo garbia da eta nik errespetatzen dut.

Hori entzunda, batek pentsa dezake H1!en tokia EAJn dagoela.
Esan bezala, gu abertzaletasun demokratikoan eta instituzionalean kokatzen gara, baina esparru horretan ez dela zertan alderdi bakarra egon behar pentsatzen dugu. EAJ funtsezkoa da, gure herriaren historian ekarpen garrantzizkoak egin ditu eta EAEko lehenengo alderdia da. Halere, esparru horretan beste espresio politikoentzako lekua dagoela uste dugu, baina, ziur aski, beste espresio elektoral batentzako ez. EAEn lau bat esparru elektoral nagusi daude, ez gehiago. Abertzaletasun demokratikoarena da bat, inportanteena. Horrek ez du esan nahi esparru politikoan ez dagoela beste espresioetarako lekurik. Gure ustez, esparru bereko alderdiek hauteskundeetara elkartuta joan behar dute. Politika frentistetan  sartu gabe betiere. Ni ez naiz jeltzalea sentitzen. Ez nator bat EAJren politika guztiekin, tira, batzuekin nahikotxo eta beste batzuekin ia erabat. Baina horrek ez du eragozpen izan behar kolaboratzeko eta hauteskundeak batera lantzeko.
Nafarroako politika hizpide: NaBairen aukera nola ikusten duzu uneon? 
Gure alderdikide nafarrak NaBain daude. H1! sortzean alderdi bezala  izan beharrean NaBai zaleak eta independenteak bezala hartu zuten leku koalizioaren barruan. Tentsioak eta lehiak azaleratu diren neurrian jatorrizko NaBairen ahalmenaren alde egin dute. Horretan dihardute eta jarraituko dute etorkizunean. 

EA eta Aralarren arteko aurreakordioaz zer diozu?


Urrats okerra dela. NaBairen indarra neurri batean –gizartean izan zuen oihartzuna eta hauteskundeetan lortu zuen emaitza– NaBairen aniztasunaren ondorioa izan zen. Jende askoren ilusioa piztu zuen Aralar eta EA baino gehiago zelako. NaBai bi alderdi nagusien gisa ulertzea –gero alderdi txikiei eta independenteei leku eginez– okerreko urratsak ematea da. Arazoak besterik ez ditu ekarriko, NaBai bi alderdi nagusien arteko lehian abiatu den unetik alderdi bien menpeko ekimen bezala agertzen da. 


EAEn berriz, EA eta ezker abertzalea elkarrekin ikusten duzu hauteskundeetan?


Ez dut uste ezker abertzaleak eta EAk EAEn zerrenda bakarra egingo dutenik. Ez dut uste ere orain horretaz hitz egin daitekeenik. Gainera, EAren eta ezker abertzalearen arteko agiriak bakoitzaren esparru politikoak eta erritmoak errespetatzea aipatzen ditu...

Ezin esan, batzuek diotenez, ezker abertzaleak EAn aurkitu duela lurrartzeko pista bat.. 


Ez dut uste. Urte batean gauza asko gertatu daitezke, baina une honetan ez dut horrela ikusten.

H1! bien bitartean EAJrekin hauteskundeetan aurkezteko estrategia lantzen ari zarete. Zertan datza?


Hasteko, ez dugu uste H1!ek helburu kuantitatiboak aintzat hartu behar dituenik. Gure erronka nagusiak gure ildo politikoa ezagutaraztea, sozializatzea eta zabaltzea izan behar luke. EAn edo EAJn inoiz egon gabeko jendea hurbiltzen ari zaigu. Ez dira ehundaka noski, dozena batzuk dira, 30-40 urte artekoak, baita ikasleak ere. Herrigintza gure modura egin nahi duen jendea biltzea dugu helburu. Euskal politika oso formalizatuta dago, oso erritualizatua eta solemnea da. Politika egiteko beste modu bat aldarrikatu dugu hasieratik, ikonoklastak eta hausle samarrak izan nahi dugu. Gu ez gara inoren kontra hazteko sortu ordea, EAri edo EAJri jendea kentzeko, gu gure diskurtsoarekin identifikatzen den jendea biltzeko jaio gara.
“Lopezen Gobernuaren hizkuntz politikak erraietatik sortuak dira PPren menpe dagoelako”

Ibarretxeren Gobernuaren garaian “XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak” txostena landu zutenetako bat zara. Zer adieraziko zenuke egungo Eusko Jaurlaritzaren politika arlo horretan.


Dokumentuak eztabaida sakona eta zabala lantzeko aukera eman zuen. Idazketa taldean sentsibilitate politiko ezberdineko pertsonak geunden, beraz eztabaida bizia izan genuen. Euskara Aholku Batzordea 50 lagun inguruk osatua izan zen eta ekarpen asko egin zen. Prozesu horren ondorioz, Itun berri baterantz dokumentua onartu zuen Batzordeak.

Dokumentu hori Patxi Baztarrikari zor zaio neurri handi batean, bultzatzaile nagusia bera izan baitzen. Oso dokumentu inportantea da hainbat sentsibilitateko euskaldunak bildu zituelako: alderdi sozialistarenak, abertzaletasun demokratikoarenak, ezker abertzalearen ingurukoak... PPren inguruko baten bat ere aritu zen, gutxiago, ez zuen aurrekoek izan zuten ordezkaritza hartu eztabaidan, PPk ez zuelako nahi.

Dokumentu hori inportantea zatekeen. Ez ziren politika konkretuak zehaztu, baina euskararen politikaren ildoan oinarrizko politika taiutzeko beharrezko den adostasun zabala lortu zuen. Egungo Eusko Jaurlaritzak jaso ahal zezakeen ondarea, tresna eta oinarria da. Patxi Lopezek dokumentua Gobernu honen hizkuntza politikaren oinarria dela dioen arren, uste dut, hartzen ari diren neurriek ez dutela deus ikustekorik gogoeta horiekin. Jarrera horrek Lopezen Jaurlaritza PPren menpeko dagoela agertzen du. PPk alderdi sozialista behartu du neurri oso murriztaileak hartzera, oinarri gabe politikak, erraietatik sortutako politikak.

Azkenak
135 preso politiko daude eta 66 ateratzen dira kalera baimenen batekin

Larunbat honetan egingo da Bilbon euskal preso politikoen aldeko urteroko manifestazioa. Gero eta preso gutxiago dago, baina 2011n ETAk bere jarduera armatua eten zuenean inork gutxik irudikatuko zuen handik hamabost urtera oraindik gatazka haren ondorioz espetxeratutako... [+]


Lortu da. Lortu duzue! Lortu dugu. Zorionak eta eskerrik asko

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]


Estatu aparatuetatik Juan Mari Jauregi eta bera hil nahi izan zituztela esan du Maixabel Lasak

Donostiako La Cumbre Jauregian bizi ziren orduan Juan Mari Jauregi senarra eta bera, lehena Gipuzkoako Gobernadore Zibila zen garaian, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Jauregi 2000. urtean hil zuen ETAk Tolosan.


Noizko berrikusi ANren prozesuak eta epaiak

Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.

Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]


Erizain indigenek herri zapalduentzat ekitatezko osasun zerbitzua aldarrikatu dute

Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]


Espainiako monarkiak Nafarroako Vianako Printzearen sarietan parte hartzeari ezetz esan dio Parlamentuak

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak bat egin dute  Borboiak Nafarroako kultura sari nagusitik at gera daitezen. Espainiako erregeak 2015etik, Uxue Barkos lehendakari zenetik, ez daude ekitaldi handi honetara gonbidaturik.


2025-01-10 | Gedar
Ate birakariak: Gasteizko klinika pribatu bateko zuzendari izango da Gotzone Sagardui

Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.


Hodeiak murrizten ari dira, klima-aldaketaren kalterako

Hodeiak murrizten ari dira eta horrek eragin nabarmena du klima-aldaketan, NASAko ikertzaile-talde batek ondorioztatu duenez. Terra satelitearen datuak aztertuta, ikusi dute azken 20 urteetan, pixkanaka, baina etengabe, murriztu dela hodeien estaldura. Amerikako Batasun... [+]


2025-01-10 | Sustatu
Applek albiste-laburpenak asmatzen ditu inolako axolarik gabe

Adimen Artifizialarekin egindako disparateen biltegia handitzen ari da. Erabiltzaile arruntok sortutakoak txorakeriak izan daitezke neurri handi batean, baina Interneteko erraldoiak berak ari dira halakoak errepikatzen eta horrek larriagoa dirudi, eragin globala izan... [+]


Arartekoaren ustez, Martuteneko Agustindarren eraikineko operazioa barruan zeudenak identifikatzeko egin zuten

Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]


Independentziaren aurkari Alcide Ponga izanen da Kanakyko presidente berria

Abenduaren 24an erori zen gobernua, Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistako ordezkariek dimititu zutelako. Hori horrela, loialistek berreskuratu egin dute independentistek 2021ean lehen aldikoz lorturiko presidente kargua. Maiatzaz geroztik krisi politiko, sozial eta ekonomiko... [+]


2025-01-09 | Julene Flamarique
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da

18 urterako plan estrategikoa garatzeko Europako diru-laguntzak jaso ditu Euskal Sagardoaren Jatorri Deiturako proiektuak. Iparraldea batu da jada, eta Nafarroa zein Trebiñu sartzeko urratsak ematen hasiak dira.


Los Angeles hirigintza estentsiboaren zepoan: ehundaka etxe kiskali dituzte suteek

AEBko eta munduko hiri handienetakoa den Los Angeles sute ikaragarriek harrapatu dute eta jadanik 150.000 lagun lekuz aldatu behar izan dituzte agintariek. Alkateak larrialdi egoera ezarri du, garrek ehundaka etxe kiskali dituzte hainbat auzotan, eta haizete gogorrek ez dute... [+]


2025-01-09 | Julene Flamarique
Santander bankuak Iruñean familia bat etxetik bota nahi duela salatu dute

Auzoko familia bat etxea galtzeko arriskuan dagoela salatu du Berriozarreko Hipotekak Kaltetuen plataformak, hipoteka 600 eurotik 1.150 eurora igo eta gero. Familiarentzako irtenbide bat eskatu du plataformak.


Eguneraketa berriak daude