argia.eus
INPRIMATU
Elena Odriozola
"Nire buruarekin fidatzen naiz"
  • Eta testuak irudia ilustratuko balu?
Sustrai Colina 2010ko uztailaren 06a
Dani Blanco

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balioko du, baina ilustratzailea beti idazlearen itzalean.


Batzuetan testuak liburuak egiteko aitzakiak baizik ez dira, eta irudigilearen lana idazlearena baino garrantzitsuagoa gertatzen da. Eskerrak geroz eta jende gehiago ohartzen den marrazkitxoak ez direla apaingarri hutsak. 


Ez dira, ala?


Gurea erabateko sormen lana da. Nire lana pentsatzea da, zer, non eta nola jarriko dudan erabakitzea. Besteen istorioekin kontatzen ditut nire istorioak. Besteen testuetan oinarritu arren, beti agertzen da nire mundua.


Estilo propioa deitu behar zenioke horri, oso ondo geratzen da.


Nik tripetatik ateratzen zaidana marrazten dut. Ateratzen zaidana ateratzen zaidan bezala egiteak dauka zentzua niretzat. Horrela soilik mantentzen da estiloa. Zer da estiloa, zarena izatea ez bada?


Estiloa ez da funtzionatzen duena gastatu arte errepikatzea?


Hori ez da estiloa, moda baizik, eta moda ez da inoiz iraunkorra. Denbora pasa eta irauten duenak balio du.


Zu ere edertasuna barruan dagoen matrakarekin?


Estetika izugarri gustatzen zait. Ondo sentitzeko ezinbestekoa dut edertasuna. Ez bazait zerbait gustatzen nekez joango naiz harago. Nekez eseriko naiz kutrea iruditu zaidan jatetxe batean, ederki jaten dela aurrez ez badakit.
Hain lan ezegonkorra edukita jatetxea aukeratzen!
Ez dakit izaeragatik ala orain arte beti lana eduki dudalako den, baina ez da larritzen nauen zerbait. Are gehiago, beldurrik ezak gauzei ondo ateratzen laguntzen die. Etorriko da etorri behar duena, eta etortzen ez bada beste zerbait egin eta kito.

Horixe bera esaten zigun lanpostu osoa eduki ahal izateko marrazketa ematen zigun marrazten ez zekien matematikako irakasleak.


Ume guztiek marrazten badute, zergatik marrazten dute hain heldu gutxik? Zergatik ez zaio marrazketari garrantzi gehiago ematen eskolan? Irudiari buruzko irizpide bat edukiko bagenu beste era batera ikusiko genuke mundua.


Bai, bai, baina orduan ere haurrentzat ilustratuko zenuke.


Ez dut ez haurrentzat ez helduentzat ilustratzen, nik niretzat ilustratzen dut. Nola marraztuko dut beste inorentzat? Nola jakingo dut zer gustatzen zaizun? Ezinezkoa da.  

Aizu, benetako artea esplikatzea soilik da ezinezkoa. 


Lanak ez dira esplikatu behar. Ez baduzu ikusten ez duzu ikusten eta kito. Nik ere, askotan, bukatu eta gero eta beste norbaitek esanda ikusten dut egin dudana. Baina nirekin fidatzen naiz. Zergatia ez jakin arren, eta oker egon ala ez, badakit egiten ari naizena egin behar dudala. n