argia.eus
INPRIMATU
Zer ote da “psinoma” delako hori?
Unai Brea @unaibrea2 2021eko ekainaren 30
José Carlos Somoza
José Carlos SomozaAndrzej Barabasz-CC By Sa
El cebo. José Carlos Somoza.
Random House Mondadori (2010).


Azken urteotan dezente zaletu naiz  José Carlos Somoza (Habana, Kuba, 1959) idazle espainiarrarekin. Egia da best seller sortzaile trebea dela Somoza, baina ez, inondik inora, literaturaren historian nabarmenduko den idazlea. Ez da Saramago, oraintxe bururatu zaidan bat aipatzearren. Baina ezin zaio ukatu, eta batik bat horregatik erakartzen nau, eleberri bakoitzean irudimen ariketa ikaragarria egiten duela. Somoza originala izaten saiatzen da, eta ia beti lortzen du.

Dozena inguru nobela dauka argitaratuta, eta horietatik hirutan, Somozak etorkizun gutxi gorabehera hurbil batean kokatu du narrazioa. Kasu horietan, originaltasuna testuingurutik dator. Ausartuko naiz esatera testuingurua bera bihurtzen dela pertsonaia nagusi. Oraindik orain labetik atera duen El Cebo (Amua) thriller klasikoa da, baina oso marko interesgarrian gertatzen da. Marko hori osatzeko, zer pentsatu franko ematen duen ideia bat garatu du madrildar idazleak. Tira, bat ez, bi, baina horietako batean huts egin du nire iritziz.

Teknologia hainbeste garatu da, poliziari dagoeneko ez diola balio gaizkileak harrapatzeko. Edonork lor dezake, merke antzean, ADN arrastoak edo hatz-markak edo beste edozein aztarna ezabatzeko erabil daitekeen gailuren bat. Hor dago hutsa: sinesgaitza da teknologia hori garatuta ere, gobernuek herritarren esku hain erraz utziko luketenik. Kontua da Somozak lehen premisa hori behar duela bigarrena justifikatzeko.

Teknologiaz ezin baliaturik, ‘amuak’ dira krimenari aurre egiteko poliziak dituen arma ia bakarrak. Amuak ondo entrenatutako pertsonak dira, jantzi, keinu eta jarrera jakinen bitartez gaizkileak erakar ditzaketenak. Gakoa psinoma da, XXI. mendeko aurkikuntza zientifikorik handienetakoa eta, hori bai, munduko agintariek iritzi publikoari ezkutatu diotena. Psinoma genomaren baliokidea da gure psikean. Somozak proposatzen duen eszenatokian, zientzialariak (batzuk) konturatu egin dira gutako bakoitzaren hondoan dagoena, gure jokabide guztien motorra, desioa dela, eta desio hori matematikoki kuantifikatu daitekeela. Nork bere psinoma dauka, eta estimulu desberdinen aurrean erreakzionatzen du. Somozak planteatzen duena, eta antzeko ideiak irakur daitezke benetako zientziaren esparruan, gure ekintzak ezinbestekoak direla da, ez dugula gure jokabidea askatasunez aukeratzerik, begien kolorea aukeratzerik ez dugun bezala. Noraino gara egiten dugunaren erantzule? Nola definitu erantzukizun kontzeptua bera? Zuzenbidearen esparruko eztabaida interesgarria da, eta ez du, noski, José Carlos Somozak abiarazi, baina oso ekarpen entretenigarria egin dio.