argia.eus
INPRIMATU
Klasean
Joxemari Ostolaza 2010ko ekainaren 30a
Ginen, gaztetan denbora guretzat izan ez genuenok. Gehiengoa. Heren bat, gazte unibertsitarioz osatua. Irakaslea eri, ordezkari bat ekarri digute, hondar hilabetean bere jakinduria ematen saiatu dena. Eta asmatu. Azterketa garaia. Irakasle titularra saiatu zaigu ordezkapenak kalte egin ez diezagun. Ongi joan da, pasatu behar zutenak pasatu dira, aurrera egiteko arazoak zituztenak –ez titularrik ez ordezkorik– irailerako gelditu dira. Emaitzak aurkeztu ondoren, askaritxo bat egin dugu. Bigarren tragoz, Sanmartzialak aipatu ditu ordezkari donostiarrak. Eta Alardea zen noski aipamenaren sustrai. Hemeretzitik, bat isilik eta beste bat ordezkariaren alde. Hiru horiek ezik, guztiak irundarrak eta hondarribiarrak. Ez gaituzte jan, askari gaiei esker. Ez dakigu deus, ez dugu ezer ulertzen. Orain arazoa ez da Alarde mistoa, orain berritzear eta bukatzear dagoen San Joan plaza dute eztabaidagai. Joan daitezela mistokoak ahal duten lekura, gu betikotan oraingoan ere. Izan ere, mistokoek beti egin izan dute berea gehiengoa kontutan hartu gabe. Ez dira demokratak, inposatzaileak dira. Alferrik hiruek jaurtitako argudioak, musika garaikidea ez da betikoen belarrirako egina, musika atrileko grafia dutenentzat. Txilibitoz pasako dute azterketa, tribunala ere txilibiteroa baita.