argia.eus
INPRIMATU
Jupiterren atmosferan misterioa
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko ekainaren 30a
2009an Hubble teleskopioak hartutako irudien arabera, Jupiterren hego hemisferioan dagoen eraztun arrea desagertu egin zen hilabete batzuetan. Horren ordez hainbat orban beltz azaldu zirenez, zientzialariek bertara eroritako meteoritoei egotzi zizkieten atmosferan gertatutako aldaketak.

Aurtengo ekainaren 3an, guregandik 770 milioi kilometrora dagoen planetan flash argitsu batzuk ikusi zituen Anthony Wesley astronomo australiarrak bere teleskopioarekin. Handik hiru egunera, Hubblek Jupiterren argazki berriak atera zituen, eta ostera ere hego hemisferioko eraztun arrea desagertu egin dela ikusi ahal izan da horietan, baina oraingoan ez da beste inolako arrastorik agertu, ez orban beltzik ez deus ere. Zientzialariak harrituta daude eta hainbat hipotesi hasi dira plazaratzen. Esaterako, eraztun arrearen gainean amoniakozko kristalak dituzten lainoak kokatu direla; baina ezer ere ez da ziurra. Ziurtatu daitekeen gauza bakarra da Jupiterreko atmosferan gertatzen diren fenomeno izugarriak ez ditugula ondo ezagutzen.