argia.eus
INPRIMATU
Caravaggio
Igor Estankona 2010ko ekainaren 30a
Michelangelo, San Sebastiango kanposantuan aurkitu ei zaituzte azkenean, Toskanako azken olioak ia urtebete egin duenean, eta zure gorpuak laurehun. Zirriak egingo dizkiete zure hezurrei, DNA frogak egingo dizkiete Italiako Merisi guztiei, baina ez zaituzte aurkituko.

Argia nahierara erabili zenuen hori, klasikotasuna arbuiatu zenuen hori, Pizkundea ukatu zenuen hori, nola erakutsi zenuen hain maisuki, min emateraino, naturala zena? Nola kabitzen zen hainbeste edertasun desberdin margoen berunak jandako zure zerebroan? Itxura onen aurkako borrokalari hori, zoroaldi saturnotarrei esker psikologian arakatu zenuen hori, mila esanahi veneziarren artista, maitasun androginoena, faltan botatzen ditugu zure argazkiak, zure Adan, zure Magdalenak, zure pasatutako sagarrak otzaretan.

Zuzen zenbiltzan: Jainkoaren Erreinua gauza miserableenetan dago.

Caravaggio, tratu txarren auzietan, aizkorakadetan eta labankadetan nahasia, abadeek babestutako hiltzaile, papar zabal iletsudun gizonen amorantea, behar zaitugu gaur egun, txulo hori, baina ez zara itzuliko, ezta?