I Zulo txikia dauka atetzat ondoren sarrera gela, pasabideak estu-estuak giroa zinez umela. Sarri lau hankan joan behar da goia jotzen da bestela, ahoa zapiz estaltzen dugu hautsa delako itzela. Kaskoa eta linternarekin giri koadrila ergela, behera heltzean gidak esan du: “hau da laugarren nibela”. Jose lanean ari da bertan eta ez al da krudela? Berak badaki berrogeita bost urterekin hilko dela. |
II Jose goizero heltzen da hona zortziak baino lehenago, arratsaldeko zazpiak arte, eta horrela luzaro. Koka orriak bazkaltzen ditu, eta fanta, lau bost trago. Hori astean zazpi egunez, jai egiterik ez dago. Eguneko lehen ez zuen lortzen euro bat baino gehiago, bost urte eta gero enpresan igo da pixkat gorago. Gauzak aldatzen ari dira bai. Nola ez? Ni ados nago: lehen esklaboak ziren langile gaur langileak esklabo. |
III Ikasketarik ez dauka Josek, esan zuen: zertarako? Jakituria handirik ere ez da behar minarako. Sarritan piper egin ohi zuen behar zuten lanerako, minan jardunda eskola uzten zuen beste baterako. Silikosiak hil zion aitak pasa zuen oso txarto, minez sufritzen eman zituen egun eta aste asko. Baina Roberto gustura hil zen ez arrangura, ez malko, ospitalean opor egunak heldu zitzaizkiolako. |
IV Potosiko mendi aberatsak Jose utziko du pobre. Garai batean bazuen nahiko urre, zilar eta kobre. Zulatutako gazta bat da gaur eta izango da gero (e)re. Aurpegi beltzak daude minetan ez poz eta ez umore. Pertsona pila hil dute bertan ez medaila ez ohore, euren hiletek ez dute izan merezi beste kolore. Apaizik ez dut minan ikusi ez badira nonbait gorde, baina elizak urrez josita daude dotore-dotore. |
V Esku batean harria dauka eta bestean burdina, kolperik kolpe beti zarata eta erritmo berdina. Ez segurtasun neurri eta ez zulatzeko makina, lur azaletik ehun metrora egiten du ahalegina. Gustuko duen galdetu eta ezetz esan dit, jakina: “bizitzeko lan egin behar da eta lortu etekina”. Bi mila eta bederatzian hau da bihotzeko mina! Erdi Aroan dago oraindik Potosiko behargina. |
VI Bero-beroa dago lurpea eta kanpoa hotz-hotza, kontraste honek eragin ditu makina bat heriotza. Tarteka soilik gelditu ohi da burdinaren tak-tak hotsa, tragotxoren bat hartzeko edo zabaltzeko koka poltsa. Josek horiak ditu haginak eta iluna bihotza, dinamitaren eztanda batek estali dio ahotsa. Zein handia den sentitzen dudan amorrua eta lotsa, guk kamiseta zikintzearren galtzen dugu bizipoza. |
VII Bera zuloan lanean utzi eta bagoaz kanpora burua justu kabitzen zaigun eskaileratxoan gora. Arnasa ezin dudanez hartu zapitxoa poltsikora bidali eta hautsa kiloka hasi zait heltzen ahora. Ze itolarri, ze estuasun! Ez da pasatzen denbora. Klaustrofobia era hontako sentipena izango da. Orain tabernan trago bat hartuz Jose datorkit gogora, hark infernuan egiten du lan eta ez da metafora. |
VIII Behin Potosira iritsi ziren inperialisten tropak azpian hartuz hango ohiturak eta bizimodu motak. Bertan zeudenak esklabo hartu, lotu kate eta sokak, eta minara bota zituzten. Alferrik ziren borrokak. Hango urreak dotoretzeko noble ustelen arropak, eliza, apaiz, artzapezpiku politikoak, pelotak. Handiegiak ziren, ordea Espainiarren erronkak, eurek gizendu zuten txerria pozik jan zuen Europak. |
IX Bi hiru egun pasa nituen Potosi inguruetan, eta oso goiz hunkigarria Cerro Ricoko minetan. Oraindik ere oroitu eta barrua daukat minetan, ea guztia utz dezakedan gaurko bertso paperetan. Ez nuke inoiz egon nahi Josek egun duen papeletan, zerutik hurbil egiten du lan, baina infernuan bertan. Mina gogorra delako, zinez, hitzaren zentzu bietan, gaur daukadana baloratzen dut eta maite dut benetan. |
Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.
2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]
Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.
"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]