argia.eus
INPRIMATU
Maider Egues
"Orduak beharko nituzke erlatibitatearen teoria azaltzeko"
Aritz Galarraga 2010ko ekainaren 22a
Maider Egues
Maider EguesDani Blanco
Eraginkortasuna beste edozein faktoreren gainetik jartzen du.

Hara, gerra korrespontsala izan nahi zuena!


Kar kar kar! Bai, horixe zen nire gaztetako ideia, ideala, ametsa... Baina ikusten duzu...

On aurpegia duzu, Maider, hauts eta tiro artean ibiltzeko…


Emozioak gustatzen zaizkit, eta hortik zetorren kontua... Orain gauzak beste modu batera ikusten ditut.

Ibili zinen, hala ere, munduan zehar, turismo profesionala egiten.


Ai ai ai... deabrua eta bere abokatua beti dira inbidioso hutsak. Ulertzen dizut, lasai, askoren inbidia izan nintzen. Aukera eta esperientzia zoragarriak izan ziren.

Orain, berriz, zientzia zalea izan ez eta Teknopolis aurkezten?


Kazetaria naiz eta Teknopolis-eko lantaldea kazetariz eta zientzialariz osatuta dago... Bi perfilak gara beharrezkoak.


Hala uste dugu denok.


Gainera, kuriositatea eta zientzia-zaletasuna oso lotuta daude eta ni oso kuriosoa naiz. 

Arrazoi duzu, langile guztiok merezi dugu zerbait hobea…


Hobea? Nik ez dut kexarik. Lantalde eta lantoki paregabeak dauzkat, eta oso konforme nago.

Zientziari buruzko programa da, eta inor gutxi ibiliko da adi.


Astero 55.000 ikusle. Gutxi iruditzen zaizu?

Pentsa futbol saioa balitz, zenbat sasijakintsu zenituzkeen atzetik!


Futbola zuretzat, nahi baduzu... Nik ez dut gustuko.


Jaiak bezalako programa bat egingo zenuke berriz, edo gorputzak ez luke jada emango?


Ez gorputzak ez eta buruak ere. Amaitutako etapa da hori, baina oso etapa polita izan zen.


Gainera, mozkor guztiek galdetuko lizukete erlatibitatearen teoriaz…


Bai, bai... eta hori ez da minutu batean azaltzen. Orduak beharko nituzke.


Bestela beti geratuko zaizu Frontón, jakin dut esperientzia “bikaina” izan zela zuretzat…


Esperientzia bikaina, bai, baina hala ere, kirol mundua ez da nire mundua. Nahiago zientzia, askoz nahiago.