argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoaren kontra, erantzun sendoak
Juan Mari Arregi 2010ko ekainaren 15a
Europar eta euskal gizartea aurrekaririk gabeko erasoa jasaten ari da “finantza merkatuen” eskutik, hau da, kapitalismo basatienetik. Finantza merkatu horiek –NDF, MB, espekulatzaile eta inbertsore handiak, finantza marrazoak...–, jarraitu beharreko bidea zein den ari zaie inposatzen eta erakusten Europako gobernuei, beraien kapitalak segurtatzeko eta interes gozoekin loditutako zorra bermatzeko. Hori lortzeko, Europa osoari egokitze neurriak eskatzen dizkiote: soldatak murriztea, lan erreformak, malgutasun eta mugikortasun basatiak, kaleratzeak merketzea, osasungintzaren eta pentsioen erreforma, jubilazioaren atzerapena 67 urtera, kotizazio handiagoa behar izatea pentsioa lortu ahal izateko, eta abar. Bitartean, beraiek salbu daude edozer erreforma edo erregulaziotik eta zergak igotzetik; beraiek direlako europar gizarte honetan agintzen dutenak.

Langile eta herri klaseak dira merkatu horien diktaduraren ondorioak jasaten dituztenak. Baina eraso globalizatu horren kontra herritar eta langileek emandako erantzuna oso mugatua izaten ari da, bai Euskal Herrian, baita Europan ere. Zerbait larria ari da gertatzen europar gizartean, ezkerrak egiten duenean eskuindarren lana; sindikatuak, burokratizaturik, inoiz baino zatituago daude; eta gizartearen gehiengoa “anestesiaturik”, kikilduta eta elkartasunik gabe dagoela dirudi. Inoiz baino batuago eta globalizatuago dagoen kapitalismoaren erasoen aurrean, erantzun sendoak eta globalak behar dira, Euskal Herrian eta Europan. Langileek eta herri klaseek ezin dute beraien malkoz eta izerdiz lortutako konkista sozialak harrapatzen utzi. Otsoak, “merkatu” horiek alegia, gosez dira, eta gero eta gehiago nahi dute. Eta errazago lortuko dute erantzun sendo eta globalik ez badago.