argia.eus
INPRIMATU
Gure porrota
Juan Ramon Makuso 2010ko ekainaren 15a
Juan Ramon Makuso
Juan Ramon MakusoDani Blanco
Ez da apokaliptikoa, nahiz eta badirudien apokalipsi garai batean bizi garela. Inpresioa da. Ustea. Iritzia. Giroan usaintzen dudana. Kale bazterretan ikusten dudana. Autobus geltokian, mundua geldirik dagoenean, mugitzen dena. Egunkarietan irakurtzen dudana. Telebista pizten dudanean, ikusten dudana. SMSen doinuak iragartzen didana. Facebooken lagun andanen diosalek inspiratzen didatena. Eta hau guztia idazten dudanean, pantailaratzerakoan, pentsamendua zugan jarrita daukat irakurle, jada hau irakurtzen nazkatuta zauden hori, agian barrundatuz, zer du gizon honek? Zergatik helarazten digu bere, badirudi, erretxina-mendua? Eta esango dizut ez nagoela haserre. Ez eta triste ere. Ez eta malenkoniatsu. Agian, besterik gabe, nire betaurrekoen kristalek ez didate, ene begirada honetatik, beste paisaiarik uzten ikusten. Zuk ere begiratu lasai, irakurle, eta porrotaren itzalak harrapatzen bazaitu, ez kezkatu. Sanoa da. Gizakiok, gizakiak garelako, porrota gurea dugu. Eta ez da ezer gertatzen. Edo bai. Poza dut bihar beste ahalegin bat eduki dezakedalako. Beste hiri bat bizitzeko.