argia.eus
INPRIMATU
Futbol sari milioidunak
Juan Mari Arregi 2010ko ekainaren 09a
Aste honetan eta hurrengoetan, milaka milioi pertsona Hegoafrikako Munduko Futbol Kopari begira egongo dira. Telebistaren eta teknologia berrien bidez espektakulu hori planetako txokorik ezkutuenera iritsiko da. Agian, futbol zaleei hainbeste interesatzen ez zaiena da –dena edo ia dena justifikatzen baitute– “kirol” honek mugitzen duen diru kopuru erraldoia, bai publizitatean eta baita jokalariek jasoko dituzten prima milioidunetan ere. Selekzionatuak izateagatik edo azken laurdenetan nahiz azken zortzirenetan parte hartzeagatik jasoko dituzten sariez gain, lehiatzen diren 32 selekzioek sari berezia dute hitzartuta Munduko Kopa irabaziz gero. 32 selekzioetatik “Espainiako selekzioa” –La Roja edo Rojigualda– da hoberen ordaindutakoa: 550.000 euro jokalari bakoitzeko. Munduko sarien rankinean Argentinak segitzen die 520.000 eurorekin eta ondoren Ingalaterrak 470.000 eurorekin. “Frantziako selekzioko” jokalari bakoitzak 300.000 euro kobratuko lituzke Munduko Kopa irabaziz gero. “Espainiako selekzioak” beraz, talde teknikoa barne, Munduko Kopa irabaziz gero 15 milioi euro kobratuko lituzke.

“Espainiako selekzioko” jokalariek, guztiak milioidunak, “krisi ekonomikoaz jabeturik” azken laurdenetan edo zortzirenetan sartzeagatik jasoko luketen sariari uko egingo diotela esan dute! Haiek, hain patriotak, hain harroak roja edo rojigualda soinean eramateagatik, hain “kontziente krisi ekonomikoarekin”, ez die ordea 550.000 euro horiei uko egin. Egoera hori, bai eta jokalarien eta entrenatzaileen fitxaketa multimilioidunak ere, edo San Mames berriaren eraikuntza, eskandalua eta iraina dira langabezian daudenentzat eta krisi finantzario, ekonomiko eta sozial honen ondorioak jasaten ari diren langile eta pentsiodun guztientzat.