"Hezkuntzak akordio bat behar du lasai lan egiteko"

  • Zarauzko malekoian hitz egin digu bere bizi-esperientziaz, itsasoari begira. Jubilatu egin nahi omen du, baina erretiratu ez. Olatuak badatoz eta badoaz, baina itsasoak hor jarraitzen du.
Ana Eizagirre
Ana EizagirreDani Blanco

Hamaika neba-arrebatan zaharrena zara. Betidanik erdi-irakasle erdi-guraso?


Etxean oso goiz ikasi nuen arduratsua eta konprometitua izaten. Betidanik izan dut ingurukoen kezka, eta hamaika neba-arrebatan zaharrena izateak bizitzako esparru guztietan eragin didala uste dut. Esaterako, leku guztietan gorde behar izaten dut niretzako esparru bat, etxe barruan ere bai: nire lekua daukat butakan. Espazio propioa behar dut eta hori txikitatik datorkit, hainbeste jende ginen norberarentzat oso leku gutxi baitzegoen, eta gure txokoak bilatu behar izaten genituen. Butaka atzean eta ohatzearen atzean banuen nik nire txokoa, eta han esertzen nintzen irakurtzera. Zaharrena izateaz gain emakumea izateak ere asko markatu du nire bizitza, espazio propio horren bila borrokan aritu bainaiz bizitza osoan. Gure belaunaldiko emakumeak arlo guztietan izan gara hezitzaile: neba-arrebekin, senarrarekin, gurasoekin... Bizitza osoan emakume bezala gure eremua defendatzen egon behar izan dugu. Nik erronkak ikusten nituen alde guztietan, eta erronkek niretzat aukera esan nahi dutenez, aukeraz betetako bizitza izan dudala sentitzen dut.


Espazio propioa kudeatzeaz gain, espazio publikoa eta pribatua kudeatzen ikasi behar izango zenuen gaztetatik.


Kuriosoa da, aipatzen dudan esparru propio horrek ez baitu itxia izan beharrik. Ondo egoteko leku bat, eroso egoteko leku bat, niretzako leku bat imajinatzen dudanean marko hau imajinatzen dut beti: Zarauzko malekoia, itsasoari begira. Nire burua Zarauzko hondartzan jartzen dut, eta zabaltasun horrek bildu egiten nau. Dikotomia horretan bizi izan naiz beti: alde batetik, nire kuadrikula behar dut, gauzak ordenatuta eta antolatuta izatea, baina bestetik, espazio zabalera irekitzen naiz, eta aitortzen dut espazio zabalak gauza pila bat eman dizkidala bizitzan.

Zarautzen jaio arren gazterik joan zinen Bilbora bizitzera. Zer izan zen zuretzat Bilbo?


Bilbo paradisua zen niretzat, aitona eta amona bertan bizi ziren eta Zarautzen ez neukan guztia neukan Bilbon. Batetik, sekulako etxea: Zarautzen 90 metro koadro geneuzkan hamahiru pertsonentzat eta han 150 neuzkan niretzat bakarrik. Gainera, aitona eta amona beti begira neuzkan, eta maitasun handia ematen zidaten. Gabonetan jaiotza handiak ikustea zen Bilbo, txokolatea txurroekin jatea zen Bilbo, zine handira joatea, jaietan zaldiko-maldiko handietan eta trolebusean ibiltzea zen Bilbo... Hori umetan, baina gaztetan itzuli nintzenean, Bilbo oso iluna zela ohartu nintzen. Hala ere, askatasunaren hiria zen niretzat, Zarautzen kale izkina bakoitzean topatzen nuen senideren bat. Lehenbiziko aldiz Donostiara manifestazio batera joan nintzenean, amaitzerako deika neukan ama, ea zertan ibili nintzen. Zarautzen ez nuen errebeldia ateratzen eta Bilbon, 19 urterekin, mundu berri bat topatu nuen, non errebeldia atera nezakeen eta erabakiak neronek hartzen nituen. Gainera, lanean hasi nintzenez, Bilbon soldata neukan, askatasuna eta mundua aurrean. Lan egiteko eta ardurak hartzeko leku bihurtu zen, baina nire ardurak ziren, ez familiakoak, eta neure burua beste era batean antolatzen hasi nintzen: euskararen aldeko taldeetan eta auzo mugimenduetan sartu nintzen. Ezkerraldean egiten nuen lan eta Barakaldo, Sestao eta inguruak ezagutu nituen. Oso urte aberatsak izan ziren: irakaskuntzan gauza pila bat mugitzen ziren, dena guk egiten genuen, materiala sortu, mugimendu pedagogiko berritzaileak ikasi... Ezkerraldean hasi nintzen frankismoaren aurkako politika egiten, langile mugimenduari oso lotuta, eta hor finkatu zen nire baitan konpromiso soziala. Eliza aspaldi neukan atzean utzita, baina bazen mugimendu bat Sozialismoaren aldeko kristauak izena zuena, eta gauza asko mugitzen zituzten: lan mundua, auzo-ekintzak... Uste dut hor hasi nintzela konpromiso soziala hartzen. Bilbo konpromisoaren hiria izan zen niretzat. Etxean ez nuen ezer kontatzen, jakina, bizitza paraleloak neuzkan Bilbon eta Zarautzen.


Noiz hasi zinen gizarte mugimenduekin eta politikarekin lehen harremanak izaten?


Gaztetan unibertsitateko hasierako mugimenduetan ibili nintzen, oraindik sindikalgintza ez zegoen finkatuta eta ikasle batzordeetan hasi nintzen. Gero Ingalaterran eman nituen bi urte, eta handik bueltan, mugimendu politikoan sartu nintzen zuzenean. Alderdi politikoetan. Mugimendu komunistaren inguruan militatu nuen. Politikan hasi nintzenerako finkatuta neuzkan nortasuna eta identitate euskalduna, eta nahiz eta alderdi horiek guztiak oso zentralistak izan, Estatuko alderdiak baitziren, oso oroitzapen ona dut garai hartaz. Franco hil ostean Madrilen konstituzio berria egiten hasi zirenean zazpi hilabetez egon nintzen bertan. Ordurako kartzelatik aterata nengoen, 75ean sartu baikintuzten gu, Txiki eta Otaegirena gertatu zenean, baina Franco hil aurretxoan askatu gintuzten. Konstituzioa Espainia mailan eztabaidatu aurretik, lan handia egin zen unibertsitate irakasleekin eztabaida hura nola planteatu erabakitzeko, eta beste bi euskaldunekin batera izan nintzen Madrilen konstituzioan autodeterminazioaren gaia ekarpenetan nola agertu behar zen eztabaidatzen. Asko ikasi nuen garai hartan: autodeterminazioaren inguruko teoriak, independentzia zer zen eta zertarako nahi genuen... Sentitzen nuena teorizatu nuen, eta batez ere ikasi nuen, nik sentitzen nuena ez zela inoren kontrako zerbait, gure aldekoa baizik. Teoria eta sentimendua lotu nituen eta nire ideiak defendatzen ikasi nuen beste inori kalterik egin gabe. Ordudanik, beti izan dut pentsaera politikoa, baina gehiago mugitu naiz gizarte eragileen esparruan.

Nolakoa izan da geroztik politikarekin izan duzun harremana?


Beti izan dut harremana politikarekin, gustatu egiten zait politika, baina uste dut politikak baino gehiago betetzen nautela eginkizunek eta pertsonek, eta arreta pertsonengan eta eginkizunetan jartzen baduzu, eragile sozialengana hurbiltzen zara politikara baino gehiago. Politikatik baino askoz lan gehiago egiten da inguruan daukazun esparrutik eta ziur nago esparru hauetan gehiago lortu dudala politikan sartu izan banintz baino. Izan ditut aukerak politikan sartzeko, baina ezetz esan izan dut. Hala ere, beti izan dut kezka politikoa, eta oso argi izan dut nori eta zergatik ematen diodan nire bozka. Eta ez naiz alderdi bat bozkatu eta gero kritikan aritzen denetakoa, politika bere kontraesanekin ulertzen dut. Bizitzan gauzak ez dira egiten errazak, eta erabaki bat hartzen duzunean erabaki osoa hartzen duzu, ezin zara zuriarekin geratu eta grisa baztertu. Politikariek euren lana egiten dute.


Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko lehendakari ezagutu zaitugu urtetan. Noiz erabaki zenuen guraso gisa antolatzea?


Guraso izan aurretik erabaki nuen gurasoen mugimenduari babesa ematea. Irakaskuntzan ari nintzen lanean, euskara zabaltzen ari ginen ikastetxeetan, 1980a-edo izango zen, eta gurasoei hitzaldiak ematen hasi nintzen: eredua aukeratzeko edo ereduz aldatzeko laguntza eskaintzen, nonbait D eredu bat zabaldu nahi zuten gurasoei laguntzen... Irakaskuntzan jarraitzen nuen lanean eta sindikalgintzari lotuta nengoen, baina gehiago erakartzen ninduen euskararen inguruko mugimendu guztiak. 1983an semea jaio zen, eta borroka handia egin genuen irakaskuntza publikoan D eredua zabaltzeko. Orduan hasi nintzen borondatezko lanean, eta sindikalgintza bigarren mailan uztea erabaki nuen, guraso elkarteetan lan handia zegoela ikusten bainuen, eta ohartzen bainintzen mugimendu hori indartzeak asko lagunduko ziola irakaskuntza publikoari. Federazioan sartu nintzen eta hiruzpalau urtetan zuzendaritza taldean nengoen. Urte askoan biak uztartu nituen, irakaskuntza eta gurasoen elkarteko lana, baina irakasle postua galdu gabe guraso elkartearentzat lan egiteko aukera izan nuen, eta badira hamabost urte horretan ari naizela.


Nolakoa behar du gurasoen paperak hezkuntzan?


Lehenik eta behin, gurasoek argi izan behar dute gurasoak beraiek direla, hau da, seme-alaben ardura eurena dela, jaiotzen direnetik, eta nire amak esaten duen bezala, betiko. Gurasoek oso argi izan behar dute beren guraso papera: ardura eurena da. Eta ardura hori ez da desagertzen haurra eskolara doanean. Fidatu egin behar da, jakina, baina gurasoen ardura da haurrak zer egiten duen eta nola hazten ari den jakitea. Bi norabideko kolaborazioa izan behar da: gurasoak eskolaren kolaboratzaile eta eskola gurasoen kolaboratzaile. Gurasoek argi izan behar dute guraso papera ez dela haurra eurekin dagoen momentuetara mugatzen, beste esparruak ere beren ardura direla. Haurrei nabaritu egiten zaie gurasoak eskolan inplikatuta badaude. Eskola beste era batera onartzen dute eta haurrak ere gehiago inplikatzen dira. Gainera, gurasotik gurasora asko ikasten da, eta arazoak ere erlatibizatu egiten dira besteekin elkarbanatzean. Gaur egun badirudi, batetik, haurren ardura osoa gurasoena dela, baina bestetik, ematen den mezua da gurasoak ez direla ezertaz arduratzen eta, dikotomia horretan, familia askotan gauzak gaizki egiten ari direla uste dute. Guraso txarrak direla uste dute askok, eta erruduntasunetik abiatuta jokatzen dute. Galduta sentitzen dira. Gurasoak, euren seme-alabentzako nolako heziketa nahi duten pentsatu beharrean, eskuliburuaren bila etortzen dira, baina euren buruengan duten konfiantza faltagatik gertatzen da hori, gauzak gaizki egiteko duten beldurragatik.


Lehengo eta oraingo gurasoak. Nolakoa izan da eboluzioa?


%100ekoa. Oso sistema diktatorialetik parte-hartze sistemara pasa gara. Gaur egun ez dago kuadrikularik, ez dago eskulibururik, hesitik kanpo bizitzera behartuta gaude, eta zailagoa da mugarik gabeko eremuan bizitzea. Gaur egungo gurasoek uste dute euren rola ez dela arau-ezarlea eta autoritatezkoa izan behar, baina seme-alabei mugak jarri behar zaizkie, bestela galdu egiten dira.

Gurasoez ari gara, baina bileretara ez al dira oraindik gehienbat amak joaten?


Erronka horrek mahai gainean jarraitzen du, bai. Guraso bilera guztietara amak etorri izan dira batez ere; hori bai, batzarra tokatzen zenean eta ordezkariak etorri behar zuenean, orduan aitak. Lehendakariak beti gizonezkoak ziren. Gizartean izan den eredua errepikatu da eskoletan. Egia da amen guraso elkarteaz hitz egin behar genukeela agian, partaidetza amek sustatzen baitute. Amak dira gauzak antolatzen dituztenak, baina ez hori bakarrik, eskoletan ezinbestekoa den papera betetzen dute amek: bitartekaritza. Bitartekaritza ez formala: patioan egiten dena, guraso elkarteko batzarretan egiten dena, formakuntza saioetan eta kafe garaian egiten dena. Itxuraz inportantzia gutxiko bilkura horietan oso gauza garrantzitsuak egiten dira: arazoak partekatzen dira, askotan irtenbideak aurkitzen dira, laguntza eskaintzen zaio behar duenari... Gure gizartean oraindik badakigu laguntza eskaintzen, nahiz eta mezu amerikar guztiek kontrakoa erakusten diguten, elkartasuna naturalki bizi da amen artean. Azken hamarkadan ume txikien aitak ere hasi dira inguratzen, baina bide luzea dago egiteko. Asko kostako zaigu emakumeei ardura burutik kentzea, milaka urtetako zizelkatzea dago hor, eta gauzak aldatzeko gizartearen antolakuntza aldatu behar da: eredu honekin jarraituz gero emakumeok gainkargarekin jarraituko dugu.

Jaurlaritza aldatzen den bakoitzean hankaz gora jartzen da hezkuntza. Ildo edo norabide sendorik badago?


Politikak dena mugitzen du, eta politikariak ez dira konturatzen politika ez dela egun bateko gauza, eta ni gobernura heldu arren ezin dudala besteek egin dutena hankaz gora jarri. Gainera, berez, inork ez du lortzen dena hankaz gora jartzea. Ez dago aurreko hogei urteetan egin dena lau urtetan aldatzeko gai den pertsonarik. Ezinezkoa da, baina badirudi bakoitzak bere eremua defendatu behar duela, txakurrek bezala. Irakaskuntzak lasai lan egin ahal izateko akordio bat behar du. Heztea pentsatzea da, epe luzera planifikatzea, gaur egiten dudanak hemendik hogei urtera balio behar duela jakitea, pertsonekin lanean ari garela jakitea, eta jakitea pertsona horren bizitzak, gauzak ondo, nireak baino gehiago iraungo duela. Politikariei ahaztu egiten zaizkie halako gauzak. Baina gobernu eta politikari guztien gainetik, sistemak berak markatzen du norabidea, ikastetxeek eta ikastetxeetan lan egiten dutenek. Beraz, sasi guztien gainetik, gobernu guztien gainetik sistema mantendu egiten da. Kontua da, horrenbeste aldaketarekin moteldu egiten dela sistema. Ikastetxeei ezin zaizkie egunero hamar agindu diferente eman. Lehentasunak finkatu behar dira, eta eztabaidatu beharrekoa eztabaidatu, ze eztabaidek, normalean, ez dute pedagogiarekin inongo zerikusirik izaten, eztabaida politikoak izaten dira, sistema moteltzen dutenak ezer ekarri gabe. Bitartean, curriculumean landu behar diren konpententziak landu gabe jarraitzen dute.


Etorkinen integrazioaz zer gogoeta egiten duzue EHIGEtik?


Etorkinen integrazioa eskolako giroaz gain eskolaz kanpoko giroak baldintzatzen du. Eskola esparru barruan etorkinak integratzen dira, baina handik kanpo baztertuta sentitzen badira, jasotzen duten mezua “eskolan bai, baina eskolatik kanpo ez” baldin bada, integrazioa ez da sekula erabatekoa izango. Asko nabaritzen dugu hori. Kanpoan ez badago integraziorik, eskolan egiten den lana partziala izango da. Horretarako oso garrantzitsua da etorkinen integrazioan zonalde guztiko ikastetxeek parte hartzea. Auzo batzuetan etorkin kopuru handiagoa izan arren, ghettoak sortzea saihestu behar da, bestela ez baitago integraziorik. Benetako integrazioa lortu nahi badugu, eskolaz gain beste eremu batzuk ere zabaldu behar dizkiegu. Askotan esaten da gure eskola anitza dela, baina zer esan nahi dugu horrekin? Kolore askotakoak garela? Hizkuntza askotako ikasleak dauzkagula? Integrazioa hori baino askoz gehiago da. Leku batean integratzea nortasuna galdu gabe besteekin harreman bizia izatea da, joan-etorrikoa. Horregatik, inportantea da etorkinak gure kulturan integratzea, baina euren nortasuna garatzeko aukera ere eman behar zaie, talde nortasuna mantentzeko zailtasunak daudenean sortzen baitira ghettoak.
Nortasun agiria
Ana Eizagirre Zarautzen jaio zen 1949an. Hamaika neba-arrebatan nagusiena da. Gazte-gaztetatik hezkuntzarekin, sindikalgintzarekin eta mugimendu sozialekin konprometitua, irakasle izan zen urte askoan. Azken urteetan EHIGE-ko (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko) lehendakaria izan da, eta gaur egun koordinatzaile nagusia. Jubilazio ofizialaren atarian dago. Erretiroa hartu nahi omen du lanean segitzeko.
Hiru ele hiru eleko ereduaz
“Hiru ele: euskara galdu gabe. Helburua hizkuntzen markoa sortzea da. Hizkuntzen marko bat behar dugu! Hori da garrantzia duena. Oraingo aldaketarekin, beste esperientzia pilotu bat sartuta zer da lortzen duguna? Hiru eredu izan beharrean lau izatea. Argi baldin badaukagu helburua hizkuntzen markoa sortzea dela, esperientzia guztiak horra bideratuko dira, baina hori argi ez badaukagu esperientziak egiten jarraituko dugu norabide jakinik gabe. Helbururik gabe. Familiei oso ondo iruditzen zaie ahalik eta hizkuntza gehien ikastea, denok diogu bai, baina euskara galdu gabe. Elebitasunetik abiatu behar dugu eleaniztasunera”.

Azkenak
Zunda bat Eguzkitik inoizko gertuen igaro da, arrakastaz

NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Sostengua adierazi diote Marieniako lurren aldeko borrokari hogei kolektibok

Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]


Langile bat hil da Zornotzan, Forest Trafic SL enpresan

Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.


Heldu-lekua eta kortsea

Arrazoi pedagogiko edo metodologikoengatik, historialariok joera dugu iraganeko aldi historikoak zatikatzeko eta epetan banatzeko. Badira den-denok ezagutzen ditugun aro tradizionalak (Historiaurrea, Antzinaroa, Erdia Aroa, Aro Modernoa eta Garaikidea); baina baita horien... [+]


2025-01-02 | Leire Ibar
AEBetako New Orleans eta Las Vegas hirietako gertaerak “eraso terrorista” gisa ikertzen ari dira

Agintariek ez dute baztertu bi gertaerak elkarren arteko loturarik izatea. New Orleansen, kamioneta baten gisari batek jendetzaren aurka egin du hamabost hildako eta 35 zauritu eraginda. Ordu batzuk geroago, Las Vegasen, Trump International Hotelaren parean auto bat lehertu da,... [+]


Real-PSG partiduan begian zauritutako beste pertsona baten kasua berriz irekitzeko agindu du auzitegiak

Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.


2025-01-02 | Leire Ibar
Nazioarteko Pilota Federazioak Espainiako Federazioak egindako akusazioak gezurtatu ditu

Espainiako Federazioak salatu du ez zaiola parte hartzen utzi iragan asteburuko Nazioarteko Pilota Federazioaren biltzar nagusian, eta hori “bidegabekeria” dela. Biltzar hartan onartu zuten, bozketan, Euskadiko federazioa nazioartekoaren eskubide osoko kide gisa... [+]


Al-Jazeera telebistaren Zisjordaniako egoitza itxi du Palestinako Aginte Nazionalak

"Sedizioa bultzatzen duelako" hartu du Al-Jazeeraren zabalpena eta lana "aldi baterako" debekatzeko erabakia Palestinako Aginte Nazionalak. PAN "Israelekin lerrokatu izana" deitoratu du komunikabideak, argi utzirik "mehatxuen eta intimidazioen... [+]


Europako ekialdea errusiar gasik gabe utzi du Ukrainak, Gazpromekin hautsita

Gazpromekin zuen kontratua ez du berritu Volodymyr Zelenskyren gobernuak eta, asteazken goizean, Europa ekialdea hornitzeko gasaren fluxua eten du errusiar konpainiak.


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.

 


2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


Eguneraketa berriak daude