argia.eus
INPRIMATU
Yves Klein
Jakoba Errekondo 2010ko maiatzaren 26a
Jakinaren gainean izanagatik, Madeirako lorearen emanak harritu nau. Eta liluratu, lilitu. Hemen ohituta gauden lorategi eta baratzeez gain, han loreentzat edozein bazter dute eder. Nonahi bada loretik eta bertako klima gozoari esker, aparteko neurrikoak, galantak hazten dira landareak zein loreak. Uhartea izanik, landaredia bitxia da; uhartea bera sumendi bat, uretatik sortzen den mendi koniko bat denez, ipar eta hego eguraldiz erabat berezi, flora are bitxiago. Honek bertakoak harrotzen ditu, lilitzen, eta landaredia axola handiko gaitzat dute. Hemen etxearen itxurari ematen diogun garrantzia han etxe inguruko loreei ematen diote eta auzokoen arteko lore-lehia ikusgarria da.

Lorategi eta baratze botanikoak ugariak dira. Tartean “Monte Lorategi Tropikala”. Hemen zuhaitz eta zuhaitz itxurako garo itzelen artean eskultura bilduma ederra dago. Pendiz batean Yves Klein artista suitzarrari eskainitako lauki erraldoia. Urdina, noski. Yves beraren omenez “International Klein Blue” deitzen den urdinekoa. Landareekin txoratuta, Oteizarekin eta Malevitxekin batera paisaien diseinuan gehien laguntzen didan artista baso tropikalean ziplo topatzeak kilika, lehenaz gain zoratu ninduen. Bertako ardo gozoaren mozkorraren tankerakoa.

Mahatsondoa izan da Madeira izenari sona gehien eman dion landarea. XVI. mendean, dagoenerako, Europatik kolonietara bidean, han osatzen zituzten Portugalgo, Holandako... itsasontzien sotoak, bertako ardoz betetako bukoi eta pipaz. Bide luzean ardoa ez bizitzeko azukre kanaberatik (Saccharum officinarum) destilatutako alkohola eransten zitzaion. Itsasoan berriz, etengabeko dantza eta berealdiko beroaldiak. Alkohola, dantza eta beroa... zer nolako hiruko uztarria. Eta ustekabean izugarrizko ardo ona sortu zuten. Itsasontzietan ardoa ontzea garestiegi eta orain upategi beroetan, eguzkitan ontzen dute. Mokofinen ardo goxoa eta gozozaleen ardo fina.

Olatuen, behe lainoen, lanbroen, ganduen eta terralen ttanttek zipriztintzen dituzten mahatsondoak pendiz beldurgarrietan aitzurtutako terrazatan bizi dira. Mila metrotik gorako mendietatik itsasora jaisten diren zurubi sinesgaitzetan. Hantxe eserita, euskal kortsario, pirata eta kolonoak erraz ikusten dira.