argia.eus
INPRIMATU
Visca Catalunya
Joxemari Ostolaza 2010ko maiatzaren 26a
Visca el Barçarekin batera oihukatu zuten Nou Campen behin eta berriz futbola jokoa, jolasa eta zenbaitengan artea ere badela erakutsi ondoren jokalariek. Telebistaz ikusi nituen, bertan madrilzale zenbait inguruan nituela. Yaya Tourék Messik egindako golean eraikitako jokaldiaren ederraz gozatzen ari ginela heldu zen partidaren bukaera eta bertakoen pozaren lehertzea. Hamar bat minutuko tartean joan ziren jokalarien viscak eta bere horretan utzi nituen. Autoaren irratiak salatu zidan espainiarren herra. “Ez dago eskubiderik” zioten esatariek elkar berotuz. Katalanez mintzatu omen zitzaien zaleei, Kataluniatik at katalana ulertzen ez duten barçazale andanari irain eginez. Izan ere, Barça Katalunia baino gehiago da, zioten, eta jokalariek nazionalismo estu, probintziar eta txokozalez txikiagotu egin dute beren garaipena. Jeloskor eman nintzen. Guretako batzuek holako garaipen baten ondoren euskaraz hitz egingo baligute, lehertu egingo nintzateke, hain ohituak baigauzkate bereak espainieraz gozatzen. Entzun bestela Pasaban tolosar anderearen hitzak hamalaugarrena lortu eta. Ez nau berotu bereak eta orain badakit zergatik. Ni ere txokozale izaki noski, erdara pare bat ulertu arren.