argia.eus
INPRIMATU
Slavoj Zizek
Ezkerreko pentsamendu berria
  • Nor da gizon bizardun hori, begi-zuloak, edonola jantzita, imintzioka, hizketan, hizketan, hizketan, Marx, Lacan, Hegel eta Kant; Leninetik Maora, Mozartetik Laibachera, eta dadoa berriz airera. Gizon hori, Slavoj Zizek da, gaur egungo ezkerreko pentsalaririk probokatzaile, fresko eta ikonoklastenetariko bat. “Teoria kulturalaren Elvis Presley” deitu zion The Chronicle of Higher Education egunkariak. Oxford Unibertsitateko Terry Eagletonek berriz, “hainbat hamarkadatan Europan sortu den psikoanalisiaren, eta teoria kulturalaren erakusgarri itzelena” zela esan zuen. Eta Iruñeko Baluarten izango dugu ekainaren 10ean, Arkitektura eta Gizartea kongresuan.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2010ko maiatzaren 27a
Slavoj Zizek
Slavoj ZizekAndy Miah CC-By-SA
“Slavoj Zizekek sudurra behin eta berriz ukitu eta
kapitalismoaren krimenen zerrenda baino luzeagoa den
koka lerro bat sudurreratu duela pentsa lezake norbaitek.
Ideia batzuk toxikoak diren bezala
beste batzuk narkotikoak dira.
Esaterako, Slavoj Zizekek sudurra ukitu ondoren
aipaturiko hainbat. Aspaldian hiltzat emanak gehienak
eta Esloveniako hartz gorriak berpiztuak.
Michael Jacksonen bideo batean bezala
zonbiak hasi dira hilobietatik irteten.
Dantzan jarri dituen doinua
ez dator Neverlandetik, Balkanetatik baizik.

Slavoj Zizekek sudurra ukitu eta dio:
Porca Miseria!”.

Xabier Montoiaren hitzak dira, Slavoj Zizeken sudurra poematik atereak. Azkenaldian, esloveniarraren izena askoren ahotan dabil gurean; politikaz, kulturaz, gizarteaz eztabaidatzean ezinbesteko erreferentzia ari da bihurtzen. Modako pentsalaria? Beharbada. Angel Errok ez oso aspaldiko artikulu batean (Hau mundu zonbi hau, ARGIA, 2010-I-31) ironiaz ukitu zuen gaia: “Zuk ere Zizek aipatu behar duzu? Dagoeneko ez gaude inon libre”. Baina, modak moda, gauza bat argi dago: Zizeken ideiek ez dutela inor epel uzten. Gaur egungo ezkerreko pentsalarien artean nabarmenetarikoa da.

1949an Ljubljanan jaio zen, aita ekonomialaria, amak kontuak eramaten zituen Yugoslaviako estatuarena zen enpresa batean. Familia, haurra izan ondoren, hiriburutik lekutu zen; kostaldeko herri bati lotua dago Zizeken gaztaroa: Portoroz, “arrosen portua”, masa-turismoa erakartzen hasia zen 1960ko hamarkadan, eta Slavoj txikia hazten zihoan abiadura berean sortu ziren lurretik hotelak eta apartamentuak –gaur egun “betoizko portua” ere esaten diote–.

1967an, 18 urterekin, Ljubljanako Unibertsitatean hasi zen filosofia eta soziologia ikasten. Baina Slavoj Zizeken sudurra ez zen liburu artean bakarrik ibiltzekoa: 1970eko hamarkadan Yugoslavia bizitzen ari zen nolabaiteko liberalizazioak eragin handia izan zuen unibertsitario gazteengan. Zizek intelektual disidenteen arteko egingo da, Tine Hribar eta Ivo Urbancic filosofo Heideggeriarrena, besteak beste; eta aldizkari alternatiboetan artikuluak publikatzen hasiko da. Ez du, hala ere, ibilbide akademikoa bazterrean utziko: 22 urte bete dituenerako Ljubljanako Unibertsitatean ikerlari-laguntzailea da.

Zizeken bizitza, ordea, ez da ardo-eztitan horditu den pertsonarena. 1973an finitu ziren zabaltasun politikoak Eslovenian; Josip Broz Titok eta Stane Dolancek atzaparkada bakarrarekin kendu zituzten gobernutik ordura arteko lider erreformistak, eta horren eragina akademiaraino iritsi zen. “Ez-marxista” zela esanda, Zizeken tesia –Estrukturalismo frantsesaren garrantzia teoriko eta praktikoa– baztertu zuten; lana galdu zuen; eta pentsalariak, ostikoa oraindik bero, egitekorik gabe, soldaduskarako bidea hartu zuen. Filosofo alemanak itzuliz eta buruzagi komunistentzat diskurtsoak idatziz atera zituen eltzetik babak –disidente kutsua ez zen, paradoxikoki, bigarren lan horretarako oztopo izan–. Gainera, Jacques Lacan psikoanalistaren teorietan lanean hasi zen, besteak beste Mladen Dolarrekin eta Renata Saleclekin –Zizeken bigarren emaztea– batera. Problem! agerkarian azalduko dira garai horretako Zizeken testuak: existitzen ez diren liburuen kritikak, baita berak idatzitako obren aurkako artikulu gupidagabeak ere.

1979raino luzatuko da basamortuko zeharkaldia, Esloveniako Zentro Marxistan administrazio-lanpostu bat eskuratuko duen arte. Ljubljanako Unibertsitatera ere itzuliko da, Soziologia Institutura, Urbancicen ikerketetan laguntzaile. Eta 1980ko hamarraldian sartuta, Zizek mundu guztiaren ahotan egoten hasiko da bere herrialdean. Mladina gazte kazetan artikulu kritikoak idatziko ditu Titoren erregimenaren kontra –herrialdearen militarizazioa salatuko du, bereziki–, eta gizarte zibileko mugimenduetan parte hartuko du. Engaiatze politiko horren emaitza 1990eko hauteskundeetan etorriko da, Esloveniako Errepublikako Presidente izateko hautagai bihurtuko denean.

Marx tamagotchiekin jolasean Asterionen etxean

Ez zituen hauteskundeak irabazi. Eta, edonola, hautagaitza aurkeztu zuenerako nazioartean bestelako arrazoiengatik bazen ezaguna. 1989an argitaratu zen The Sublime Object of Ideology (Ideologiaren Objektu Sublimea) liburua ingelesez. Egileak berak sarreran aitatzen zuenez, hiru helburu nagusiko obra zen: Lacanen psikoanalisiaren funtsezko kontzeptuak ulertzen laguntzea, haren lana esparru post-estrukturalistan kokatzen zutenen kontra (“Lacanen teoria, beharbada, Ilustrazioaren gaur egungo bertsio erradikalena da”); Hegelen dialektika berrirakurtzea Lacan oinarri hartuta; eta ideologiaren teoriari ekarria egitea, hainbat gai klasiko –“merkantziaren fetitxismoa” bezalako kontzeptu marxistak kasu– bestelako betaurrekoekin ikusten lagunduz, bide batez kontzeptu lacaniar batzuk ideologiaren teoriara hurbilduz –“point de capiton” delakoa, objektu sublimea...–.

Horrela irakurrita, batek pentsa dezake liburuak “zaila” behar duela izan, ulertezina aipatutako pentsalariez eta korronteez oinarrizko formazioa eduki ezean. Zizekek, ordea, beti asmatzen du menua espezia egokiekin nahasten, platera mokofinentzako bakarrik izan ez dadin. Liburu horretan, goi mailako eztabaidak mahai gainean jartzeko, ez zuen problemarik izan txisteak (1), pop kulturako erreferentziak eta nobela ezagunen berrirakurketa ideologikoak –Umberto Ecoren Il nome della rosa kasu– sartzeko. Estilo horretan sakondu du geroztik, eta ez da arraroa haren liburuetan Michael Jackson, tamagotchiak edota Matrix filma agertzea, landu nahi dituen teoriak azaltzeko adibide gisa. Zizekek puskatu egiten du hizkera teorikoaren eta eguneroko bizitzaren arteko muga, metahizkuntza berri bat sortuz. Eta horregatik, ez ditu ohiko saiakerak idazten. Ernesto Laclauk The Sublime Object of Ideology liburuari egindako hitzaurrean ongi nabarmendu zuen hori: “Zalantzarik gabe, hau ez da liburu bat zentzu klasikoan; erran nahi baita, egitura sistematiko bat; aurretik pentsatutako plan bat garatuz egindako arrazoiketa. Ez da saiakera bilduma ere, non saio bakoitzak produktu bukatu bat osatzen duen (...) Interbentzio teoriko sorta da, batzuek besteak argitzen dituzte, ez arrazoiketa baten progresioaren baitan, testuinguru diskurtsibo diferenteetan argudio bera errepikatuz baizik”. Jarrera konstantea da haren bibliografian: hartzen duzu Zizeken liburu bat, eta tituluak gai bat iradokitzen duen arren, Jorge Luis Borgesen Asterionen etxea bezalakoa da obra; ateak infinituak dira; kontzeptuz, erreferentziaz eta ideiaz beterik daude korridoreak.

Ideologia eta arrazoi zinikoa

Idazkera horrek badu, ordea, bere ifrentzua: zaila egiten da Zizeken corpus teorikoa nondik nora doan zehaztea; gai beraren inguruan iritzi arras diferenteak eman izan ditu, baita horregatik kritikak jaso ere. Esloveniarrak arrazoi horiei aurre egiteko dio, ez dela filosofoaren lana Beste Nagusiaren modura jardutea, guri mundua nolakoa den esanez; filosofoak geure aurreiritzi ideologikoei desafio egin behar diela.

Eta zeregin horretan dihardu. Berbarako, lehen aipaturiko 1989ko liburua martxan jartzeko Zizekek Karl Marxen lana berrirakurtzera gonbidatzen gaitu. Alemaniarraren “ideologia” kontzeptuaz bestelako ikuspegia garatzen laguntzen dute lehen orriek. Marxek ideologia formulatzeko “beraiek ez dakite, baina egiten dute” esaldia erabili zuen. Beraz, pertsonei ideia faltsuak sinestaraztea zen ideologia, Kapitalaren egilearentzat. Definizio horretatik abiatuta, ideologia kritikatzeko aski da herritarrei erakustea ideia faltsu horien atzean ezkutatzen den egia. Baina Zizekek dioenez, kontzeptua aski kritikagarria da gaur egun. Batetik, ideia faltsuen atzean “egia” teoriko bat aurresuposatzen duelako; bestetik, egungo bizimodu soziopolitikoa ulertzeko garrantzi gutxiko tresna delako –merkatuak, burokrazia pribatu eta publikoek bigarren planoan utzi dute–; azkenik, egungo subjektuek afera politikoekin jarrera zinikoa hartzen dutelako. Peter Sloterdijken Kritik der zynischen Vernunft (Arrazoi Zinikoari Kritika) liburuan oinarrituta, Zizekek azaltzen du zinikoak baduela maskara ideologikoaren eta errealitatearen arteko distantziaren berri, baina hala ere, maskara aukeratzen duela. Eta horregatik, Michael Moorek Bowling for Columbine egin arren, AEBetako herritarrak ez dira masan mobilizatzen arma-industriaren kontra; injustizia gordinena ere irensten du egungo subjektu zinikoak, hanburgesa jaten ari denaren lasaitasun beraz. Marxen hitzak berridazteko ordua da: “Beraiek ederki dakite zer egiten duten, baina hala ere, egin egiten dute”. Eta hori kontuan izanda, ideologia modu tradizionalean kritikatzea denbora galtzea da. Mundu post-ideologikoan gaude, akaso?

“Adorno ere iritsi zen ondorio horretara, ondorengo premisatik abiatuta: ideologia ez dela, zorrotz hitz eginda, egia eskatzen duen sistema bat besterik, hau da, ez dela gezur huts bat, egia balitz bezala bizitzen den gezurra baizik, serio hartua izan nahi duen gezurra. Ideologia totalitarioak jada ez dauka asmo hori. Ez du serio hartua izan nahi (...) Haren nagusitasuna ziurtatuta dago, ez egiaren balioagatik, ezpada indarkeria estraideologikoatik eta irabazi promesengatik” (2).

Ez, Zizekek ez du uste post-ideologian bizi garenik. Arrazoi zinikoaren garroak ez dira iritsi oraindik fantasia ideologikoaren esparrura; eta ideologiak fantasia horixe erabiltzen du errealitate soziala egituratzeko. Beraz, zer edo zer egin daiteke; horretarako, ordea, ideologiaren bestelako nozioa behar da: gaur egungo ideologiak Besteari (3) leporatzen baitzaizkio. Arrazoi ideologikoak sinetsi ditzaten, herritarrek “egia ez-ideologikoak” direla pentsatu behar dute; politikarekin “zikindu” behar ez diren gauza sakratuak. Horiexek dira “ideologiaren objektu sublimeak”, erregimen politikoaren hitz nagusiak –Jainkoa, Erregea, Segurtasun Nazionala...–. Horien izenean subjektu ideologizatuek puska ditzakete arau moral arruntak, baita bizia eman ere. Eta gainera, ez dira gai izango azaltzeko zergatik diren objektu horiek sakratu, ez baitago funtsezko arrazoirik objektu bat, izan Jainkoa, Erregea edo Segurtasun Nazionala, sublimearen mailara igotzeko –izaera sublimeak, zerbait ezkutatzekotan, ezereza ezkutzatzen du–. Ezintasun hori, ordea, ideologiaren hanka herrena izan ordez, sustrairik indartsuena da. Objektu sublimea tautologikoa denez –“Jainkoaren hitza, Jainkoaren hitza da”– sujektu ideologizatuari aukera ematen dio mundua ikusteko modu batera non, ezin esplikatu hori den frogarik argiena erakusteko Jainkoa, Erregea edo Segurtasun Nazionala zein garrantzitsuak diren.

Jouissance”-a eragile politiko modura

Filosofo esloveniarraren beste aspektu interesgarrietako bat Lacanen “jouissance” kontzeptua teoria politikoan erabiltzeko duen modua da. Lacanen baitan “jouissance”-a plazera da, gozamen sexuala, publikoki hitz egin daitekeenaren mugan dagoen atsegin transgresiboa. Bada, Zizeken aburuz, zibilizazioak eskatzen du gozamen horren sakrifizio fundazional bat –kastrazioa– lege soziopolitikoaren izenean. Legeak, ordea, Zizeken liburuetan, beti daude pitzatuta edo, gutxienez, zentzu bikoitza dute. Eta horregatik dio, eraginkorra izateko edozein erregimen politikok lege esplizituak, agerikoak, edukitzeaz gain, alde ilunago bat ere izan behar duela; idatzi gabeko arauak, “jouissance”-a erreprimitu ordez pertsonak inplikatuko dituztenak, erruz beteriko gozamenean.

Ideia hori hobeto azaltzeko interesgarria da adibide zehatzetara jotzea. Har dezagun AEBetako Yale unibertsitatea. Munduko akademia prestigiotsuenetakoa da, oso elitista kideak aukeratzerako orduan (han ikasi gura dutenetatik %10 baino gutxiago onartzen dituzte), eta handik ateratzen dira herrialdea, mundua gobernatuko duten pertsonetako asko. Oinarri horiekin, pentsatzekoa denez, lege eta ohitura kontserbadoreko instituzioa da. Horregatik, zaila egiten da “jouissance” kontzeptua ezagutu gabe zera ulertzea: 1823tik Yalen bertan badagoela elkarte sekretu bat, Skull&Bones, eta elkarteko kide izateko iniziazio-erritoak manera kristau-protestanteen antitesia direla. Robert De Niroren The Good Shepherd (Artzain Ona) filmean azaltzen dira errito horietako batzuk, Matt Damonen pertsonaiak, elkartean sartzeko beste gazte batekin biluzik borrokatzen duenean, elkarteko kideek pixa egiten dieten bitartean.

Adibidea gizarteko esparru askotara estrapolatu daiteke. Klixe batzuk aipatzearren: apaiz pedofiloak; egunez banketxe batean lan egiten duen gizon errespetagarria, gauez sado-masokismoa praktikatzen duena; gerruntze gorria jantzita larrua jotzen duen egunkariko zuzendaria... Kanporako diskurtso bat dago, gozamena erreprimitzen duena arauaren mesedetan; barrurako beste bat, plazer lohienak ahalbidetzen dituena; eta biak dira ezinbestekoak komunitatearen kohesiorako.

Lege berriak noizbait erditu

Beraz, Zizekek azaltzen duenez edozein legek biltzen du legea hausteko aukera ere. Sistema politiko-ideologikoek ezin dute saihestu kontraesan horretan erortzea, eta ez dute egiten. Gainera, ez da ahaztu behar lege berri bat sortzeko ekintza legez kanpokoa dela (4). Horren ondorioz, fantasia beharrezkoa da ekintza hori berriz kontatzeko, narratibizatzeko, historikoki legezko ekintza bihurtuz –Espainiako post-frankismoaz hedabide nagusietan egiten diren berrirakurketek eman dezakete adibide sorta ederra ideia hau ilustratzeko–. Hala ere, edozein erregimen politiko saiatzen bada bere sorrera azaltzen mito politiko batekin, eta saiatze horretan ukatzen badu sorrerako oinarrizko, legez kanpoko biolentzia, erregimen hori gezurretan ari da Zizeken aburuz.

Nola ezagutu ordea sorrerako indarkeria hori? Zein da bidea erregimen politikoak biluzteko? Zizeken lan teorikoaren zati handi batek galdera horietara bideratzen du, haren ustez aldaketa politikoa desiragarria baita. Esloveniarrak galderei ematen dien erantzuna “fantasia zeharkatzea” da. Maiz hitz egiten du kontzeptu horretaz, baita “Ekintzaz” (E larriarekin) ere. Eguneroko ekintzak ez dira gai baldintza soziopolitikoak aldatzeko; “Ekintza”-k aldiz, “Erreala (5) ukitzen du”, eskua sartzen du erregimenak politikoki erreprimitu eta publikoki aitortu ezin duen horretan eta, hori eginez, sistema politikoa arriskuan jartzen du.

Kultur-aniztasuna eta euskaldunak

Kontzeptu horiek abiapuntu, baita hemen garatzerik ez dugun beste zenbait ere, Zizeken azken urteetako lana gai zehatzagoetara hurbildu da. Irakeko inbasioa, kultur-aniztasuna, tolerantzia, arrazakeria, giza-eskubideak, globalizazioa, iraultza... ikuspuntu probokatzailez landu ditu, mundu osoko irakurleak kordokan jarriz. Haren liburu eta artikuluen tituluei begiratzea besterik ez dago: A Plea for Leninist Intolerance (Intolerantzia leninista erreguka), Everything You Always Wanted to Know About Lacan... But Were Afraid to Ask Hitchcock (Lacani buruz beti jakin nahi izan duzuna... baina Hitchcocki galdetzen ausartu ez zinena), Iraq: The Borrowed Kettle (Irak: maileguan hartutako lapikoa), Neighbors and Other Monsters (Bizilagunak eta beste munstroak)...

Horietatik zipriztinen bat bakarrik har dezakegu. Kultur-aniztasun  postmodernoari buruz esandakoei helduko diegu, Euskal Herriko testuingurutik eztabaida interesgarrietarako parada eskaintzen duelako:

“Erraza da subjektu migrante postmodernoaren izaera hibridoa txalotzea, sustrai etnikorik gabe eremu kultural anitzetan barrena dabilena. Zoritxarrez, bi plano politiko-sozial erabat diferente nahasten dira: batetik, unibertsitateko lizentziatu kosmopolita (...) bestetik, langile pobre (im)migrantea, bere herritik egotzia pobreziaren edo biolentziaren erruz” (6).

Langile pobrearentzat hain traumatikoa den esperientzia migrantea ospatzea oso ariketa zinikoa da, Zizeken ustez. Eta, ez al gara euskaldunok askotxo erortzen ari horretan azkenaldian? Gure musikari batzuek nomadatzat jotzen dute beren burua; oporretan “Euskaldunak munduan eta Ikurriña eskuan” ibiltzeko eskatzen du elkarte abertzale batek; boladan dago euskal berezitasuna munduan zabaltzea, gastronomiaren bidez, kirolaren bidez, literaturaren, dantzaren, festaren bidez. Zizekek dio horiek jarrera “tolerante kultur-anitzak” direla, funtsezko galdera, (“nola berrasmatu espazio politikoa gaur egungo globalizazio baldintzetan?”) saihesten duten portaerak.

Torlojuak apur bat gehiago estutuz, Euskal Herriko “elkarbizitza arazo”-raino iritsi gintezke esloveniarraren eskutik. Ion Jimenezek eta Andoni Olariagak iritzien atalean sakonago landuko duten arren, merezi du Zizekek Violence (Biolentzia) liburuan jartzen duen itaunari luparekin begiratzea: “Gaur egungo hainbeste arazo zergatik sumatzen dira intolerantzia arazo balira bezala, eta ez esplotazio edo bidegabekeria gisa? Zergatik da proposatzen den erremedioa tolerantzia, eta ez emantzipazioa, borroka politikoa, baita borroka armatua ere?”.

Zalantzarik gabe, eztabaidatzeko moduan aurkezten ditu gaiak Zizekek. Eta haren eragina euskal pentsalarien lanetan ere agertzen hasi da. Imanol Galfarsororen Subordinazioaren kontra (Pamiela, 2009) saiakeran edo Joseba Zulaikaren ETAren hautsan (Alberdania, 2006) esloveniarraren pentsamendua han-hemenka azaltzen da, tesi arras diferenteak defendatzeko. Ez dira, ziur, azkenak izango Ljubljanako hartz gorriaren argudioak erabiltzen.

----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- -----

1. Honakoa, adibidez: “Arte erakusketa Moskun. Koadro batean Nadeshka Krupskaya azaltzen da, Leninen emaztea, Komsomol-eko kide gazte batekin ohean. Koadroaren titulua da Lenin Varsovian. Bisitari batek, harrituta, gidariari galdetzen dio: ‘Baina, non dago Lenin?’. Gidariak, lasai, duin, erantzuten du: ‘Lenin Varsovian dago”.
2. Zizek, Slavoj (1989): The Sublime Object of Ideology, London: Verso.
3. Bestea, B larriz, kontzeptu lacaniarra da hemen: psikoanalista frantsesak termino hori erabili zuen “bestetasun erradikala” izendatzeko. Bestea subjektua da, eta era berean, subjektu horrekiko harremana baldintzatzen duen ordena sinbolikoa.
4. Bertold Brechten esaldi bat aitatzen du Zizekek hori azaltzeko: “Zer da banku bat lapurtzea, banku bat sortzearekin alderatuz gero?”.
5. “Erreala” ere kontzeptu lacaniarra da: sinbolizatu ezin dena adierazten du; iritsi ezinezko nukleo traumatiko bat.
6.  Slavoj Zizek (2009): En defensa de la intolerancia, Madrid. Sequitur
"Zizek eta tentsio etnikoak" (Markos Zapiain)
Nondik nora bultzatu zuen Slavoj Zizekek Arnaldo Otegi eta Alfonso Sastreren Iniziatiba Internazionalistaren aliatu Izquierda Internacionalista, Europako azken hauteskundeetan?

Zizeken iritziz, borroka askatzaileen artean komunismoaren aldekoari eman behar zaio lehentasuna, kapitalismoaren eta demokrazia liberalaren aurkakoari, multikulturalismoaren, feminismoaren eta giza eskubideen aldekoen gainetik. Gurean orain dela zenbait urte esango genuen klase borrokak nazio borrokaren gainetik behar lukeela. Multikulturalismo postmodernoa globalizazio kapitalistaren osagarritzat du Zizekek. Ez da egia hanburgerrak eta Coca-Cola etengabe irenstera behartzen gaituela. Globalizazioaren funtsa hobeki azaltzen du New Yorken bezala Parisen ere aurki ditzakezun afganistandar eta euskal jatetxe mordoak. Globalizazioak primeran kudeatzen du kultura diferentzia, aitzakiatzat baitarabil benetako gatazka geroratzeko, alegia, kapitalismoak eragiten duen milioika lagunen bazterketa eta heriotza.

Alta, politika ekonomikoa irauli eta arrazionalizatzeko bidean globalizazioa berez ez da txarra, aldaketa sakonak erraz baititzake. Globalizazioak Espainia, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua bezalako estatuei erasango die; nazio estatu orain arte larderiatsu horiek Esloveniaren edota Estoniaren pare utziko ditu, eta horregatik dabiltza hain uzkur aspaldion, globalizazioaren aurrean trikuarena egiten (testuinguru honetan, beti bezain martinbero dabil frantses aunitz: euskaldunari elkartasuna eskatzera ausartu dira ingelesaren inperialismoari era eragingarrian aurre egiteko, hots, euskara ahantzirik eta frantsesez mintzo).
Esloveniarra da Zizek. Inguruko herrietako zurrumurruen arabera, berekoia eta bekaiztia da esloveniarra. Behin batean, maitagarri batek baserritar esloveniar tipiko bati esan omen zion eskatzeko nahi zuena, ase egingo zuela; hori bai, auzoko baserritarrari aurrenekoari halako bi egingo zion, mesede berdina baina bikoiztuta. Orduan aurrenekoak maitagarriari: “Ken iezadazu begi bat”.
Montenegro maiz astintzen dute lurrikarek, eta, esloveniarren esanetan, alfer galantak dira montenegroarrak; hainbeste non mutilak, masturbatzeko, lurrean zulotxo bat egin, zakila bertan sartu eta hurrengo lurrikararen zain gelditzen baitira.

Titoren garaian Jugoslavia barruko herri desberdinek barra-barra zerabiltzaten auzokoen aurka arrazakeriazko txiste gaizto eta lizunak. Zizekek ez du gutxiesten umore populista kutre hori. Tentsio etnikoak puztu egiten ditu autokontrol politikoki zuzenak eta aldiz bideratu eta baretu txiste gordinak eta esamesa maleziatsuak. Etnia desberdinen artean ezinbestean pizten diren tira-birak maltzurkeria horiek maiz kontatuta bilakatzen dira eramangarri. Itxura erasokorraren despit, gainera, normalean ez dira erabiltzen auzokoa benetan iraintzeko, baizik etor litekeen adiskidetasunaren oinarri eta akuilu gisa. Elkarbizitza helburu, halatan, kontua ez da txiste horien arrazakeria dela-eta sumintzea, baizik ironiaz zure gain hartzea txisteak adierazten duen klixea. Balkanetako gerra piztu bezain laster txisteak desagertu ziren.

1991n, Esloveniak, ordu arte Jugoslavian kokatua, serbiar gehiengoaren pean, independentzia aldarrikatu eta Jugoslaviatik alde egin zuen. Tariq Ali-k eta beste analista ezkertiar batzuek egoismoa leporatu zioten Esloveniari.

Lehentxeago, 1990ean, Habermasek esan zuen Eslovenia edo Kroazia bezalako errepublika “separatistek” (komatxo artean beti Zizekenean separatistak, euskaldun zein balkandar) ez zutela aski mami demokratiko estatu moderno subirano gisa irauteko. Topiko horren arabera, Jugoslaviako etnia guztien artean serbiarrena zen bere estatu propioa egikaritzeko gai zen bakarra.
Gero, 90eko hamarraldian aurrera, are Milosevicen kritikari demokratek ere, serbiar nazionalismoa arbuiatzen zutenek, ustekizun horren berorren arabera jokatu zuten, alegia, Jugoslaviako errepublika ohi guztien artean Serbiak baizik ez zuela aski ganora demokratiko: Milosevic eraitsi ostean, Serbia independentea loratu eta estatu moderno bilakatuko zen; gainerako errepublika ohiak probintziakoegiak ei ziren beren estatu demokratiko bereiziei eutsi ahal izateko.

Zizekek dioenez, uste ustel horren azpian ezkertiarren artean bolo-bolo dabiltzan aurreiritzi eta dogma arriskutsuak ezkutatzen dira: nazio txikiek ezin dutela benetako demokrazia moderno legez funtzionatu, eta, beren kabuz ibiltzen utziz gero, ezinbestean itzultzen direla komunitate itxi protofaxista izatera.

Ideia hauetan Zizekek Friedrich Engelsen ohar ospetsu baten oihartzuna ikusten du: nazio txikiak erreakzionarioak dira politikan, beren existentzia bera erreakzio hutsa baita, iraganeko hondakina. Aurreiritzi horiek “arrazakeria bihurkaritzat” jotzen ditu Zizekek: bere burua moderno eta aurrerakoi ikusi ahal izateko bestea arrazista eta intolerantetzat jo beharra duen arrazakeria mota.
Zizekek Habermasi abertzaletasun konstituzionalaren kontzeptua asmatu izana egotzi dio, besteak beste. Ekarpen hori dela-eta, Aznarrek Habermas Espainiako filosofo ofizial izendatzea proposatu zuen. Hitzaldia egin zuen Madrilgo Parlamentuan eta Asturiasko Printzea saria eman zioten.

Zizekek dio: “Ez gaitu harritzen euskaldun ‘separatistek’ mesfidantzaz erreakzionatu izana, Habermasi ‘alemaniar nazionalista’ izengoitia jartzera heldu baitziren, aspaldiko argumentu ‘leninista’ berreskuratuz, hots, tentsio etnikoa bizi duen Estatu batean, identitate etnikoaren aurreko jarrera indiferenteak, itxuraz ‘neutroak’, estatuko kide guztiak hiritar abstraktu huts izatera mugatzeak, talde etniko ugarienari egiten diola praktikan mesede”.

Zentzu horretan, goitik behera egiten du bat Zizekek euskaldun separatistekin. Eta separatista hitza beti komatxo artean kokatuz apika aditzera eman nahi luke “separatista” izenak dirauen bitartean irudi lukeela bereizten den herriak lotura ikusgaitzak gorde behar dituela herri ordu arte menperatzailearekin; eta Zizekek ez lioke etnia agintari ohiari zentraltasun semantikoak adierazten ohi duen nagusitasun enpirikoa aitortu nahi. Independizatzen den herria ugazabarengandik bereizten bada ere, azpimarragarriagoa da bere baitara datorrela bizitzera, hein batean noski.

Estatu nazio handiek herri txikiak biktima gisa baino ez dituzte maite izaten, errukigintzaren sustatzaile: lagun diezaiegun koitaduei bizirik irauten, baina beti ere gure gidaritzapean, beren kabuz ezingo dute asmatu; edo bestela apaingarri folkloriko gisa, beren dantza eta hizkuntza zahar liluragarri eta ama-lurrari loturiko jakinduria holografikoarengatik. Ordea, ekimen politikoa beren gain hartu nahi dutenean berehala laidotzen dituzte: egoista, terrorista. Haatik, ekimen politikoa bere gain hartzea, horixe izaki Zizekentzat herri txikiaren aurreneko betebehar etikoa.

Zizek ez da nazionalista; hain zuzen, Esloveniako politikan engaiatu zen Titoren osteko aroan hango botere osoa gera ez zedin nazionalisten esku. Hala ere, bere kabuz pentsatzen duen marxista kritikoa den neurrian, gogor kritikatu die mendebaldeko hainbat ezkertiarri, Kosovoko ezkerrari aurpegiratu izana independentzia lortzeko lanetan bere bihotz kolektibista traizionatu eta AEBen esku jartzea; Esloveniaren eta Kosovoren independentziaren alde egon da Zizek. Edozein gisaz, Slavojen aholkua: behin independentzia erdietsirik, euskaldunok gehiengoa izatean, ez dugu Euskal Herriko gutxiengo espainola erabili behar haiek gu erabili gaituzten bezala. Aintzat hartuko dugu, lagun: ez zaigu nekeza egingo gizabidetsu eta zibilizatuagoki jokatzea. 

* Markos Zapiain filosofo eta idazlea da.
"Zizeken subjektu histerikoa" (Joseba Zulaika)
Gogoratzen naiz nola erantzun zidan Zizekek Renoko unibertsitatean. Hitzaldiaren aurkezpenean, egoera horietan ohi den bezala, gogoz goraipatu nuen “Lilublianako jigantea”. Bere erantzuna? “Horri kastrazio sinbolikoa deitzen zaio”. Gero sarritan ikusi izan dut hasierako goraipamenei berdin erantzuten diela: “honek aipatu duen Autore handi hori ez dut inolaz ere nire buruan errekonozitzen”.

Zizeken pentsamenduan sartzeko gai ugari har genitzake, baina “kastrazio sinbolikoa” beste edozein bezain aproposa da eta gaur egungo pentsamendu psikoanalitikoan guztiz nagusia. Zizeken erantzunak galdera hau dakar: Zer gehiago sinetsi, ordena sinbolikoaren maskara ala maskara daraman indibiduoaren benetako errealitatea? Geu ez garen zerbait maskaratu hori eraman behar dugunean, Beste Nagusi horren izenean jokatu behar dugunean, ez gara geu benetan, Beste norbaiten ordezkoak baizik. Ni neu gizajoa izango naiz, baina nire semearen aurrean aita ahalguztidun baten papera egin behar badut, aita hori ez da ni benetakoa, aita hori Beste Nagusi bat da. Ordezkatze horren ordaina da “kastrazio sinbolikoa”: neu naizena ukatuz gero izan naiteke ordezkari altu hori (semearen edo gizartearen edo aberriaren edo jakitearen izenean) psikoanalisi lacaniarraren erdi-erdian dago nozio konplexu hau. Faloaren errepresentazioarekin zuzenean loturik dago, jakina: faloa ez gizatasunaren ugaltze organo bezala, maskara bezala baizik; ikur bezala, eta azkenean, kastrazioaren seinale bezala. Naizenaren eta errepresentatzen dudanaren arteko zulo hori, ebaki hori, hutsune hori da kastrazioa. Faloaren maskara da azkenean nire boterearen eta inpotentziaren seinale.

Jenny Holzer-ek badu tira famatu hura: “Babes nazazu desio dudanetik”. Impasse histerikoaren esaldia da, Zizekek azaltzen duen eran: “Histeria gertatzen da subjektu batek bere nortasun sinbolikoa arazotan jartzen duenean edo harekin desegoki sentitzen hasten denean”1. Athletic-eko jokalariak, lau eta bat Valentzian galdu ondoren, Bilbon “txapeldun” bezala jendetzak onartzean, “baina zer egin dugu, galtzeaz aparte?” dionean, impasse histerikoa sentitzen ari da. Edo bertsolari txapeldunak hurrengo txapelketan galtzea nahiago duenean, bere txapeldun pertsona sinbolikoarekin hain gustura ez dagoelako, batera joan behar duenean irabaztera eta galtzera, histerizatua dago jada. Euskaldunok impasse histerikoan oso harrapatuak gaudela esan genezake: euskaldun izateak exijitzen diguna (euskarak, kulturak, salbuespen guztiek), gure berezitasunek, sinbolikoki hain nortasun aparta lantzera behar gaitzakete; hainbesteraino piztu dezakete gure desioa, pisu izatera irits daitezkeela, normaltasun gehiago nahi izateraino, txapel handiegia ez ote den anbibalentzia histerikoa sentitzeraino. Agian Jenny Holzer-ek Bilboko Guggenheimeko tiran, daukanaren ordez beste honako hau jarri behar zuen: “Babes gaitzazu Euskal Herritik”.

Lacanengandik jasotako esaldi bitxi ugarien inguruan Zizekek liburu osoak idatzi ditu. Esaldi hauetako zenbait: “Ez dago Beste Nagusirik”; “Ez dago harreman sexualik”; “Jainkoa hilda dago, baina Berak ez daki”; “Goza ezazu zure sintoma!” Azaleko txiste, zine eta beste erreferentzia ezagunekin batera, moderniako pentsamendu filosofikoa sustraitik ezagutzen du gure autoreak. Lacan, Hegel eta kultura herrikoi amerikanoa uztartuz, obra emankor eta probokatiboa osatu du. Badiou eta Zizek biak altxatu dira gaurko pentsamenduan filosofo eta antifilosofo aitzindariak, borroka berdinean gaurko pentsamendu posmoderno eta humanistaren aurka, baina euren artean diferentzia nabariekin.

Zizeken pentsamenduaren berezitasuna atxikitzekotan, oinarrizkoa da lehenik argitzea zein nozio duen subjektuaz. Badiouren subjektuarekin, adibidez, desberdintasun nabariak ditu. Zizeken subjektua funtsean, behin eta berriro aipatzen duen bezala, lacaniarra da. Hau da, unibertsala eta partikularraren arteko hutsune ontologikoa besterik ez da, bien artean erabaki ezinekoa, eta egoera horretatik ezin da zuzenki Egia bezalako zerbait atera. Ontologikoki erabat osagabeko errealitateak subjektuaren laguntza kontinjentea behar du nolabaiteko konsistentzia lortzeko. Baina, erantsiko du Zizekek, “hemen, hala ere, baztertu beharreko arrisku handia subjektua ekintza bezala ulertzea da, keinu bezala, geroago hutsune ontologiko hori betetzeko parte hartzen duena, eta behin eta berriro esan beharrekoa subjektibotasunaren etengabeko kate menderaezina da [….] ‘Subjektibotasuna’ zirkularitate menderaezin horren izena da, ez kanpoko indar baten erresistentzia borrokatzen duen botere bat, erabat berezkoa duen barne-oztopoa baizik, azkenik subjektua bera horixe besterik ez ‘da’” 2. Inkontzientean oinarriturik dagoen subjektu hau, “bere ezintasunarekin bat da; ez ‘da’ ezer bere errepresentazioen porrotak irekitzen duen hutsa besterik” 3.

Badiourentzat, aldiz, subjektu bilakatzea gertakizun berezi baten ondorioa da, non hizkuntzak ez duen zeregin pribilejiozkorik. Subjektuaren ezintasuna egoera baten barnetik duen ezagutu ezina da funtsean. “Subjektuaren kausa bat identifikatu behar bagenu, itzuli beharko genuke, ez egiara batik bat, bere zeregina duena; ezta ere infinitura, zeinaren muga baita; gertakizunera baizik. Ondorioz, hutsa ez da jadanik subjektuaren itzaltzea; izatearen aldetik dago, izatea halakoa baita bere herratzea egoeran gertakizunak iragartzen baitu, interbentzio bitartez”4. Egiaren historiarekin lotzen du Badiouk subjektua, honek egia behartu egiten du bere erabakiaren bitartez.

Subjektibotasuna eta unibertsaltasuna zehazki korrelatiboak dira bi pentsalarientzat. “’Unibertsal’ bihurtzen naiz nire egoerako partikularitatetik desengaiatzeko egiten dudan ahalegin biolentoaren bitartez” 5. Baina Zizekek ikuspegi askozaz pesimistagoa du gizakiaz. Badiouk subjektuaren interbentzioan sinesten du, benetako gertakizun batek harrapa lezakeela subjektua eta egoera bateko koordenadak aldatu. Zizeken ikuspegia beltzagoa da, azkenik pentsamenduaren zeregina errealaren errekonozimendu eta kritika besterik ez izanik, onenean harreman terapeutiko bat beste gabe gertatuz 6.

Euskal errealitatea aztertzeko guztiz lagungarri aurkitzen dut nik Zizeken obra. “Ez dago Beste Nagusirik”, edo “Emakumea ez da existitzen”, edo “Gozatu zeure nazioa zeu bazina bezala”, edo “Kolpatu zaituen ezpatak sendatuko du zauria”, eta antzekoak, ezin esanguratsuagoak gertatzen dira euskaldunontzat. Gure desio politikoari, adibidez, nahitaez Beste Nagusietan mugiezinki finkatua dagoenari, Zizekek zuzenki proposatuko liokeena hauxe da: “Babes gaitzazu gure desiotik”. Irakurketa bikoitza egin daiteke esaldi horretaz7: alde batetik, “babes gaitzazu kontrola ezin ditugun gehiegikeria auto-suntzitzaileetatik”; baina harago joanaz, gizarte patriarkal batean, adibidez, emakumearen desioa bera hain egon daiteke alienatua, bere benetako desiotzat daukana ere desio inposatua izateraino, eta orduan benetako liberazioa desioaren autonomia bera litzateke. Zizekek Lacanengandik eta Hegelengandik ikasi duen lezio mikatza horixe baita: azken batean desioak berak oztopatzen eta saboteatzen duela bere auto-liberazioa.

* Joseba Zulaika, antropologoa eta idazlea. Renoko (AEB) Unibertsitateko irakaslea

----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- ----- -----

1. Slavoj Zizek, How to Read Lacan (New York: W.W.Norton, 2006), 35.
2. Slavoj Zizek, The Ticklish Subject: The Absent Centre of Political Ontology (London: Verso, 1999), 158-159.
3. Slavoj Zizek, The Sublime Object of Ideology (London: Verso, 1989), 208.
4. Alain Badiou, Being and Event (London: Continuum, 2005), 433.
5. Slavoj Zizek, The Plague of Fantasies (London: Verso, 1997), 222.
6. Ikus Peter Hallward, Badiou, a Subject to Truth (Minnesota: University of Minnesota Press, 2003), 150-151.
7. Zizek, How to Read Lacan, 38-39.
"Zizek eta biolentzia" (Jon Jimenez eta Andoni Olariaga)
Zizek, desobedientzia zibila eta biolentzia izango ditugu hizpide artikulu honetan. Planteatuko ditugun galderak hauek dira: Zer da biolentzia politikoa? Zein biolentzia politiko da zilegi eta zein ez? Zein da biolentzia politikoaren helburua? Zein da boterearen kontra erabil daitekeen biolentziarik efikazena? Desobedientzia zibila biolentoa al da? Abstentzio politikoa eraginkorra izan al daiteke? Galdera horiek ardatz hartu eta, Zizek bidelagun dugula, horiek nolabait erantzuten edo behintzat birplanteatzen eta argitzen saiatuko gara.

Zizekek diosku, bortxarik biolentoena sistemak erabiltzen duena dela, zeren “biolentzia hau jada ezin egotz dakieke norbanako konkretuei eta euren asmo ‘maltzurrei’, baizik eta erabat ‘objektiboa’, sistemikoa, anonimoa da” (Zizek, 2008). Ezkutukoa den heinean, indarkeria mamu bat bezala txertatua dago gizakiaren erlazio-sistema guztietan, hau da, hizkuntzan, gizarte antolaeran, lan–munduan eta abarrean. Ikusezin. Beraz, biolentzia guztia dela esaten du nolabait Zizekek. Hau da, giza harremanetan ez dago biolentoa ez den harremanik. Horrela, ekintza politiko armatu bat, mobbinga bezain biolentoa izan daiteke, testuinguruaren arabera. Baina sistemak giza eskubideen talaia metafisikotik ukatzen du hori, Zizekek dioskun bezala: “Hau da, beraz, giza eskubide unibertsalen diskurtsoaren egia: giza eskubideen aterkiaren babespean daudenak eta ez daudenak bereizten dituen horma” (Zizek, 2005). Giza eskubideen defentsa gure eskubideen bermatzaile den estatuak egin behar du. Baina ez haiek predikatuz, aplikatuz baizik. Biolentzia zikina praktikatzea baita, bai biolentziaren monopolioa duen estatuak bere biolentzia ezkutatzea, bai monopolio hori erauzteko erabiltzen den biolentzia disidentea giza eskubideen kontrakotzat hartzea. Hain zuzen, biolentzia politikoa, definizioz, ukatuak izaten diren giza eskubideak lortzeko borroka izan baita, eta ez horien kontra egiteko.

Jarraitu dezagun: “Batzuetan ezer ez egitea egin daitekeen ekintzarik biolentoena da” (Zizek, 2008) diosku esloveniarrak. Horren atzean dagoen ideia hau da: ekintza bat biolentoa eta ez biolentoa izan daiteke, testuinguruaren arabera. Alegia, batzuetan ume baten irribarrea biolentoagoa izan daiteke biolentzia fisikoaren edozein adierazpen baino. Horren harira, paragrafoaren aitzineko ideia hartuta, abstentziorako deia egin digu inoiz Zizekek liberalismoaren kontrako gurutzadan. Berak diosku, ekintza lokalizatuetan aritzea sistemari berari lagungarri zaiola hobeto funtzionatzeko. Hau da, sistemak xurgatu egingo lituzkeela ekintza biolento politiko desberdinak, dela desobedientzia zibila, dela borroka armatua. Horrela al da? Ezer ez egitea gauzarik biolentoena al da batzuetan? Testuingurura jo beharko dugu hori zehazteko, Zizeken ustez. Biolentzia politikoa (kasu konkreturen bat) benetan eraginkorra den esatea zaila suertatzen da, eraginkortasun hori begien bistara ezin baita ikusi askotan. Biolentzia politikoa efikaza denean, gobernuak bere posizioa moralki indartu dezan behartu egiten du (bizitza sakratua da, biolentzia datorren lekutik datorrela txarra da –baina, berea ez?–), eta, horren ondorioz, gobernuaren zilegitasun politikoak behera egiten du: izan ere, disidentziaren kontra errepresioa areagotu behar izaten du, zilegi den indarkeria bakarra berea dela erakutsiz. Errepresioa tresna ez-demokratikoz burutzen du, disidentziarekin bukatzeko, baina horrela, bere zilegitasuna kolokan jartzen da.

Zizeken aburuz, abstentzioa litzateke biolentziarik eraginkorrena. Eraginkorra eta biolentoa izan al daiteke abstentzioa? Printzipioz, abstentzio altuak ez die hauteskundeei zilegitasunik kentzen. Begiratzea besterik ez dago gurean Konstituzio Espainolak izan zuen abstentzio maila altua. Sistemak erraz xurgatzen du abstentzio politikoa. Eta beraz, badirudi eraginkorragoa litzatekeela Zizeken abstentziorako proposamena (berak duen) desobedientzia zibilaren proposamenarekin ordezkatzea.

Biolentziaren zilegitasunaren problemarik ez dauka pentsalari esloveniarrak. Ez dugu bera moralista merke horietako bat. Sistema neoliberalaren kontra altxatzen den biolentzia politiko oro jotzen du zilegitzat, printzipioz. Dela identitate arazo, kolonialismo, justizia sozial eta abarren inguruko borroka. Berak argi du, “legean ez eraikitzen ez sostengatzen den biolentziaren eremua maitasunarena da” (Zizek, 2008). Zizek ez da euskalduna, bestela aspalditik genuke kartzelan. Hala ere, tolerantziaz jantzia den eta sistema neoliberalaren biolentzia basatiena onartzen duen gizarte zibilari galdera bat luzatzen dio: “Zergatik uste dugu konponbidea tolerantzia dela eta ez emantzipazioa, borroka politikoa edota borroka armatua?” (Zizek, 2008). Hortxe galdera bikaina. Mozorroek ez dute balio, sistemaren jukutria dira. Ilustrazioaren eta demokraziaren apologistak ere beren ideia formal hutsekin ez digute balio. Argi dio esloveniarrak: “‘diktadura’ terminoa demokrazia ere diktadura forma bat denaren zentzu zehatzean erabili beharko litzateke, hau da, determinazio formal hutsa bezalako zerbait” (Zizek, 2007). Paper hutsean geratzen diren wet paper demokraziak eta giza eskubideek ez digute balio. Zizekek zera aldarrikatzen du: mendebaldeko gizarte kapitalista kolonialistaren arma diren eta edukiz hustuta dauden demokrazia formalaren eta giza eskubideen (eta haren predikatzaileen) kontra egin behar du gizakiak, horiek sistemaren mozorro zilegitzaile diren heinean.

Hori guztia esan eta gero, hau da pausatu beharreko galdera: zein da biolentoagoa, indarkeria ezkutuan erabili eta giza eskubideak predikatzen dituen hori, ala biolentzia zuzena (desobedientzia, armatua...) erabili eta elkarrizketarako deia luzatzen duen hori? Alegia, zein da biolentoagoa, estatuaren biolentzia darabilen eta hitz egin nahi ez duen hori, ala arazo bati soluzio bat bilatzea helburu duen biolentzia disidente hori?

Bibliografia:

Zizek, Slavoj (2002): Welcome to the Desert of the Real, London: Verso.
Zizek, Slavoj (2007): Terrorism and Communism, A Reply to Karl Kautsky. London; New York: Verso.
Zizek, Slavoj (2008): Violence, London. Profile Books.

* Jon Jimenez eta Andoni Olariaga, filosofoak. Modernitatearen auziaz (Jakin, 2010) liburuaren egileak