Eraikin galduen bila Malerrekaren gainetik

  • Urumearen goi arroa, Bortziriak eta Malerrekaren arteko mendi-multzoaren gailur esanguratsu eta aldi berean ederrenetakoa da Mendaur. Iturendik abiatuta, gailurra menperatzen duen Trinitatearen ermita izango dugu lehen helburua. Jarraian, Makilipurdin edukiko dugu mugarria. Han, Orzorrotz gaztelua eraiki zuten duela zortzi bat gizaldi, eta bertaraino igoko gara gazteluaren harriek ea hor dirauten ikusteko.
Mendaurrera igotzeko abiapunturik ohikoena Aurtitz auzoa izan arren, Ituren eta auzo horren erdibidean dagoen San Martin eliza hautatu dugu ibilbidearen abiagunetzat. Hala, pinturaz markaturiko ibilbidea jarraitu beharrean, harri-pilak izango dituzue bidelagun, bordaz borda, Mendaurreko magalak babesten duen urtegiraino igotzerako orduan.

San Martin elizatik (230 m), eskuinetik edo ezkerretik, kanposantu atzeko bidera irten behar duzue, eta mazelan gora hainbat bihurgune eginez igotzen den pistari eutsi. Gorabidean, ermita traza handirik igartzen ez zaion San Joakin utziko duzue lehenik, ezkerrean, eta beste borda bat, aurrerago eskuinean. Lehen bihurgune itxian, nahi izanez gero, lasterbidea hartu dezakezue, eta pistarekin berriro bat egitean, bizkarrean gora zuzenean igotzen den bigarren bat. Garai bateko bide zaharraren arrastoei segika edo emeki-emeki, pista zabalean gora bidegurutze garrantzitsu batera iritsiko zarete (500 m).

Pista erabat utzi eta bide zaharrari heldu behar diozue hor, nahitaez. Baina adi ibili! Beherago geratzen den borda bateraino iristen den bidea ez hartu. Gorantz abiatzen denetik jo.

Bizkarrera zuzenduko da lehenik bidea, eta bizkarrean gora zuzenean igo, ondoren, gero eta aurrerago are eta nabarmenago. Urrunean, txiki-txiki oraindik, tontorreko ermita zuria bistan duzuela, ezkerretara egin behar duzue jarraian (620 m), eta mendia inguratuz urtegiraino eramango zaituzten sakanean barneratu. Bide zahar polit eta jatorra, amildegia ezkerrean duela doa gora, gehientsuenak aurri egoeran dauden bordatik bordara.

Urtegitik Trinitatera

Haitz konglomeratu puska bitxiek eta aurrerago pagadiak, urtegiaren ondora iritsi zaretela adieraziko dizuete (750 m). Hor behean ikusi ahalko duzue argindar zentrala hornitzen duen urtegia, sasoiaren arabera goraino beteta edo ia urik gabe. Pagoen gerizpean zehar aurrera jarraitu, erreka-zulo bat zeharkatu eta mendi-pista batera irtengo zarete. Behera egin hor, borda luze eta bidegurutze bateraino (740 m). Mendaur eta Mendieder tontorrak lotzen dituen Buztizko lepora igotzen den bidea topatuko duzue, nabarmena eta garbia, oso erabilia baita. Horixe hartu, beraz. Laster utziko duzue urtegia behean, gaindituko dituzue azken pagoak, eta ikuspegia izugarri zabalduko zaizue belardi berdeen etorrerarekin bat. Orduan hartuko diozue ibilbideari zentzua, orduan ikusiko baitituzue, lehenbizikoz, Ekaitza eta Makilipurdi eta Mutilnako haitz berezia.

Lepo zabal eta belartsura iristen zaretenean, edo iristear zaudetela, borda baten hondarretan (930 m), eskuinera hartu eta berehala egingo duzue bat tontorrera sigi-saga igotzen den zidorrarekin. Malda pikoan gora, astiro-astiro, harkaitz arteko igarobidea den harrizko mailetako eskaileretara iritsiko zarete. Hortik igo, beste isurialdera igaro eta bigarren eskailera tartea gainditzea besterik ez zaizue geratuko tontorreko Trinitatearen ermitara iristeko (1.131 m). Ermita dago batetik, eta hari erantsita aterpea jarraian, lehenaren barnean dioen moduan “1692an egina eta 1963an berritua”. Eraikinaren atzealdean daude postontzi eta gurutzea. Ikusmira lau noranzkoetan da ederra, eta batik bat hegoaldera: Malerrekako herri guztiak txiki ikusten dira, behe-behean; Urumearen goi arroko gailurrak, ekialdean; Baztan-Bidasoa aldeko tontorrak mendebalean, eta aurrez aurre uren banalerroa osatzen duen gailur-lerro osoa. Harago, urrutian, primeran ikusten dira nafar Pirinioak ere. Badakizue hortaz, jaso burua eta begiratu luze bat eman, merezi du eta. Esanak esan, ez ote garen alperrik ari iruditzen zaigu, tontorreko oroigarrian idatzirik dagoena irakurrita: “Mendizaletasuna bizi dutenek zuk bezalaxe sentitzen dute eta ez zaitez ezagutzen ez dutenei azaltzen saiatu, ez baitzaituzte ulertuko”.

Ekaitza eta Makilipurdirantz

Igotako bide beretik egin behar duzue behera, Buztizko leporaino (930 m). Besteak beste, mugarria eta zutarri itzela dituzue hor. Mendiederreko tontorrera ere igo zaitezkete, baina Ekaitzarainoko bide zatia erraza eta desnibel handirik gabekoa izanagatik, ibiltzeko tarte luze samarra da, eta beraz, hobe ipar-ekialdera, mazela erditik tontorra inguratuz doan zidorrari heldu eta aurrera egitea.

Luze gabe, mendi bizkar etzanera irtengo zarete (980 m). Hortik, betiere ikuspegi zabalekin, jarraitu gainez gain punturik baxuena hartu arteraino (960 m), eta ekin, ondoren, aurrez aurreko bizkarrean gora Ekaitzako tontorrerainoko (1.047 m) maldari. Bide beretik, metro batzuk egin behar dituzue atzera, eta hegoaldera irteten den mendi adarrean behera jo, malda leunean Makilipurdiraino. Lepo batera iritsiko zarete (845 m), eta zertxobait aurrerago haitzaren oinarrira (835 m). Tartean Zubietako (eskuinean) eta Iturengo (ezkerrean) muga-lerroa jarraitu baduzue behintzat, harrizko bi gurutze topatuko dituzue, bata bestetik aldenduta.

Mendaur bezain garaia ez izan arren, Malerrekako edozein herritatik gora begiratuz gero, beti da nabarmena eta deigarria Makilipurdi. Forma berezia eman dio naturak, amildegia iparraldetik eta erabat malkartsua hegoaldetik, harritsua alde guztietatik. Hortz zorrotza benetan. Iritsiezina dirudi, urrutitik behintzat. Mendebaldetik du igoera samurrena, eta handik zuen, antza, gazteluak ere sarbidea. Haitzari begira, beraz, eskuinera eta gora jarraitu eta laster gora egiteko bide posible bakarra aurkituko duzue, ongi markatu gabea baina zailtasun berezirik jarriko ez dizuena. Zertxobait ezkerrera jo eta berriro eskuinera egin ondoren, gainaldera igoaraziko dizue. Ezkerrean duzue tontor nagusia, ordea, eta akaso hara igotzea izango da koskarik handiena. Hor dagoen zuhaitz bakarraren ondotik gainditu daiteke eragozpen handirik gabe koska, eta hortik maldan gora tontorreraino (890 m).
Gazteluaren arrastoak

Gainean, gutxi gorabehera hamasei bat metro luze eta hamabi metro zabal den oinarri erabat horizontala topatuko duzue, gizakiak zelaitua, dudarik gabe. Adi begiratuz gero, berriz, hego-ekialdeko hegian, harresiak izan zirenaren oinarriaren hondarrak aurkituko dituzue: gutxi landutako harriekin osatutako bi ilara, bata bestea baino beherago. Gazteluak bi harresiko babesa izan zuela dirudi. Bestalde, ekialdean, goitik behera bota edo amildutako harritza dago. Bistan denez, gotorlekuaren harresi eta eraikinetako harriak dira. Ez dago besterik, hondarrik esan nahi da, ikuspegia hemen ere zoragarria baita. Burua jaso berriz ere, zabaldu begiak eta gozatu.

Beherakoa zuzenean hegoaldeko malkarrean behera jaitsiz egin dezakezue. Harritsua izanik, baina, tentuz ibili behar da, heze dagoenean batez ere. Lurrazaleratzen diren harlauza handien arteko pasabideak baliatu eta bata bestearekin lotuz ireki behar duzue bidea. Kontuz! Azken koska jaitsita, garoz estalitako hegietan behera egitea besterik ez duzue, saroi multzo bateraino (550 m). Harrizko itxitura-hormen ondotik behera egin Mareneko bordaraino, eta hortik beherako pista segi urtegira igotzen den bidearekin bat egin arte (400 m). Porlanezko bidean behera egin beharko dituzue Aurtitzerainoko azken urratsak. Izan ere, bide zaharrak egon badaude, baina zoritxarrez sasiak jota, erdi galdurik.
Orzorrotz gaztelua, ganadu lapurrak zelatatzeko talaia
Bertakoek haitza Mutilna edo Makilipurdi izenarekin ezagutu arren, testu zaharretan Orçorroz izeneko gaztelua aipatzen da. Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko mugaren zaintza lanak egiteko Goi Erdi Aroan eraiki zituzten gazteluetako bat da. Gipuzkoako lurraldea ebatsita zela, handik etor zitezkeen etsai edo ganadu lapurrak zelatatzeko erabiliko zuten soldaduek, ziur asko, talaia.

Iñaki Sagredok Nafarroa, erreinua defendatu zuten gazteluak lanean dioenez, XIII. mendean eraiki zuten Orzorrotz, mendearen hasieran beharbada, nahiz eta lehenengo dokumentu idatziak 1298koak direla argitzen duen. Bertan hamar edo hamabost soldadu egoten zela dio, eta garai liskartsuenetarako soldadu kopurua 40ra igotzen zela dioten dokumentuak badirela gehitzen du. 1400. urtearen bueltan berreraiki eta Nafarroa konkistatu ondoren desegin zuten, 1522 urtearen inguruan.

Azkenak
Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


2024-12-18
Merkatua da, lagun

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak etxebizitza duina izateko eskubidea aitortzen du, bizi-maila egokia izateko eskubidearen parte gisa. Antzeko terminoetan mintzo da Hego Euskal Herrian inposaturiko Konstituzioa ere bai. Baina, letra txikiak, hain txikia ezen ezin den... [+]


2024-12-18 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Loa

Loti ederra eta errauskinaren irudia izan du hizpide aurtengo Feministaldian Irene Coulon-en hitzaldiak. Loaren ideia kulturalak zartatu ditu, loaldia ere maskulinizatua dugula argituta. Loaren irakaspen (kultural) asko barneratuak ditugu, eta gorputz feminizatuan edertasunaren... [+]


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude