argia.eus
INPRIMATU
Arabari jarriak
Martin Ttipia taldea 2010ko maiatzaren 26a

Aurkezpena
Hemendik hara bada uste bat
dabil dinbili-danbala:
askoren ustez Araba omen da
mami gabeko azala.
Estibalizko Ama Birjinak
behingoz anpara gaitzala!
Argi bedi berehala
gauzak ez direla hala,
utik irudi hutsala!
Egia orok daukanez bere
argia eta itzala,
herrialdea ager dezagun
Teleberrian bezala.
Eguneko gaia
Puri-purian dago Araba
gertakizunen arloan,
atzerritarrek jarraitzen dute
temati inbasioan:
Hiru bizkaitar ura lapurtzen
ito dira pantanoan,
ta San Adriango zuloan
txapelgorriek gaurkoan
makro-operazioan,
giputz talde bat atzeman dute
pinuen kontrabandoan.
Bejondeigula gure miñoiak
dauzkagulako ondoan.
Kirolak
Mercedes jaunak marka hautsi du
langileen jaurtiketan
ta lehen aldiz arnas daiteke
giro puroa Ogetan.
Berri bitxi bat ere badugu
Foru Aldundiko hormetan:
trepak izerdi patsetan,
9 A plusetan,
arnesik gabe, benetan!
Ta ehun militar elkartu dira
Gorbeialdeko maldetan.
Merezia du bere lekua
Arabak olinpiadetan.
Eguraldia
Laudion euria izango dute
Bizkaiko modu berean,
Bastidan eta Lagranen aldiz
lasai ibili golfean,
Abiadura handiko haizeak
Aramayona aldean,
goi tentsioa airean,
arabar mendialdean
nahiz lautada barrenean.
Eguraldirik ez du egingo
Trebiñuko lurraldean,
ta jakina da, beti bezala,
jertsea izan aldean.
Azken ordukoak
Azken berri bat pinganillotik,
jarri dezagun arreta…
E gripearen pandemiarekin
Landatxo dago beteta
Euskararekin kutsatutako
jende asko dago eta,
eztarrien erretreta
mahats zukuaren dieta
alferrik da errezeta.
Euskal sukarra hedatu asmoz
egin dute txapelketa,
kantxa xume bat bihurtu dute
arabar bertsoen BEC-a.


2010eko Arabako Txapelketaren barruan, lehen aldiz egin den kuadrila arteko bertso paper sariketako sorta irabazlea.

Doinua: Gregario edo laguntzaile naiz.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.