argia.eus
INPRIMATU
Sekula eztakoa
Joxerra Garzia 2010ko maiatzaren 18a
Zirkoa ere –far-westeko filmak bezala– erdaraz bizi izan genuen “munduko ikusgarririk handiena” bizi-bizirik zen garaian. Niri, Hegoaldeko erdal zirko haietatik, aurkezleek behin eta berriz errepikatzen zuten leloa geratu zait gogoan: “!Lo nunca visto!”. Amari zor diot euskal ordain jator hauxe: “Sekula eztakoa!”.

PSEk aginte-aulkian eta PPk aulkiari eusten urtea bete/bota duten honetan, berritu zait aspaldion atzenduxea neukan lelo hori. Beharko berritu, esan eta esan ari baitira, sekula eztakoak direla gure herri hau behin betirako normaltzeko eurei esker lortutakoak.
Propagandaren ikuspegitik axola duen ETBko kate bakarrari begira jarri naiz, eta bai, normaldu latza eman diote. Bereziki albistegiei, orain beste kate gehienek diotena baitio ETB2k. Horrek ikusle dezente kendu dio, baina normaltasunak merezi du hori eta gehiago ere. Bestalde, garbi dago zein den orain ETBn izar izateko baldintza: Madrilen nor izana izatea inoiz, zirkoa indarrean zegoen garaian badarik ere. Martxa honetan, aurreko agintarien nostalgia sentiaraziko didate. Hori bai izango dela sekula eztakoa!