argia.eus
INPRIMATU
Otso talde baten zerbitzura
Juan Mari Arregi 2010ko maiatzaren 19a
Suediako finantza ministroak esan zuen Europar Batasuneko (EB) krisi berria eta turbulentzia espekulatiboak “otso talde batek” sortuak direla. Duela bi urte sortu zen eta oraindik irauten duen finantza eta ekonomia krisia eragin zuten otso berberak dira. Otso horien –finantza merkatuen– gosearen aurrean, europar gobernuak “doikuntza neurriak” hartzen ari dira, otsoek inposaturik. Espainiako Gobernuaren kasua da hori, 15.000 milioi euro aurreztea erabaki baitu defizita %11,2tik %6ra murrizteko 2011n. Horretarako bi bide aukera zitzakeen: sarrerak handitzea zergen bidez ala gastu publikoa murriztea. Zapaterok bigarren bidea aukeratu du, gastu sozialetan guraizeak sartuz: pentsioak, enplegu publikoa, dependentzia, laguntza sozialak, garapena... Hain zuzen otsoen aginduetara jarraitzeko.

Zapaterok ez du nahi izan boteretsuei zergak igotzeko bidea hartu, oraindik tarte handia dagoen arren: ondarearen zerga berrezarri; PFEZa eraldatu errenta altuenek sarrera handiagoak egin ditzaten; elkartearen gaineko zergak handitu, batez ere enpresa handietan; bankuen etekinentzako tasa berezia jarri;  soilik %1eko zergak ordaintzen dituzten SICAV inbertsio instrumentuak askoz gehiago zergapetu; profesional liberalen (medikuak, abokatuak, arkitektoak, kirolariak...) gaineko kontrola areagotu; fraude eta paradisu fiskalen pertsekuzioan sakondu... Baina “otsoak”, PPren barruan ezkutatzen direnak barne, ez daude horretarako prest.

Euskal Herria ez dago soilik EBren menpe, Espainiako eta Frantziako Estatuen menpe ere bai. Horregatik Euskal Herriak bere etorkizuna eta Gobernua aukeratzeko beharra. Herritarren eta langileen interesak zerbitzatuko dituen gobernua. Eta ez aldian aldiko “otso taldearen” interesak