argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2010ko maiatzaren 18a

Aramaioko bertsolariek irabazi dute Arabako Kuadrilla arteko txapelketa, finalean Gasteizko Kakiturri-Ehari taldekoei irabazita. Gabiriko (Gipuzkoa) Osinalde sarian, bestalde, Mikel Artola alegiarra nagusitu da.

 

Eduardo Hernandez Asiain biolinista corellarra hil zen pasa den asteartean, 99 urte zituela. Nafarroako XX. mendeko musikari garrantzitsuenetako gisa onartua, Kuban hasi zituen ikasketak eta Madrilgo kontserbatorioan sakondu zuen biolina jotzeko teknika. Ondoren Europako hainbat herrialdetan ibili zen ikasketak zabaltzen. Erretiroa hartu ondoren biolina jotzen jarraitu zuen urte luzez eta Sarasateren obraren munduko interprete onena izan zela diote adituek.

 
 

Cristobal Balentziaga jostunaren omenezko erakusketa “esperimentala” zabaldu du Bilboko Arte Eder Museoak. Mugaren diseinua izenburupean, estilo klasikoa eta abangoardia uztartu ditu erakusketak, sortzaile getariarrak bere lanetan egiten zuen legez. Guztira, Balentziagaren ibilbideko 35 jantzi bildu dituzte.

 

Mundumira kulturen festa Antzuolan (Gipuzkoa) egingo da aurten, hilaren 29 eta 30ean. Ohi bezala, musika izango da protagonista nagusia, gastronomiak, artisautzak eta antzerkiak ere lekurik izango duten ekitaldian. Ojos de Brujo taldearen kontzertuak piztu du ikusmin handiena. [www.mundumirafesta.com]