argia.eus
INPRIMATU
Ez egin itsuarena: zaindu begiak
Jabier Agirre 2010ko maiatzaren 18a
Munduan agertzen diren itsutasun kasuen %80 ez lirateke gertatuko aldian behin oftalmologoarengana joango bagina. Osasunaren Munduko Erakundeak emandako datu horrek argi eta garbi uzten du prebentzioa ezinbestekoa dela ikusmeneko trastornoak edo asaldurak saihesteko. Arazoa, zoritxarrez, betikoa da: pertsona askok aldizkari bat edo produktuen etiketak irakurtzeko ahaleginean zailtasunak eduki arte itxaroten dutela medikuarengana joateko.

Prebentzioa da, beraz, armarik onena. Eta bide horretan, oftalmologoarengana aldian behin joateaz gain, badira zure begiak zaindu eta ikusmena egoerarik hoberenean mantentzeko beste moduak ere:

Antioxidatzaileetan aberatsa den jan-neurria. Zenbait ikerketak frogatu dute betakaroteno, zink eta A, C eta E bitamina ugari dituzten elikagaiek lagundu egiten dutela zahartzearekin lotuak dauden ikusmeneko trastornoei (katarata, glaukoma, endekapen makularra eta antzekoei) aurre hartzen. Elikagai horiek kolore laranja eta horia duten berduretan, zitrikoetan, arrautzetan, esnekietan, fruitu lehorretan, arrainetan eta zereal integraletan aurkituko dituzu.

Ordenagailuekin lan egiten baduzu:
Arreta-neurriak hartu beharko zenituzke, ikusmena galtzaile atera ez dadin. Mantendu 50 zentimetro inguruko distantzia begien eta pantailaren artean, argi naturalarekin lan egin, eta 10-15 minutuz behin atsedenalditxoak egin, begirada urrutira zuzenduz eta segundo batzuetan begiak kliskatuz. Jakin beharra dago, dena den, ondo erabiliz gero, pantaila begietarako entrenamendu egokia izan daitekeela. Nazioarteko Optometria Zentroak egindako azterlan baten arabera, bideojokoek ikusmen periferikoa, ikus-oroimena eta begien mugikortasuna hobetzen dute.

Kontuz mugikorrarekin. Aparatu horiek igorritako erradiazioek inflamazioa eragin dezakete begiko ehunetan, enfokatzeko gaitasunari eraginez. Kontua ez da alarma piztea mugikorra erabiltzen dutenen artean, gomendioa erabilera zentzuzkoa izatea da.

Lerro zuzenak ikustea kosta egiten bazaizu, edo objektuak apur bat deformatuta edo zirriborrotsu –batez ere gauez– ikusten badituzu, eska iezaiozu hitzordua oftalmologoari. Ez zaizu damutuko.