Bermeoko Elizalde IkastolaDani Blanco
“Irakasleak, mahai baten inguruan dauden haurrei marrazki bat egiteko eskatu die. Horretan ari direla, ikasleetako bat, Karlos, ohartu da margo urdina behar duela, baina bat ere ez dagoela libre. Beste ikaskide batzuek, ordea, erabiltzen ari ez diren arren margo urdinak eskuan dauzkate”. Egoera hori planteatu die Eleizalde Ikastolan Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako irakasleak haurrei. Egunerokoan, izan ere, halakorik biziko dute beharbada, eta beraz, horren aurrean nola jokatu eta zein irtenbide eman hautatzen jakitea lagungarri zaie. Horixe da Bizkaiko ikastolan martxan dagoen Hartu-Emon proiektuaren –Alkarbizitza izenez ezaguna– helburua. Lau urte dira abiatu zutenetik, eta harrezkeroztik, irakasle eta ikasleek elkarlanean gizarteratze trebeziak lantzen dituzte buru-belarri.
“Gabezia bat ikusi genuen ikasleen hartu-emanetan, gaia lantzen zuen adituarekin harremanetan jarri eta Alkarbizitza proiektua abiarazi genuen, hark sortutako programa eta materiala erabiliz”, azaldu du Belen Gerrikogoitia Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako tutoreak. Hasteko, Lehen Hezkuntzako irakasleek proiektuaren formazio bateratu eta intentsiboa jaso zuten, eta ondoren, ikasturtean zehar aldika heldu zioten gaiari, teoria praktikara eroanez. Hastapenetatik proiektuan murgilduta zeuden irakasleei gainontzekoak (Haur Hezkuntzakoak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak) batu zitzaizkien.
Gaur egun, astean behin jorratzen dute programa, tutoretza orduan; tarte horretan, irakasleak proposatutako arazoez gain, euren egunerokotasunean izandakoez ere jarduten dira ikasleak. Nolanahi ere, haurren arteko iskanbilak nagusiki jolas garaian sortzen direla jakitun direnez, hurrengo orduan aztertzen dituzte egon diren buruhausteak eta horiei irtenbide egokiena bilatzen diete.
Ikasleak gatazkak aztertzen eta konpontzen
Gizarteratze trebeziak irakasteko, ikasleei gatazka bat planteatzen diete eta denen artean konpontzen dute. Horretarako, bost urrats jarraitzen dituzte. Lehen urratsa lamina batean egoera jakin bat aurkeztea litzateke –haurrak irakasleak eskatuta marrazkia marrazten ari dira, baina Karlosek ez dauka behar duen margo urdina–. Egoera horretan nork edo nortzuk duten arazoa azaltzeko eskatu die irakasleak arretaz entzuten dioten ikasleei, eta aldi berean, afera deskribatzeko eta emozioak identifikatzeko. Iñaki jabetu da Karlosek arazo bat duela, “aurpegian nabaritzen zaio urduri dagoela”. Emozio negatibo bat agertu denez (urduritasuna), badakite problema baten aurrean daudela. Ondoren, egon daitezkeen irtenbide guztiak aipatzeko unea iritsi zaie ikasleei. Eskuak altxatuta eta gogotsu itxaron dute hitz egiteko euren txanda. Ikasle batek dio Karlosek beste ikaskideei margo urdina eskatuta amaituko dela arazoa; beste batek, aldiz, uste du onena litzatekeela irakasleari denbora gehiago eskatzea marrazkia bukatzeko; eta hirugarren baten iritziz, irakasleari beste margo urdin bat eskatu beharko lioke Karlosek.
“Irtenbide egokiena besteei eskatzea da, baina kontuan izan behar duzue beste haurren jokabidea ere ez dela zuzena izan, norberak margo urdina behar ez duenean edukitzea ez baitago ondo”, gogorarazi die irakasleak. Beraz, gaurkoan zera ikasi dute bosgarren mailako ikasleek: talde lanean jardutean, norberaren beharrizanez gain, besteenak ere aintzat hartu behar direla. Horrekin batera, arazoak eta irtenbideak sentimenduekin zerikusia dutela ere gogoratu dute, baita norberaren arazoa amaitzen dela gustura gelditzen denean; hots, irtenbide egokiena bilatzen duenean.
“Programa edo dinamika horrek haurrei pentsamendu erreflexiboa eta malgua lantzen laguntzen die”, Belen Gerrikogotiaren arabera. Gainera, problemei aurre egiteko baliabideak ematen dizkie etorkizunean horiek konpontzeko gai izan daitezen. “Prebentzio lana ere bada, gerora haurren artean eman litezkeen gatazkei aurre hartzen baitzaie; esaterako, adin nagusiagoetan gertatzen diren jarrera bortitzak saihesteko lagungarri da”.
Dena den, Alkarbizitzaren tankerako programen arrakasta bermatzeko konstantzia eta sistematizazioa nahitaezkoak direla gogoratu du Gerrikogoitiak, haurrek portaerak behar bezala barnera ditzaten. Hala, ekimena irakaskuntza ziklo guztietan jorratzen dute, aplikatzeko neurria da batetik bestera aldatzen dena. Beraz, txikitatik ikasten dute arazoez hitz egiten eta horiek nola konpondu behar dituzten lantzen, bai ikastolan, bai ikastolatik kanpo. Eleizalde Ikastolan izan garen egunean, lau ikaslek arazo bat izan dute jolas garaian eta ikasgelara sartu beharrean irakasleari baimena eskatu eta pasilloan geratu dira afera konpontzen. Behin hitz eginda, beste ikaskideekin batera jarraitu dute lanean.
Badakite noiz dauden arazo baten aurrean, emozioak identifikatzen dituzte eta horri irtenbidea ematen diote. Konponbide horrekin etekina (sentimendu positiboa) ateratzen dutela ere badakite. Bestalde, ikasleren batek klasean bere arazoa azaltzen duenean, denen artean aztertzen dute. Jolas zelaia beste batek hartu duela, ilaran norbait aurreratu dela, baloia kendu diotela... Arazoa edozein izan daiteke, hori konpontzeko metodologia, aldiz, bera izango da kasu guztietan.
Ikasle eta irakasleen arteko akordioak
Eleizaldeko martxa erregulatzeko Alkarbizitza programaz gain, badute bestelako baliabiderik: araudia. Akordio edo kontratu horiek kolektiboak dira batetik –ikasgelako eta ikastolako beste espazioak aintzat hartzen ditu–, eta bestetik, norberari dagozkionak. Arau horiek lortu nahi dugun jarreraren arabera daude egokituak eta lau ezaugarri dituzte: modu argi eta ulerkorrean zehaztea zein helburu lortu nahi diren, zelan lortuko diren, noiz eta nola baloratuko edo neurtuko diren. Esaterako, hitz egin nahi denean eskua altxatzea helburu bat izan daiteke. Aste osoan gelako denek hitz egin nahi duten bakoitzean eskua altxatzea lortzen badute, bost minutu lehenago irtengo dira jolas garaira (errefortzu positibo gisa). Xedea da jarrera hori ohitura bilakatzea, eta hortaz, sari gabe portaera bera izatea. Lanak izenarekin ikasgelako paretan dituzte jarriak errespetatu behar dituzten arauak.
Lortzen al dituzte aurreikusitako emaitzak? Gerrikogoitiaren hitzetan, “orain ikastolan iskanbila eta oihu gutxiago dago, berba gehiago egiten dute, entzuten ikasi dute, arazo baten aurrean indarrera jo beharrean bestelako aukera batzuk daudela ohartu dira, irakasleok ikasleengana hurbiltzeko modu egokiago bat darabilgu, eta abar”. Emaitzak epe laburrera baino, nabarmenago epe luzera ikusten diren arren, ikasle batzuen jarreran aldaketa batzuk aipatu ditu: “Lehen batzuek ez zuten lan egiteko gogorik, edo arreta mantentzeko zailtasunak zituzten; orain, ordea, lanean ari dira eta hori haur horientzat asko da”.
Marigoran Kikunbera
Maiatzaren 30ean izango da aurtengo Ibilaldia, Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bitarteko eskaintza ematen duen Bermeoko Eleizalde Ikastolaren eskutik. Marigoran Kikunbera lelopean, Bizkaiko Ikastolen aldeko jaiarekin nagusiki bi helburu lortu nahi dituzte. Alde batetik, euren ikastola proiektua ezagutaraztea eta inguruan ikastola eredua indarberritzea, eta bestetik, duela 32 urte abiarazitako ikastolaren azpiegitura handitzea. Izan ere, txiki geratu zaie egungo eraikina, eta horrenbestez, azpiegitura batzuk egokitu eta beste berri batzuk egin behar dituzte.