"Biolentzia politikotik baino ezin daitezke defendatu hizkuntzak"

  • Hogei urtetik gora daramatza Avui egunkarian lanean, zuzentzaile, eta badaki zer den egunero katalanarekin borrokan aritzea. Liburu interesgarria argitaratu berri du, Això del català. Es pot fer més fàcil? (Katalana delako hori. Errazagoa egin daiteke?). Egungo hizkuntza politikan norabide aldaketa eskatzen du lan horretan.
Albert Pla i Nualart
Albert Pla i Nualart, Avui-ko edizio burua eta filologoaOriol Clavera
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aldaketa eskatzen duzu Katalunian indarrean den hizkuntza politikan. Zergatik?


Lurralde jakin batean, hizkuntzaren normalizazioa alderantziz proportzionala da hizkuntza hori guztiena eta beharrezkoa izatetik dagoen distantziarekiko. Hizkuntza bat ezin da normala izan baldin eta lurralde berean mundu guztiak hitz egiten duen beste hizkuntza indartsuago bat badago, eta aldiz, hizkuntza txikia puska batek baino ez badu hitz egiten. Katalana Katalunian normalizatzeko modu bakarra Europako hizkuntza batzuek duten estatusa lortzea da, suedierak duena Suedian, nederlanderak Herbehereetan, eta abar. Zeren, bai, katalanaren ezagutza gora doa, baina erabilera ez dago hain garbi gora doanik, batez ere hirigune handietan, eta gizarte antolamendu horietara garamatza ezinbestean aro postkapitalista honek. Gune horietan katalana atzera egiten ari da. Eta gero, begi-bistakoa den beste kontu bat dago, katalana gero eta gehiago gerturatzen ari da gaztelaniara, ez soilik lexikoan, egiturazkoak diren mailetan ere bai, sintaxian. Bi bide horiek beraz, disoluzio geldorantz daramate katalana, esparru elebidunaren baitan beti, zeinean mundu guztiak dakien hizkuntza bat eta soilik zati batek bestea.

Zein hizkuntza politika beharko litzateke beraz?


Katalana aitzinatu behar da gaztelania atzeraraziz eta aitzinatze hori egin behar da, noski, lege hertsatzaileen bitartez. Baina garai batean, diktaduraren baitan, gaztelaniarekin egin zutenaren aurka, demokratikoki egindako lege hertsatzaileak behar dute izan, hots, parlamentuak gehiengoz erabakiak. Beti jakinik katalana aitzinatzeko gaztelania atzeratu behar dela. Oraingo egoerarekin katalana salbu dela, arazorik ez dela, ez da egia, soziolinguistikaz arduratuta dagokeen edonork daki hori. Gero, kaleko inpresioa beste bat izan daiteke sektore zabal batzuengan. Horiek katalanez egin dezakete eta katalana aberastasun gisa ikusi, baina ez dute sekula onartuko gatazka. Katalana ondo omen dago horientzat, arriskutik kanpo, eta zaila da jendeari ikusaraztea ikusi nahi ez duen hori. Alde batetik politikariek, nahiz eta jakin zein den egin beharreko hizkuntza politika, ez dute horretan sartu nahi, beren hautesleak ez datozelako bat. Gobernuan den indar nagusi PSCren hautesleria, esaterako, kontra legoke.

Katalanaren gaztelaniartzea aipatu duzu. Nola gelditu hori, gelditu behar bada?


Hizkuntzak bide politikoetatik baino ezin daitezke defendatu, lege bidez. Eta ez da politikoki sobera zuzena, baina gauzak argitze aldera esango dut: soilik biolentzia politikotik defenda daitezke hizkuntzak. Hizkuntzalariak ezin du hizkuntza defendatu, hizkuntza garatzen da testuinguru soziopolitikoan, eta katalana ez bada bere lurraldeko hizkuntza komun eta beharrezkoa, ez badugu hiztun elebakarrik, ez badugu, berriz diot, Europako zenbait estaturen antzeko egoerarik, jai dugu. Herbeherearrak eta suediarrak gu baino poliglotagoak dira, eta herbeherear guztiek eta suediar guztiek ez dute menperatzen berena baino askoz indartsuago den beste hizkuntza bat, hemen gertatzen den bezala. Hemen ezin duzu aurkitu gaztelaniaz primeran egiten ez duen katalanik eta eremu soziolinguistiko horretan ezinezkoa da gaztelaniartzea gelditzea. Beraz, aldatzeko modu bakarra eremu soziolinguistikoa aldatzea da, ofizialki elebakarrak izatea, Estatu propioarena utopiko samarra baita.

Baina elebakartasun horren alde egiteak prezio garestiegia izan dezake.


Ados, ados, nik ez diot hori egin behar denik, nik esaten dut hori egin behar dela katalana salbatu nahi bada. Ezin dena da jendea engainatu. Noski, hori egitearen prezioa izugarri altua da, elkarbizitza erasango luke, gatazka sortu, eta akaso katalana gaztelaniaren baitan urtzen utzi behar dugu. Ez litzateke mundua akabatuko. Baina gezurrik ez, mesedez, ezin gara elkarri xaboi ematen ibili, ze ondo gauden, beste batzuen aldean ze osasun ona duen katalanak. Hori ez.


Hizkuntzen etorkizuna politikaren esku badago, esaten ari zara gobernatzen zaituzteten politikariek ez dutela katalana salbatzeko borondaterik?


Gobernatzen gaituzten politikariek helburu bakarra dute, hemendik denbora jakin batera berriz aukeratuak izatea, boterea mantentzea. Indarrean den sistema politikoan epe motzera begira ari dira politikariak eta ezin diezu eskatu harakiria egin dezaten, bozak galtzea eragin dezakeen ezer ez baitute egingo. Bizi garen gizarte eredua hizkuntza aniztasunaren aurkakoa da, eta gaztelania katalanaren etsai izan badaiteke, globalizazioa ere beste hainbeste. Jendea isolaturik eta masa hedabideekin kontaktuan bizi ordez bestelako egitura batean biziko balitz eta erabaki politikoak deszentralizatuagoak balira, komunitate sentimendua sendoagoa, kanpoko presioei erresistentzia egiteko aukera handiagoa litzateke, hizkuntza aniztasunaren alde egiteko aukera ere bai. Egoera horrek paradoxa bitxiak uzten ditu, abertzalea den jendea, katalana salbatzea nahi duena, baina neoliberala dena era berean. Azken batean hizkuntza aniztasunak, biodibertsitateak bezala, oso zail du bizirautea sistema ekonomiko postkapitalistan. Beraz, aniztasuna baliagarria dela sinesten badugu pentsatu beharko genuke zein den aniztasun hori bermatzeko sistema ekonomiko eta politikorik eraginkorrena.

Katalanaren araudi zaharkitua aldatzea ere eskatzen duzu.


Araudiaren erreforma eskatzen dut, bada garaia eta. Pompeu Fabrak katalanaren arauak ezarri zituenean, XX. mende hasieran, uste zuen garai hartan hitz egiten zen katalana hondatua zegoela, kutsatua gaztelaniarekin izandako kontaktu luzearen ondorioz. Baina hizkuntza garatu egiten da, eta testuinguru soziolinguistiko jakin batean urte askoan zehar kontaktua badago beste hizkuntza batekin eta administrazio ikuspuntutik subordinazio egoeran egon bada, hizkuntza horretara gerturatuz garatzen da, saihestezina da hori. Beste gauza bat da hizkuntza ideal eta irreal bat egitea, hau da, hizkuntza zuk nahiko zenukeena izatea, historia beste modu batera izan balitz. Asmatzen dituzunean egiturazkoak diren arau batzuk, sintaxiari dagozkionak, arazo bat sortzen ari zara hiztunarengan, garapen baten ondorio izan diren egiturekin, hiztunak barneratuak dituenekin talka egiten dutelako.

Ia ehun urte izan dira horiek zuzentzeko.


Fabrak arau horiek egin zituenean esan zuen: hiztunek ez badituzte barneratzen erretiratuko ditugu. Kontua da batzuek Bibliatzat hartu zutela Fabrarena, errebelazio jainkotiartzat, eta enkistaturik geratu zela, eta orain gu ibili behar gara horren aurka eguneroko borrokan, lanean adibidez, hogeitik gora urte baitaramatzat Avui egunkariko edizio buru. Intuizioaren kontra doazen hainbat arau dago, Fabraren garaian ere intuizioaren kontra zihoazenak, eta horiek bazter utzi eta hizkuntzak mendeetan zehar izan duen garapen errealari gehiago gerturatuko zaizkion arauak aldarrikatzen ditut.

Hiztunaren intuiziora gerturatuko den araudia, beraz.


Baina, kasu, ez naiz inolaz ere kaleko hizkera defendatzen ari. Hizkera anomaloa da hori, gaztelaniartua, hondamena katalanarentzat. Nik defendatzen dut eredu zuzena izan dadila hiztun jatorrena, gaztelaniak gutxien kutsatu dituen horiena. Ezin dena da Erdi Aroko hizkuntza defendatu. Hizkuntzak identitate zeinu ere izan behar du, hiztunak autoestimua gal ez dezan, eta ez dadila gertatu galegoarekin gertatzen ari dena, bere garaian ez zela portugesera hurbildu eta gaur egun gaztelaniaz hitz egitea bezalakoa dela ia. Nik ez dut gaizki ikusten berdintasun egoeran gaztelaniarengandik urrunen dauden ezaugarriak indartzea, gaizki iruditzen zaidana da hori funtzionalitatearen aurka egitea, edo hiztunaren intuizioaren kontra. Gertatzen da hiztuna ez dela izan horiek bereganatzeko gai, egiturazkoegiak direlako edo inkontzienteegiak.

Baina hori al da katalanak orain behar duen erronka?


Arauetan egiten diren aldaketek beti sortzen dute nahasmendua, konplikatuak dira. Baina nik eskatzen dudan gauza bakarra da mundu guztiak dagoeneko egiten duena onartzea, ez aldatzea jendeak oso barneratua duen zerbait. Barneratuta ez dauden hainbat arau eta hiztunaren intuizioaren kontra doazenak ezaba daitezela, akastzat hartuak diren hainbat kontu hizkuntzaren garapentzat har daitezela eta onar ditzatela. Ez du zertan gatazkatsua izan behar, batez ere etorkizuneko hiztunak baldin baditugu buruan.

Egunkari batean lan egiten duzunez, komunikabideen egoeraz galdetu nahi nizun.


Katalanak atzera egitearen arrazoietako bat da komunikabide katalanak gutxiengo direla. Kultur adierazpen guzti-guztietan gertatzen da hori. Telebista digitala duen edonork egin dezake proba, hizkuntza batean zein bestean duen eskaintza begiratuz. Irratian, gauzak dauden bezala, eskaintza ez da makala. Baina gaztelaniazko komunikabideekin alderatuta ez gara konpetitiboak, atzera goaz. Gainera, batzuetan uste dugu katalanez egite hutsarekin lana egina dugula, katalanez kontsumitu nahi duenak besterik ez duenez bere hizkuntzan, berdin joko duela guregana. Eta nik uste bikaintasunaren alde egin beharko genukeela guk, onak izateak konpentsatuko baitu neurri batean proportzioan gutxiago izatea. TV3 telebista kateak egiten du hori pixka bat, batzuetan ikus daitekeen kate bakarra da. Sektore pribatuaren aurka ezer gutxi egin daiteke, ezpada hobeak izatea. Irratian ere Catalunya Ràdio eta RAC1 oso lehiakorrak dira. Katalunian hizkuntza normalizatzen duen gauza bakarra hezkuntza sistemaren murgiltze linguistikoa da. Sistema hori PPk eta inguruko sektoreek etengabe mehatxatzen dute.

Hezkuntza aipatu duzunez, haren aldean esfortzu handiagoa aitortu diezu komunikabideei hizkuntza malgutzeko orduan, hau da, komunikabideak malguagoak ote diren kritikatzen duzun araudi hori aplikatzerako orduan.


Bai, errealitatearekin duten kontaktua handiagoa baita. Kontzienteago dira zein puntutaraino arauak funtzionatzen duen edo ez, eta perspektiba ona ematen dizu. Ingalaterra bezalako herrialde normaldu batean ez da existitzen hizkuntzaren gaineko gauzak erabakitzen dituen akademiarik, komunikabide batzuk daude, unibertsitateak, eta abar, eta modu anitzean eta errealitatearen gainean sortzen dute araua, ez alderantziz.

Adibidez, dialekto zentrala nagusitu da komunikabideetan, araudiak dialekto guztien arteko nahasketa aurreikusi bazuen ere.


Komunikabideek eta teknologia berriek ekarri dutena da hizkera arruntak pisu handiagoa izatea estandarrean. Zer da hizkera estandarra? Aldaera desberdinak hitz egiten dituen komunitatean, komunitate osoarengana zuzentzen zarenean denek beren burua islaturik ikus dezaten erabiltzen duzun aldaera. Zentzu horretan, hizkuntza errealak egon behar du dialektoan oinarritua, ez da izan behar eraikuntza ideologiko ideala. Eta zein dialekto izango da? Bada, pisu eta indar gehien izateagatik hiztunen osotasunak ez dialektal gisa ikusiko duena. Nik konparatzen ditut estandar konposizionala –zuk esan bezala, dialekto asko ditugunez, denetarik pixka bat nahastea eta hizkuntza artifiziala sortzea– eta esperantoa. Arrakastarik izan al du esperantoak munduan, ingelesarekin alderatzen badugu? Batere ez. Gure eredu ekonomiko, sozial eta politikoa ez baitago esperantoarentzat egina, ingelesarentzat baizik. Eta katalanaren kasuan, estandarra esperanto moduko bat izatea nahiko absurdua da. Katalana salbatu nahi bada, modu eraginkorrena joera sozial nagusia jarraitzea da, eta joera hori da dialekto nagusia estandar bilakatzea. Ahaztu egin dugu gaztelania, italiera, alemana edo ingelesaren kasuan antzeko prozesua eman zela, eta ahaztu egin dugu behin ezarri zen dialekto hori jendeak denborarekin naturaltasunez barneratu duelako.

Arazoa sor daiteke horretarako indar nahikorik ez dagoenean, edo are, indarrak norabide ezberdinetan banantzen direnean. Valentzieraren kasua, adibide gisa.


Hori egiteko indar nahikorik ez dagoenean gertatzen dira kalapitak, bai. Katalanarekin gertatzen ari da: ateratzen dira valentziarrak esanez, ez, beren hizkuntza ez dela katalana, beste bat dela, eta gero besteek argudiatzen dute zientziak ezetz dioela, biak hizkuntza bera direla, eta abar. Zientziak ez dio ezer! Hizkuntza ez da grabitate legearen antzera iker daitekeen zerbait, fenomeno politikoa da. Bi dialekto hizkuntza bera diren edo ez, ez da afera zientifikoa, geografo bati bi estaturen arteko mugak nondik pasa behar duen galdetzea bezalakoa da hori. Valentziera hizkuntza al da? Baliteke, han eratzen bada hori ezartzeko botere politiko nahikoa, bada, izango da. Beste gauza bat da hori hizkuntzaren etorkizunarentzat ona den edo txarra. Ikaragarri kaltegarria da bi hizkuntza gisa kontsideratzea. Gaur egun hizkuntzak bizirauteko beharrezkoa du hiztun masa bat eta hizkuntzaren atomizazioa da hizkuntza txikitzeko modurik eraginkorrenetakoa. Bi dialektoon antzekotasunak nahikoak al dira hizkuntza bakarraren parte direla esateko? Noski, baina norbaitek egin behar du kohesio lana, denbora eta indarrarekin, eta bestela ez da izango hizkuntza.

Azkenak
2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Francis Williamsen bikaintasunaren froga

Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]


2024-11-27 | Mikel Zurbano
Trumpkonomia

AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Luis González Reyes
“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”

Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


Eguneraketa berriak daude