argia.eus
INPRIMATU
Abiadurari jarriak
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2010ko maiatzaren 18a

I
Espazioa zati denbora
Halako zerbait naiz berez
bizi lekuak: airea, ura
A-8, Montmeló, Jerez.
Gurpil gainean noa sarrien
hidrokarburoak errez.
Egongo ez banintz bezala baina
arautua nago legez.
II
Laurehun zaldiko Mercedes berri
edo kopaturbo xaharra
hegan joateko preparatuta
baina txoferra lurtarra…
Hori ta gero tresneri ahulak
seinale, multa, radarra...
Enpeinatzia ez bada libre
zertarako da indarra.
III
Enpeinatzia gertatzen denez
eguneroko ogia
errepide bat bi norabide
ta betiko historia:
Bat ustez ondo bestea nere
eskuetan eroria
baina norbaitek elkartu ditu
errua eta zoria.
IV
Arma letala egin nauenak
ardurak baldin balitu…
ez soilik ezin izan nauenak
bere barruan kabitu.
Espazioa zati denborak
milioiak ematen ditu.
“Istripu” hitza asmatu eta
lasai eskuak garbitu.
V
Nahiz dena ez den abiadura
–hori argi gera bedi–
zenbat bizitza etenak edo
ebakiak erdiz erdi!
Gure biziak behar ote du
pedal baten pean segi?
Galtzea libre izanagatik
kentzea dago libreegi.
VI
Horra sei bertso abiaduraz
daukadan ikuspegiaz
aspertuxea bidejaleez
ta bidegabekeriaz.
Nahiz ta ez naizen hiztegi horren
oso aldeko egiaz
igual hitz egin beharko dugu
trafiko indarkeriaz.

Doinua: Txoriak eta txoriburuak.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.