argia.eus
INPRIMATU
Txokolatea eta tristura
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko maiatzaren 12a
Kaliforniako ikerlari batzuen arabera, txokolate kontsumoaren eta tristura edo depresioaren artean lotura garbia dago.
   
Archive of Internal Medicine aldizkarian argitara emandako artikuluan, 1.000 lagunekin egindako azterketaren ondorioak erakutsi dituzte. Saiakera horretan parte hartutako pertsonak osasun onekoak ziren eta ez zuten depresioaren aurkako tratamendurik jaso. Egindako galdera-sortan, batzuk txokolate kontsumoari buruzkoak izan ziren. Jasotako erantzunetan hiru jokaera nabaritu ziren: batetik, tristura handi samarra izan zuten garaian, oro har, txokolate kontsumoa hileko hamabi tabletakoa izaten zen; tristura edo depresioa tarteka izan zutenean, zortzi tabletakoa; eta azkenik, tristurarik izan ez zutenean bost tableta jaten zuten hilero.

Gainera, depresio garaietan pertsona horiek ez zuten beste substantzia piztailerik hartu, hala nola, azukrea, kafea edo elikagai koipetsuak.

Beraz, azterketa honen arabera, depresioak txokolatearekin duen harremana baizik ezin daiteke frogatu, eta ez beste substantziekikoa.