“Ikusi da amiantoaz gain, badagoela ezkutuan antzekoa edo okerragoa den beste epidemia bat: silikosia” dio Jesus Uzkudunek. CCOOek apirilaren 28an salatu zuen iaz bikoiztu egin zela Espainian silikosiak gaixotutako langileen kopurua. Silikosia silize kristalinoa arnastean sortzen da eta minbizia eragin dezake biriketan. Batez ere harrigintzan, beirategietan eta zeramika lantegietan ematen da silikosi kasu gehien.
Duela gutxi Bermeoko marmolgintza enpresa bateko langileen %60ak silikosia duela jakin da. Uzkudunen esanetara “eskandalu bat izan da, horren inguruan txapuza handiak agertu dira”. Marmolgintza horretan 19 urtez aritu dira langileak Silestone eta Caesartonearekin lanean beharrezko informaziorik eduki gabe eta Osalanek zigortu egin ditu enpresako prebentzio zerbitzua eta harri marka horien fabrikatzaileak.