Duela mende bat jakin zen amiantoa toxikoa zela. Nola da posible oraindik langileak bere arriskuaz ez jabetzea?
Gu amiantoarekin lanean jardun eta fabrikatik zuri-zuri ateratzen ginen, inongo neurririk gabe. Gero, hasten zara pixka bat begiratzen eta konturatzen zara zer den, batez ere gaixoak ikusten dituzunean, eta zoritxarrez asko ezagutu ditut. “Kontuz, istripua!”, esaten da gure herri honetan, baina lan gaixotasunekin ez dago prebentzio kultura hori, nola ez den kolpean gertatzen...
Administrazioa gehiago inplikatu beharko litzateke gaixotasunari behar den garrantzia emateko?
Kontzientziazio horretan gehien laguntzen ari direnak gaixoak berak dira. Gogoratzen naiz Jose Luis Aranburuz, Ezequiel Ilarramendiz... egunkarietan beren historia kontatu zutenean, horrek bai, horrek dardara sortu zuen gizartean.
Langileek arazoak dituzte amiantoarekin gaixotu direla frogatzeko, batez ere mesotelioma ez denean. Zer egiten dute erakunde publikoek laguntzeko bidean?
Ahal bada oztopatu. Niri goi funtzionari batek esan zidan: “Jexux, ari zara alarma soziala sortzen”, erantzun nion nik ez ditudala gaixotzen, niregana gaixotuta etortzen direla. Administrazioak huts egin du urte askoan, ez du amiantoarekin ardurarik hartu eta orain ez du inongo borondaterik hori azaleratzeko.
Medikuek zer diote?
Medikuek azterketa batean galdetzen dute zenbat erretzen duzun, ea edaten duzun... baina gutxik galdetzen dute non eta zerekin egin duzun lan. Duela hiru mende Ramazzinik zioen: “Gaixoarengana joatean galdeiozu zein den bere jangaien iturria, bere gaixotasunaren jatorria hor egon litekeelako”.
Dena den, tristeena da Osakidetzako zenbait medikuren eta zuzendaritzaren jokabidea. Badaude zorionez mediku batzuk gaixotuak sindikatuengana bidaltzen dituztenak, baina beren obligazioa hori baino harago doa, Gizarte Segurantzari parte eman beharko liokete lan gaixotasun bezala onartzeko, eta ez dute egiten.
Zergatik? Zeren beldur dira?
Konpromisorik ez hartzeagatik. Batzuetan gertatu da lekuko eraman dituztela epaiketetan, eta hori baino lehenago nahiago dute eskuak garbitu.
Osalanekin plan bat onartu duzue, zehaztu iezaguzu bertan jasotakoa.
Planak dio ahalik eta gehien zabaldu behar direla mediku azterketak amiantoarekin lan egin dutenentzat, zainketa hori egin behar da. Gertatzen dena da amiantoarekin ez dagoela inbentario bat eginda, horregatik udaletxe askori eskatu diogu amiantoa non dagoen aztertu dezala.
Amiantoaren mapa bat.
Iparraldera joaten bazara, edo Frantzian etxe bat erosi nahi baduzu, erosteko orduan esaten dizute etxe horrek amiantoa duen edo ez. Hego Euskal Herrian ez dago horrelako konturik, ez dira maparik egiten ari.
Orain arte amiantoa lotzen genuen siderurgia, trenbide eta horrelako lantegiekin. Baina orain beste leku batzuetan ere gaixotu da jendea amiantoagatik, BBVAn, arrantzontzietan... Noraino dago kutsatzeko arriskua?
Nik ez nuke alarmista izan nahi, baina gauza serioa da. Bilboko BBVA 1965ean egin zen eta amiantoarekin forratu zuten estruktura guztia, horko elektrizistak amiantoarekin kontaktuan egin zuen lan eta orain gaixotasuna agertu da. Gauza bera gertatzen da Gurutzetako ospitalean. Amiantoa eskolatik hasi eta etxeko sukalderaino egon liteke, oso zabalduta egon da.
Hain zuzen, Donostiako festibalean amiantoaren inguruko dokumentala estreinatuko da. Pertsona batzuk konturatu ziren beren ama mesoteliomarekin hil zela. Kasualitatez, Errenteriako Paisa fabrika ondoan bizi ziren; urte horietan bentiladore baten bidez amianto-hautsa fabrikatik kanpora botatzen zuten eta dena ondoko balkoira joaten zen. Denbora batera, ama hil egin zen. Hortik sortu da pelikula hori egiteko mugimendua.
Zein da enpresen eta mutuen jarrera?
Enpresa gehienei ez zaie horrenbeste inporta lan gaixotasun bat onartzea; arazoa da hori onartu ondoren guk beti errekargoa eta kalte ordainak exigitzen ditugula. Bestela nola bultzatuko dugu prebentzioa? Hemen ez balego munizipalik gaizki aparkatzen dutenei multak jartzeko, hau erokeria litzateke... Enpresek eta mutuek badakite hori etorriko dela eta horregatik egiten dute ahalegin guztia dena estaltzeko.
Kaltetuentzako konpentsazio fondo bat eskatu duzue. Hori da soluzioa?
Beharrezkoa da. Posible da guk, esaterako, Sidenor “harrapatzea”, baina beste askorekin ezin da. Zuk tailer txiki batean kotxeen frenoak aldatzen egiten baduzu lan eta gaixotasuna sortzen bazaizu, zeini erreklamatuko diozu? Eta bestetik badago jende pilo bat autonomoa izan dena, horiek ez dute eskubiderik ezta lan gaixotasun bezala onartzeko ere. Kristoren injustizia dago hor. Horregatik ari gara esaten Estatua bera ere arduradun dela eta Estatuak sortu behar lukeela konpentsazio fondoa. Talidominarekin sortu du eta bere garaian olio-arbiarekin ere bai, ba sortu dezala amiantoarekin ere.
Esan duzu enpresek auzia estaltzera jotzen dutela. Patronalaren jokabide horrekin elkarrizketa sozialeko mahaitik zerbait ateratzea espero duzue?
Bai, eta pena da mahai horretan beste erakunde batzuk ez egotea. Hurrengo hilabeteetan akordio batetara iristea espero dugu lan gaixotasunen inguruan. Alde batetik prebentzio zerbitzuek beren lana ondo egin dezatela akordatu nahi dugu, eta bestetik kanpaina bat egingo da.
Baina hori nahiko eramangarria da enpresentzat... Kalteordainak beste kontu bat dira.
Maila horretan ere hitz egin da, baina Euskadin bakarrik fondo bat sortzea... zerbait zabalagoa behar da, Estatuak duelako ardura.
Azken aldian gaixotuen aldeko sententzia asko izan dira epaitegietan, holako gehiago egotea espero duzue?
Espero dugu baietz. Baina salatu nahi nuke zenbait juezen jarrera, eta batez ere Gipuzkoako Bandres epailea. Gizarte Segurantzak eta guzti onartutako lan gaixotasunekin, joaten gara epaitegira eta berak esaten du: “Ez, nola ez zegoen inongo legerik, enpresak ez zuen ezer kunplitu behar”. Hori salatu beharra dago eta zenbait epailek martxa horretan jarraitzen badute gaixoen senideek mobilizazioak bultzatuko dituzte haien aurka.
[Irakurri gaiarekin lotutako
Amiantoa: Milaka langile mineral kantzerigenoaren menpe erreportajea]