argia.eus
INPRIMATU
UPV/EHU
Igor Estankona 2010ko maiatzaren 06a
Igor Estankona
Igor EstankonaDani Blanco
Antza denez ekonomiagatik, nahasketak ekiditeko eta erakundearen irudi politika argiagoa izan dadin, Euskal Herriko Unibertsitateak euskarazko akronimoak soilik erabili gura lituzke. Horra arte normal iritzi diot nik behintzat, izenaren zehaztasuna gorabehera. El Correo Españolekoek diote, ostera, “Hezkuntza Sailak izenetik erdarazko siglak kentzeko UPVren proposamena arbuiatu” duela. Euskarazko siglak inoiz erabili ez dituztenentzat, kazeta barne, terriblea izan behar du horrek benetan: horiek kenduz gero siglarik gabe adierazi beharko lukete unibertsitatearen izena. Eta ez da erraza.

Baina kontraesanak ekiditeko kazetariok hasi dira sartzen, auziari buruzko egunkari-albisteetan, lehenengoz, “UPV/EHU” izendapena, barra eta guzti. Master eta negozioetarako beti errespetatu izan dute, egia esan behar bada.

Ikusmin soziologiko sanoarekin jarraitu ditut kazetari elebakarraren peripeziak egunokaz. Trilinguismoa ahotan, dio, gauzek ez ote duten luzatzera jotzen gaur egun, laburtzera baino gehiago. Entzun dudanez, euren tirada ei da gero eta laburragoa. Ez nau harritzen. Bizkaitarroi adarra jotzen ibili dira ehun urtez, eta ez da gaitzik ehun urteko aldiak ez daroanik.