argia.eus
INPRIMATU
Hou, Pitxu, hou!!!
Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2010ko maiatzaren 05
Larrainen (Zuberoa) izan ginen Gipuzkoako homonimo behar lukeen Larraulgo koadrila. Maskaradaren azken emanaldia bizi nahi genuen.

Eguerdirako herrira iritsi, eta gazte taldea non harrapatuko atzetik ibili ginen. Partaideak kotxe karabanan burrunbaka zihoazen baserri auzo batetik bestera, gurpilei kirrinka eraginaz eta bozina joaz. Ikusi nahi badituzu, zoaz atzetik. Horixe gustatu zitzaigun, ez dela publikoarentzat –gutxiago turista malenkoniatsu manexentzat– eginiko ikuskizuna. Eurek eurentzat egiten duten festa baizik. Apustua ere galdu nuen, horrelako denetan ikusten ditudan hegoaldetarrek Nafarroaren Egunean behar zuten –Xabier Azkue, Unai Brea eta Aizpea Leizaola, huts egin didazue–.

Arratsaldea herriko plazan eserita eman genuen, duela dozena bat urte herri berean maskarada ikusten egon ginen bezalaxe. Oraingoan alkate-alkatesa, zorroztaile, buhame edo dantzari zirenak, orduan neska-mutil kozkorrak izango ziren. Eta dozena bat urte barru, Larrainen berriro maskarada egiten denerako koadrila ziurtatuta dutela ikusi genuen: neska-mutil kozkorrak buhame jantzita zebiltzan, Pitxuri lotsagabekeriak erantzunaz...

Kultura bere erroan bizi dutela ikusi genuen, inbidiaz. Maskarada egin zuen koadrila horrek urtebetez helburu berarekin elkarlanean entseatu du, batzuek dantzak, besteek bertsoak, hirugarrenek antzerkia, eta oso maila altua lortuz, gainera.

Plazan arnasten zen herritarren arteko zirika, festa giroa, baina baita ere solemnitatea: gazteak herri osoaren aurrean protagonista egin zituen emanaldiak. Ez dago sentsibilizazio eta marketin kanpaina hoberik hurrengo belaunaldiak maskaradara lotzeko.