Ez dut best sellerrik irakurtzeko ohiturarik, ezta nobela beltza irakurtzeko usadiorik ere, eta hala eta guztiz ere, Donna Leonen Heriotzarako jantzita nobela irakurri dut, Ereinek Uzta Gorrian argitaratua eta Jesus Mari Lasak itzulia, txukun aski itzulia gainera.
Genero hau transgresiorako eta gizarte arauak edonondik apurtzeko aproposa dela kontuan izanik, hasi nintzen ohantzean loaren arrimuan liburua irakurtzen. Potoloa da gero, baina aise irakurtzen den horietakoa. Sargori dagonean sagardo gozoa bezalakoa, freskoa, bustia eta txinpartak berekin dituena.
Highsmith-en Ripley detektibea eta Bordaren Amaia Ezpeldoi detektibe eme eta lesbiana izan ditut gogoan Brunetti detektibea trabesti aurpegi desitxuratua hilda aurkitu eta heriotzaren nondik norakoetan ibili denean.
Ez prezisamente Brunetti transgresore agertzen zaigulako edota heteronormatibitatea zalantzan jartzeko asmoz datorrelako, gaiagatik baizik: gorputzen komertzioa, prostituzioa eta trabestismoak pertsonaia horien inguruan gogoratzera ninderamalako. Sexuak benetako tiraniak eta abusuak jasaten ditu eta jazarpen hauen gainean sostengatzen dira gobernuak, estatuak nahiz identitateak. Baina horren inguruan gehiago sakondu nahi izanez gero, Beatriz Espejok kaleratu berri duen Manifiesto Puta irakurri beharko zenuke. Izan ere, eskuartean dugun liburuan benetako gizonak azaltzen dira. Poliziak. Eta beste gizonezkoak maite dituzten gizon ondratuak, baina lotsaren lotsaz trabesti batekin larrutan ordainduz aritzea maiteago dutenak, euren homosexualitatea gizonki onartu baino.
Ustelkeria eta itxurakeria izango dira eleberri honetan Brunetti detektibeak desmaskaratu beharko dituenak, Heriotzarako jantzita hildako trabestia abiapuntutzat hartuta. Heriotzarako ez ezik, bizitzarako hainbat maskara janzten ditugula erakutsiko digu detektibeak. Hori dena eta gehiago dago Donna Leonen nobela honetan.
Aste santuan ez baduzue irakurri udan irakurtzeko primerakoa da. Erraza, buruhausterik ez duena, sudoku baten antzera detektibearekin batera hiltzailearen bila jarriko zaituena eta hondartzara, mendira, nonahi eraman daitekeena.