Nori inporta zaio kultura?
Sortzaileei, kulturgileei, eta euren kontura bizi diren espekulatzaile orojaleei. Nork asmatu zuen “Kultura debalde ala zure amonak kontsumitu dezala” teoria?
Zinemara joateko kreditua eskatu behar dela konprobatu zuen batek!
Gure lagun batek San Mamesera joateagatik 90 euro ordaintzen ditu partidako. Nik 90 eurorekin hamabost pelikula ikusi ditzaket. Zinema garestia zela zenioen?
Eta aretoak hutsik daudela, ixten ari direla...
Zinema ez du telebistak izorratu, industriaren neurrigabeko anbizioak eta kontsumitzaileen estimu apurrak baizik. Ai, zergatik gutxiesten du zinemak ikuslearen inteligentzia?
Noiz ikusi duzu txarteldegia lehertu duen filma inteligenterik?
Produktore estatubatuarrak kudeatzaile hutsak direlako gertatzen da hori. Zein zeren jabea den ez dakizun mundu honetan, Coca-Colan sartu eta zine sekziora kondenatu dituztela ematen du.
Zu ere marketin kanpaina erraldoi bat pelikula on bat baino eraginkorragoa dela dioen matrakarekin?
Zergatik bideratzen dira Hollywoodeko filmen aurrekontuen bi herenak propagandara? Zientzia-fikzioa gorroto duen zenbat jendek ikusi du Avatar? Ikusi ezean gizartearen hondakina bazara, zer nahi duzu? Okerrena da ikusi eta gustatu egin zaiela.
Arrakasta txarteldegian neurtzen dela, konpai!
Zergatik kontsumitzen dugu ikusienen, irakurrienen, eta salduenen arabera? Utzikeria orokorra erreferentzia zehatz horiekin estaliko dugula uste dugu? Zerrenda horiek produktu gutxiago kontsumitzera daramate, jendeak lehen postuan dagoena baizik ez baitu nahi.
Eskerrak adituei beti geratuko zaizuen zinema japoniar eta irandarra...
Eta uzbekiarra, zer? Kar, kar, kar... Une bakoitzak dauka bere zinema, eta zorionez, pelikula txikiek ere badaukate euren publikoa. Baina pelikula txiki batzuk aretoetara heltzea Athletic bigarren mailara jaistea bezain ezinezkoa da.
Hara, esnatu da zugan datzan bilbainoa.
Bilbotar izatearen kontzientziak sexuaren plazera txiki uzten du. Onartzen ditut gure akastxoak, baina munduak ezin du ukatu handiak izatea egokitu zaigula.
Bai, bai, sortu zaitezkete nahi duzuen lekuan, baina jubilatu beste denak bezala!
Horrek frogatzen du zer munstro den boterea. Sustantziala ez denarekin nahi beste broma egiten utziko dizu, baina seriotzat daukanari buruz iritzia ere ez dizu eskatuko.
Ai, ai, ai, bizitza bat alferrik...
Eskerrak, besterik egiten jakin ez eta plazera eta negozioak uztartu ditudan! Urtetan saiatu naiz mundua artea eta kulturaren bidez ulertzen, baina orain jabetu naiz mundua ondoen zientziak esplikatzen duela. Beranduegi dela uste duzu? n