Mikel ZurbanoDani Blanco
Finantza erregulaziorako asmo xumeak ahitu dira eta rating agentziek eta finantza erakundeek lehengora itzulita finantza merkatuen nagusitasuna berreskuratu dute. Eragile hauen agenda, prozedurak eta lehentasunak antzestoki makroekonomiko globala inoiz baino indartsuago baldintzatzen dute eta horrekin krisiaren bidezko irtenbidea bera ere. Egoera honi aurre egiteko gobernantza globalaren gabezia bistakoa da eta koordinaziorik zein berrikuntzarik gabeko barne neurrietara makurtu dira estatuak. EBn Greziaren finantza larrialdiari aurre egiteko erreskate plana hitzartu berri da azken unean, euroak jasandako eraso espekulatzailearen segida batek hartara beharturik.
Krisiak Europaren eraikuntza neoliberalaren berezko tentsioak leherrarazi ditu, herrialde batzuk (Grezia eta Espainia barne) Hazkunde eta Egonkortasun Itunaren mugak gaindituta finantza eragileen erasoak jasan eta gero. Lehen Alemaniari edo Frantziari malgutasuna eskaini zietelarik oraingoan Brusela bestela jokatzen ari da. Grezian austeritate plan oso zorrotza jarri du indarrean dirulaguntzen ordain gisa, NMFarekin batera. Lehendik garapen bideko herrialdeetan porrot egindako doikuntza planen errepika baino ez da hau. Plan horien neurri liberal zorrotzak ez ezik emaitza ere ezaguna da, austeritate ekonomikoa eta finantzen nagusitasun osoa. Oso errezeta arriskutsua ikuspegi sozialetik eta antzua krisia gainditzeko. Duela lau urte Egonkortasun Itunaren gainetik pasa ondoren Alemaniak euroaren logika zorrotzena aplikatu nahi izan du, orain Grezia Europako gobernuetan indarrean jarriko diren austeritate planetarako laborategi gisa erabilita eta, bide batez, Alemaniako bankuek eskuratutako greziar bonoen ordainketa ziurtatzen dute.
Testuinguru honetan eta erasoa jasan ondoren, Zapateroren gobernua ere larritasunetik ateratzeko erakunde multilateralen eta finantza lobbyen errezetak aplikatzen hasi da. Bere programa ekonomikoaren izaera liberala areagotzen ari da, orain arteko egitasmoei –bankuentzako erreskatea, austeritate fiskalarena, eta abar– zatikako erreforma liberalak (pentsioena eta lan merkatuarena) gehituz. Lehengo lepotik burua, krisia sorrarazi zuen eredua inoiz baino biziago dago EBn, Trichet eta bertako finantza erakundeen esanetara jarrita Bruselak ez du iragarritako neurririk hartuko, ezta bankuen erreskaterako tasa ezartzekoa ere. Beraz, bankuen erreskaterako orain arte erabilitako EBko BPGaren %13 denon artean ordaintzen jarraitu beharko dugu.