Espainiako lehen nobela modernotzat jotzen den liburuaren azalean, izenburuaren ondoan, “anonimo” hitza irakur daiteke. Mercedes Agulló espainiar paleografoak, ordea, egilea Diego Hurtado de Mendoza (1504?-1575) poeta eta diplomazialaria izan zela adierazi berri du bere azken lanean.
Ez da hipotesi hori defendatzen duen lehena, baina Agullók froga dokumental bat aurkeztu du lehenengoz: Hurtadoren paperen artean El Lazarillo de Tormes-en zuzenketa lanak aipatzen dituen bi lerroko esaldia topatu du. Gainera, paleografoak dio Hurtado de Mendozaren profilak bat egiten duela nobelaren idazleak izango zukeenarekin, abenturak nahiz kulturak garrantzia handia izan baitzuten haren bizitzan.