EAko Pello Urizar idazkari nagusiak hauxe esan berri du ARGIAn: “EAJ ez dago bide subiranistaren aldeko urratsak emateko prest”.
Eusko Alkartasunak hori esaten badu, bide subiranista berea dela, ezker abertzalearekin bidea egin nahi duela –bere militante askoren kontrako jarrerarekin– eta hor ez dagoena ez dela ari Euskal Herriaren aldeko planteamendu abertzalea egiten adierazi nahi badu…
Chapeau!
EA bere bidetik eta gu geuretik joango gara. Gure planteamenduak abertzaleak dira eta izango dira, autogobernu maila handienetara iristeko asmo eta borondatearekin. Baina betiere errealitateari begira, herri eta gizarte honen errealitatea non eta zelan dagoen kontuan hartuz, eta ez amets hutsetan galduz.
Ibarretxe Plana deitua eta Kontsultaren Legea atzean geratu dira. Agertuko al dira etorkizunean? Edo nola agertuko da autogobernuaren edota subiranotasunaren gaia?
Politikan gauzak ez dira beti modu berdinean ematen edo errepikatzen. Errealitate soziopolitikoa aldatuz doa eta gai horiek beste modu batean emango dira. Euskal Herriaren autogobernuaren aldarrikapena eta nahia berriz ere etorriko da, nahiz eta Patxi Lopezek eta beste guztiek estali nahi izan.
Bien bitartean, eta lehengo galderari lotuz, “EAJ ez dago bide subiranistaren aldeko urratsak emateko prest” diotenean, nik orekaren beharra defendatzen dut. Alegia, batzuek orain kalean aldarrikapen hori egiteko garaia dela uste badute, euren bidea da. Guk kontuan hartzen dugu Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza nola osatuta dauden, eta foru aldundiak ere nola osatuak izan daitezkeen datorren legealdian. EAk ez baditu begiak ireki nahi, eta ez bada konturatzen [Gasteizko Legebiltzarrean] legebiltzarkide bakarra duela, bat bakarra, eta PPk eta PSE-EEk zenbat dituzten... zer egingo diogu. Nik uste politika ez dela horrela egiten, politika oinak lurrean egin behar da.
Nola ikusten duzu etorkizuna edonola ere?
Euskal Herriak bere autogobernuaren aldeko jarrera sakon-sakona dauka, indartsua, eta PPk eta PSOEk ahalegin guztiak egingo dituzte hori estaltzeko. Hala ere, modu batez edo bestez jarrera indartsu hori agertuko da beti, eta ez du inork itzaliko.