argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2010ko maiatzaren 04a

Patxi Huarte ‘Zaldi Eroa’ marrazkilariak Nabarra aldizkarian: "Nik ez dakit zer duten marrazkiek, beti esaten dut, baina badute karga indartsuago bat. Zuk idatz dezakezu esaldi arrunt batean ‘Jesukristo gurutzean biluzik hil zen’ eta horrela irakurri duzu Biblian, Itun Berrian. Idatz dezakezu ziur aski Jesukristo biluzik hil zutela, baina Jesukristo gurutzean biluzik marrazten baduzu, eta gainera ilustrazio errealista bat egiten baduzu, bueno, bueno... hori kolpe bat da. Eta berdin Mahomarekin. (...) Kasu honetan [‘nobela grafikoa’ kontzeptuaz ari da] agian ez dute oso ondo asmatu. Eta batzuk mindu dira, e? Orain berriki esan dute euskarazko lehen nobela grafikoa atera dela eta batzuek diote: ‘Eta guk zer egiten genuen, bada?’".

 

Luke Uribe-Etxebarria EAJko parlamentariak Deian: "[Eusko Jaurlaritzak sorturiko Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa (AKEKS) erakundeak] 3,5 milioi euro inbertitu ditu Notro TV enpresan, Madrilgo Vértice 360º ikus-entzunezko taldean dagoena (...) Zer egiten du Eusko Jaurlaritzak, egoitza erreala Euskadin ez duen enpresa batean inbertitzen? Ez al du Euskadin kokaturiko enpresetan inbertitzeko betebeharra? Ez al du Euskadiko egitura industriala osatzen duten enpresen abiatzea, garapena eta zabalkuntza bultzatu behar?".

 
 

Maite Beaumont mezzosopranoak Garan: "Tradizio koral ikaragarria dago, musika maite duen eta koruetan praktikatzen duen jende ugari dago. Euskal Herrian gertaera harrigarria da hori, eta beste leku batzuetan ez da hori gertatzen (...) Gutako gutxi batzuk erabakia hartu dugu kantuaz profesionalki bizitzeko, kontserbatorioan ikasi eta atzerrira joateko. Ageriko buruak gara, baina hemen dagoen lehengaia, harrobia, oso ona da".