argia.eus
INPRIMATU
Maiatzaren Lehena
Enplegua aldarrikapen nagusi bihurtu da
  • Datorren maiatzaren lehenean langileen eguna ospatzen da Euskal Herrian eta mundu osoan. Egun hau duela 124 urte ezarri zen langileen eskubideen alde, 1886an, 14 eta 18 orduko lanaldi nekagarriak murriztea eskatzen zuen langile taldea sarraskitu baitzuten.
Daniel Udalaitz 2010ko apirilaren 28a
Eraikuntza langileak izan ziren
Eraikuntzako langileak izan ziren 2008ko krisiaren eragina nabaritu zuten aurrenekoak. Egun 200.000 langabetu inguru dago Euskal Herrian eta kopuruak hazten jarraituko du.Dain Blanco
Zalantzarik gabe, mundu osoan 1890etik burutzen den Maiatzaren Leheneko aurtengo ospakizunean, datorren larunbatean, Euskal Herriko nahiz munduko beste hainbat herrialdeetako langileek kalera eramango duten errebindikazio nagusia enplegua izango da. Data horretan, 1886an, 16 ordutara iristen ziren lanaldi nekagarriak murriztearen alde ari ziren langileak sarraskitu zituzten Washingtonen. Jatorri iluneko atentatu baten ondoren, sei langile atxilotu eta hiltzera kondenatu zituzten. Horietako biri heriotza zigorra kommutatu zieten eta horren ordez biziarteko kartela zigorra ezarri zieten; gainerakoak urkatu egin zituzten. “Chicagoko martiriak” esaten zaie ordutik.

Aurtengo langileen eguna duela bi urtetik hona planeta osoari eragiten dion eta mundu osoan milioika langabetu ekarri dituen krisi ekonomiko eta finantzario betean burutuko da. Gaur egun, ofizialki, Euskal Herrian 200.000 langabetu inguru daude, horietatik 181.878 Hego Euskal Herrian –martxoko azken datu ofizialaren arabera–. Gainerako milaka langileak Ipar Euskal Herrikoak dira. Espainiako Estatuan, aipatutako hilabetean, langabeziak lau milioi pertsonei eragiten zien (4.166.613), biztanleria aktiboaren %20 inguru. Frantziako Estatuan, aldiz, 2,7 milioitik gora pertsona daude langabezian eta horrek esan nahi du biztanleria aktiboaren %10 langabetuak direla.

200.000 langabetu inguru Euskal Herrian

Gaur egun dagoeneko 200.000 inguru dira Euskal Herrian lanik gabe dauden pertsonak. Hego Euskal Herriari dagokionez, dagoeneko eskura daude martxo amaierako datuak. Data horretan langabeziak 181.878 pertsonei eragiten zien, hau da, biztanleria aktiboaren %13,47ri. Martxoan beste 965 pertsona gehitu zitzaizkion aurreko hilabeteko langabetu zerrendari. Eta apirilean ere beste ehunka batzuk erantsiko ziren, maiatzaren lehen astera arte daturik jakin ez arren.

Langabeziak ez die berdin eragiten lurralde guztiei. Hala, Araban (20.444 langabetu) eta Nafarroan (43.753) langabezia, hurrenez hurren, 110 eta 17 pertsonetan murriztu zen martxoan, aurreko hilabetearekin alderatuta. Aldiz, Bizkaian (76.002) eta Gipuzkoan (41.679) langabeziak gora egin zuen 876 eta 216 pertsonatan, hurrenez hurren. Langabeziaren egoera horrez gain, enplegua erregulatzeko ehunka espediente (EEE) daude, lanaldi murriztua edo enpleguaren aldi baterako etena jasaten ari diren milaka euskal herritarrei eragiten dietenak. 2009. urtearen amaieran, EEEk 70.000 euskal herritar ingururi eragiten zieten.

Ipar Euskal Herrian, bestalde, ez dugu eskura datu ofizial eguneraturik, baina badakigu langabeziak milaka pertsonei eragiten diela. Dena den, datu ofizialen arabera, 2009an jarduera ekonomiko-industrialaren tasarik altuena eta eboluzio hobea zuen Euskal Herriko lurraldea Iparraldea zen. Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian, berriz, aktiboen kopuruak behera egin zuen bi urtez. Langabezia tasari dagokionez, 2007 eta 2009 urteen artean %4,25 egin zuen gora Hego Euskal Herrian eta %0,68 baino ez Iparraldean. 2009ko datu ofizialei erreparatuz gero, Euskal Herriko batez besteko langabezia tasa %8koa zen eta Europar Batasunekoa, aldiz, %7koa. Nafarroa Garaian tasa %10,89an zen, Araban %9,88an, Bizkaian %8,63an eta Gipuzkoan %7,73an. Urteko lehen hiruhilekoan, ikusi dugun moduan, langabezia tasak nabarmen egin du gora Hego Euskal Herrian, %13,47ra iritsi arte.

Langabeziak hazten jarraituko du

Krisia mantsotzen ari dela adierazten duten zenbait datu positibo izan arren, adituen ustez langabeziak oraindik gogor astinduko gaitu 2010 eta 2011 urteetan. Horrenbestez, Espainiako Estatuan barne nahiz kanpo azterketa-zerbitzu nagusi guztiek 2010ean langabeziak biztanleria aktiboaren %19,6ari eragingo diola diote, eta gobernuaren aurreikuspenek tasa %19koa izango dela diote. Eta 2011 urterako aurreikuspenak berdintsuak dira: azterketa zerbitzuen arabera %19,6an eutsiko dio eta, Espainiako Gobernuaren arabera, %18,4koa izango da. Egia da Euskal Herrian langabezia ez dela proportzio berean haziko, baina hazten jarraituko du aurten eta datorren urtean. Hazkundea ez da berdina izango lurralde guztietan eta, seguruenik, Iparraldean gainerako lurraldeetan baino gutxiago haziko da langabezia tasa.
Lan eta pentsio erreformen zain
Langabezia gure gizartearen kezka nagusietakoa izan arren, Euskal Herriko nahiz Espainiako Estatu osoko langileak arduratuta daude iragarritako lan eta pentsio erreformek ekarriko dutenagatik. Enpleguaren gaiarekin batera, beste bi afera hauek ere gogoan izango dituzte Maiatzaren Leheneko manifestazioek eta aldarrikapenek. Espainiako Gobernua, CCOO eta UGT espainiar sindikatuak eta Patronala aspaldian ari dira gai hauek lantzeko negoziazioetan, baina orain arte ez da akordiorik izan.

Patronalak gizarte segurantzaren enpresa kotizazioak murriztea, kaleratzeak merkatzea, kontratu mota ezegonkorragoak sortzea eta lan malgutasuna eta mugikortasuna handiagoa izatea nahi du. Sindikatuek ez dute beren jarrera zehaztu; kaleratzea merkatzearen aurka eta enplegua are gehiago ezegonkortzearen aurka daudela baino ez dute adierazi. Bestalde, Espainiako Gobernuak Patronalaren nahia betetzeko prest legoke gizarte kotizazioen murrizketari dagokionean. Halaber, badirudi lan kostu gutxiago lituzkeen kontratu mota berria onartzeko prest dagoela. Pentsioei dagokionez, Toledoko Itunean erretiratzeko adina luzatu ala ez eztabaidatzen ari dira oraindik, baita erretiro pentsioak jaso ahal izateko gutxieneko urte kopurua ere.