Leire Urbeltz ilustratzaileak eta Yolanda Arrieta idazleak Itzalpetik albuma aurkeztu dute. Etorkizuneko hiri batean, bat-batean, argindarrik gabe geratuko dira biztanleak. Bi haur erantzunaren bila abiatuko dira, eta zeruan, eguzkian eta naturan aurkituko dute konponbidea.
Juanra Madariagak eta Fermin Etxegoienek jaso dituzte Espainiako Kritikaren Sariak. Madariagaren Eroriaren logika poema-liburua (Susa) eta Fermin Etxegoienen Autokarabana (Pamiela) nobela hobetsi ditu Espainiako Literatur Kritikaren Elkarteak. Javier Rojo epaimahaikidearen ustez, “estetizismo formaletik urrundu eta irudien kontrajartzean sakondu du Madariagak lan honetan”. Etxegoienen nobela, berriz, “gaur egungo euskal gizartearen erretratu leiala” dela iritzi dio.
Takashi Murakami artista japoniarraren hogei bat litografia bildu dituzte Donostiako Okendo zentroan. Superflat new pop culture izenburupean, azpikultura japoniarrari buruz hausnarketa egiten duen artistaren lan ezagunenak ikusteko aukera izango da ekainaren 19ra bitartean.