Iazko Juan Zelaia saria irabazi zuen Kepa Altonagak Darwin geurean izeneko saiakerarekin. Pamiela argitaletxean publikatu du orain liburua, Upaingoa sailaren barruan. Gaia, biziki interesgarria, ideologikoki arbolatik jaitsi ez direnek kreazionismoaren banana sartu nahi diguten honetan: darwinismoak euskal munduan izan zuen eragina aztertu baitu idazle bizkaitarrak. Barkoxen jaiotako Leon Uthurbururekin hasten da liburua, eta bidaia interesgarria proposatzen du gure historian barrena. Bide ertzean topatuko ditugu, besteak beste, Jean Etxepare, Piarres Lafitte, Bizente Aizpuru, Julien Vinson, Fermin Irigarai Larreko, Xabier Amuriza... Saio laburra da Altonagarena, baina, era berean, mami handikoa.