argia.eus
INPRIMATU
‘Bizarre love triangle’
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2010ko apirilaren 27a
80 egunean. Zuzendariak: Jon Garaño, Jose Mari Goenaga. Aktoreak: Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga. 100 minutu.

New Order taldearen kanta hura gogoratuz esan genezake, 80 egunean filmekoa ere maitasun hiruki bitxia dela. Ezohikoa bai behintzat, euskal zinemagintzaz ari bagara. Eta, horregatik, pozgarria.

Axun ospitalera doa: alabaren senar ohia koman dago eta beste inor ez zaio bisitan joaten. Gelara iristen delarik, ondoko ohean beste gizon bat, landare; eta Axunen adin beretsuko emakume bat, globoak, tarta bat, mugitzen ez den gorputzari urtebetetzetako kanta abesten. Maite da. Hasieran ez dira jabetuko, gero bai: txikitatik ezagutzen dute elkar. 50 urte joan dira. Baina pixkanaka denboraren marasma-sareak desagertzen joango dira. Lagun egingo dira, hasieran; eta, gero, maitale. Baina 70 urteren bueltan dabiltza biak. Eta batez ere, Axun ezkonduta dago, baserrian bizi da Juan Marirekin, bizimodu tradizionalegia abenturetarako. Barruak Maiterengana eramaten du. Ohiturak Juan Mariren ondoan atxikitzen.

Hara hor abiapuntu zail bat, film batentzat: edadeko pertsonen arteko sexua tabua den honetan, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak jubilatuen arteko harreman lesbikoa pantailaratu dute, konplexurik batere gabe eta egiantzekotasuna zainduz –azpimarratzekoa, zentzu horretan, aktore bakoitzak bere euskalkia erabiltzea–. Axuni kostako zaio Maiterekin sentitzen duena ulertzen, txikitatik sentitzen zuen erakarpena bere buruari onartzen. Ez da bikote aldaketa hutsa: bizimodu osoa da. Hiria vs. herria; kaleko solairua vs. baserria; amonentzako perlazko belarritakoak vs. Maitek oparitutako arrakada modernoak.

Bi munduen artean ibiliko da Axun, zaharrarekin ezin hautsi, berria ezin utzi. Filma bera ere hortxe dabilela esango nuke. Hiria besarkatzen du, baina tradizioari traizio egin gabe. Ez dakar mezu apurtzailerik eta formak ere horrelakoak dira: sotilak. Detaileei arreta eskainiz egina dago, giroa zainduz. Zeresan handia du horretan Pascal Gaignek osatutako soinu-bandak –eta oraintxe konturatu naiz, hain musika ona duen filmaren kritika beste talde bat aipatuz hastea, ez dela oso itxurosoa; barka beraz–.