argia.eus
INPRIMATU
Azkarate senatore
Jakoba Errekondo 2010ko apirilaren 29a
Madagaskarren ez, baina Afrikara begira bai, Cadiz aldean, han ez beste inon, Ononis azcaratei landarea bizi da. Euskal abizen hori, landareak izendatzeko era xelebre baten ondorio da. Ononis generokoak dira, babatarretakoak, itxiokorria Ononis spinosa eta antxiliparra edo txingiliparra Ononis fruticosa. Abizeneko azcaratei Justino Azkarate zenaren omenezkoa da. Nafarroako Izu eta Aibarko jatorriko Madrilgo familia bateko seme, Espainian zer esana eman zuen XX. mendean. Errepublikako ministro izatetik, erregeak bere nahierara senatari izendatu eta gaur egun azalutsezko “liberal” izenpean bere muturreko eskuina ezkutatzen dutenen arterako bidea gozo-gozo egin zuen, besteak beste. Eskuinzabal, Fundación para la Ecología y la Protección del Medio Ambiente-ko sortzaile eta lehendakari ere izan zen. Honek Andaluziako landaredia ikertzeko eginiko ahaleginaren saria omen da, han ez beste inon bizi den landare honi jarria zaio abizen euskaldun hori. Lardizabala, Etxeberria... baditugu euskaldunak landaretan, xelebrea izan daiteke baina abizenak dioena eta landarea beste upeleko sagardoa izatea. Adibidez, gaurko Cadizeko hau azkarateetakoa, haitz garaietako ateetakoa al da?