I Denboraren arrastoa nabarmentzen da bisaian, azalaren zimurretan, begiradaren lasaian, baskula baten gainean, after shavearen usaian, kolesterolaren erruz mamirik gabeko mahaian, ilearen erorketak soildu ohi duen sabaian, sekula desagertzen ez den umore txar jarraian... Denok helduago izan nahi dugu gazte garaian, baina heltzen garenean gabiltza gaztetu nahian. |
II Alkoholaren ekoizpena krisian dago benetan ebaki deskafeinatu bat hartzen dugun uneetan. Ezezagun bilakatu gara ia tabernetan, terrazetan baikabiltza gai serioez hizketan: hil bukaeran burua hileroko hipotekan, alabaren biberoian, semearen pardeletan... Kalera irteten gara igande eguerdietan, nerabetan etxeratu ohi ginen ordu beretan. |
III Euriborra “frak”-arekin ibiltzen da ate joka, tamalez Iberdrolari ez zaio asko inporta; Euskaltel eta Naturgas ere daude gure kontra eta propina gisara bizilagunen kuota. Etxeko ekonomiak jasaten badu porrota, gutxiago jan behar da eta jatekotan zopa... Den lapurrik handiena bilakatu da Europa, askoz pezeta gehiago osten delako euroka. |
IV Etxea ere tarteka garbitu behar da noski, gutxiago zikintzea ez baita izaten aski... Batzutan behar da Pronto, besteetan KH-7; Don Limpiok txukun uzten du lehen zegoena hain gaizki; Vileda lehortu asmoz etengabe ohi da busti, Tenn ere ez da tentela, bioalkohol eta guzti... Txoko ezkutuenetan ibiltzen denez espreski, zikinkeriak etxeko sekretu denak dakizki. |
V Bulegoko tertulien oinarria da baloia: “Athletic?”, “Ondo...”, “Reala?”, “Berriz jaso du jipoia...”. Gero hasten da Bill Gatesek ezarritako patroia: ordenagailua piztu, klikatu ezker botoia. Windowsak abiarazten du lanaren maratoia: zortzi orduz arrastaka pertsona ta arratoia! Monotoniari eman behar zaio arrazoia, ezagunegia baita eguneroko gidoia. |
VI Teknologikoki bizi dugu aro digitala, Googlea bihurtu zaigu denon etxeko portala, mugikorra dugu falta zitzaigun gorputz-atala, GPSa daramagu, berak gu garamatzala. E-mailak ugaldu dira, SMSak bezala, mundu txiki bat bihurtuz lehen zena mundu zabala. Baina tamalez ez al da gure gizarte globala bakardade ugariren konexio birtuala? |