argia.eus
INPRIMATU
Ohoin jendea
Jakoba Errekondo 2010ko apirilaren 22a
Horrelakoen artean, ohoin artean, lapurrez inguratuta bizi behar izan zuen Joseph Dombey botanikari burgundiar ospetsuak (Macon 1742 - Montserrat 1794). Pirinioetan eta Alpeetan zaildua, Ameriketako landaretza ezagutzeko ezinbesteko kate-begia da. 1778an Callaora iritsi zenetik, bueltan 1785ean Cádiza joan artean bildutako aleak, laginak eta informazioa egun ere oinarrizko dira botanikan. Londres, Madril eta Parisen sakabanatua dago haren lanaren emaitza. Londreskoa British Museumen, 1780an Amerikatik igorrita Frantziara bidean mukuru zihoan baliza-kutxa ingelesek harrapatutakoa. Madrilgoa Baratze Botanikoan, agintariek bai Callaon bertan konfiskatutako hirurehunen bat landare arraroen marrazki original, bai Cádiza bueltan iritsi zenean atzeman zioten bilduma. Pariskoa Naturaren Historiaren Museoko landaretegian, libratu zuen apurra. Garaiko botanikarien makina bat laineza haizatu zuten hari lapurtutako lanek, ezagunenak Pavon eta Ruiz espainiarrak. Frantziako Iraultzaren ondoren bi mandatu garrantzitsurekin AEBetara bidali zuten: sistema hamartarraren arauak eramatea eta ale eta bihien erosketa antolatzea. Ingelesek bera zeraman ontzia harrapatu eta Montserrat uharteko ziegetan hil zuten.

Familia eta genero askotako landare ugariri izena jarri zion, eta bere izena daramanik ere bada. Dombeya generoak 225 bat zuhaitz eta zuhaiska biltzen ditu. Tokian-tokian erabilera handikoak, haren azaletik sokagintzan eta zakugintzan erabiltzen den zuntza sortzen baita. Bizia Amerikakoetara eman zuenari, Afrika eta Maskareinak uharteak tarteko genero bateko landareak eman zaizkio, gehienak, ia berrehun Madagaskarren.