argia.eus
INPRIMATU
No
Joxemari Ostolaza 2010ko apirilaren 21a
Ez espainolez. Herrazko akusazioak ukatuz Euskaldunon Egunkariaren aurkakoak zuritu egin ditu tribunalak, orain arte epaitu lagunak libre utziz. Hala ere, hau ez da bukatu, galdetu bestela dozenaka urteko kartzelaldia ezpata kolpea noiz emango dieten zain dauden beste lagunei. Eguna sortu aitzin zientoka guardia zibil zure mundua den lantokia eta etxea bortxaz hartzen dizkizute zureak eta zu bereziki zanpatuz, umiliatuz, eta beren izu-etxera arrastaka eramaten zaituzte burua kaputxaz estaltzen dizutela deus ikus ez dezazun, inork zure begitarteko izua ikus ez dezan. Han, masakratzen zaituzte zure ama ere ukatzerainoko beldurrak hartu zaituela, munduratu zintuzten eguna madarikatzen duzula. Infernua igaro eta purgatoriora, kartzelara preso. Hil bitartean abandonatuko ez zaituen esturaren ukendua duzu ziega. Lantokia duzun bizibide eta zeru-lurra ebatsi eta desegiten dizute zerua mundutik hara dutenek, mundu honetako zerutiarrak etsai dituztenek. Zazpi urtez ezin bizian zaituzte, kajero automatikora ere beste norbaiten izenean jo behar duzula. Orain, NO aitortzen dizute, erraturik zeudela onartzen dizute, penitentzia ororen latza zure eta zureen bizkar uzten dizutela. Beraiena, beste munduan kitatuko omen.