argia.eus
INPRIMATU
Multinazionalak, transgenikoak eta nekazariak
Juan Mari Arregi 2010ko apirilaren 21a
Joan den astean, mundu guztiko nekazariek –baita euskaldunek ere– mobilizazioak egin zituzten elikadura eta nekazaritza sistema eskuratu nahi duten multinazionalen kontra. Elikadura-subiranotasuna eta nekazariek beren elikagaiak produzitzeko duten eskubidea exijitu zuten. Joan den larunbatean mundu osoan ospatu zen Nekazaritza Borroken Munduko Eguna. Madrilen milaka nekazari, abeltzain, sindikatu eta eragile sozial mobilizatu ziren –horien artean EHNE eta Mundubat–, erabateko ezetza adieraziz multinazionalek nekazaritza eta elikadura kontrolatzeari. Horrela, gogoan izan zituzten 1996ko apirilaren 16an, El Dorado dos Carajas herri brasildarrean, elikagaiak sortzeko eta lurra izateko eskubidea defendatzeagatik masakratuak izan ziren hemeretzi nekazariak.

Monsanto, Cargill, Archer Daniel Midland, Nestlé, Carrefour, Walmart eta beste multinazional batzuek kontrolatzen dituzte elikadura eta nekazaritza sistemak, lurra, haziak, ura... Transgenikoen erabilerarekin, osasuna kaltetzeaz gain, natura eta landa gunea deuseztatzen ari dira, nekazariak bultzatuz beren lurrak uztera eta hirietako periferia handietara emigratzera, miseria eta pobrezia sufritzeko. Via Campesina, multinazionalen kontrako mugimendua bultzatzen duen nazioarteko elkartea –hemengo eragileak ere badira–, eskualdeko eta herrietako merkatuentzat elikagai osasuntsuak produzitzearen aldekoa da, biodibertsitatea zainduz, akuiferoak babestuz, lurreko karbonoa mantenduz eta nekazaritza ekonomia biziberrituz. Euskal nekazariek, gainerako mundu guztiak bezala, eskubide horiek eskatzen dituzte. Globalizazio kapitalistaren kontra, elkartasunaren globalizazioa. Apustu alternatiboa da.