argia.eus
INPRIMATU
Bultzada politikoa, egiteko eta desegiteko
Xabier Letona Biteri @xletona 2010ko apirilaren 21a
euskalherria.indymedia.org
Gomez Bermudez epaileak gidatutako epaimahaiak Egunkaria auziaren halako epai gogorra eman ondoren, galdera mahai gainean dago: aldaketarik ekarriko al du honek Auzitegi Nazionaleko politikan edo, aitzitik, balioko du azpimarratzeko “sistemak funtzionatzen duela” eta kito? Berrikuntza ala zuriketa da hau?

Orain arte gisa horretako akusazioen gainean egindako epaiketa ia guztiak zigor handiekin amaitu dira eta, akusazioen ahuldadea agerikoa bazen ere, orain arteko gogortasunak eta beste kasu askoren esperientziak zigorrerako beldurra ondo baino hobeto justifikatzen zuten. Baina, behingoz, Auzitegi Nazionalaren logika bat etorri da euskal gizartearen gehiengo zabalaren logikaz.

Eta galderak bata bestearen jarraian datoz. Epaiak Guardia Zibilari bere egiak frogatzeko istoriorik ezin duela eraiki adieraztean, aurrerantzean Auzitegi Nazionala bide beretik abiatuko dela adierazten ari da? Auzitegi Gorenak epaia berresten badu, pentsatzekoa da hala beharko lukeela. Eta berdin oinarrizko eskubideen babesari dagokionez, eta baita tortura kasuetan ere. Gorenak berretsiz gero, jurisprudentzia berri baterako lehen harria –Gorenaren zentzu bereko bi epai behar dira horretarako– jarriko du epai honek?

Ezer aldatu ez eta Espainian zuzenbide estatuaren zutoinak finkatzeko tresna gisa ere erabili liteke epaia, hori litzateke kritika eta errebisio asmorik gabeko “justiziak funtzionatzen du” leloak adieraziko lukeena.

Joan den astean Fernando Grande Marlaska epaileak egindako hamar lagunen atxiloketak ez du gauza onik iragartzen, azken hamarkadan “dena da ETA” lelopean egin diren desmasia berberen irizpidepean egin baita. Atxilotu hauekiko jarrera polizial eta judizialean hobeto antzemango dira zantzuak.

Baikortasun gehiagorekin bestelako hipotesiak ere egin litezke. Epaiak Guardia Zibilaren metodologia gogor astintzen du, baina funtsean, horrekin bere garaian berau gidatzen zuen PPko agintarien bultzada politikoa ari da egurtzen. Lopez lehendakariak ere, azkenean, publikoki onartu du Egunkaria auzian izan zen PPren bultzada politikoa. Eta auzia eraikitzeko bultzada politikoa dagoen moduan, ez ote da beharko baita ere gisako bultzada berau desegiteko? Edo Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea kargugabetzetik onik ateratzeko? Edo Batasunako Mahai Nazionaleko kide espetxeratuak orain bermepean kalean uzteko? Bitxia da, 2007an Seguran atxilotu zituztenean ihes arriskua zegoen eta orain ez. Eta Rafa Diez eta Arnaldo Otegik ihes egiteko arriskua al dute? Zigorraren klabeetan bakarrik uler daitezke “orain bai orain ez” jokaera horiek, ez judizialean. Edo klabe politiko sakonagoetan.
                                                                                                                                                                                                       
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak utziko al lieke Egunkariko auzipetuei Guardia Zibilak nola torturatu zituen ikasleei kontatzen? Jaurlaritzara iritsi zirenetik, biktimena izan da PSE-PPren aldaketa ikur garrantzitsuena. Makinatxo bat gauza egin dira txarto biktimen inguruan eta bada zer zuzendu alde guztietan, baina hezkuntzarako iragartzen ari diren neurriek ezin dute gauza onik ekarri.