argia.eus
INPRIMATU
Iñako Goñi
Euskal Herrian faltan botatzen ditut musika komertziala edo politikoa egiten ez duten taldeak
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko ekainaren 30

Disflesh taldeak bere egiten du 80ko hamarkadako taldeen crust izpiritua. Zer zeukaten talde haiek?


Hamarkada hura izan zen musika estiloetan irekiena eta aberatsena. Estiloak garatzen zebiltzan orduan, eta horrek are eta erakargarriagoak, naturalagoak egiten zituen sasoi hartako taldeak. Gure konposizioak, bigarren demotik eta Aritz ahotsetan sartu zenetik, crusta dute oinarri.

Hala ere, harritzen nau zu doinu ilunagoetatik hardcore-crustera bueltatu izanak…


Oso ondo pasa nuen death-metal, grindcore eta black-metala egiten, baina nire hastapenetako musika egiten gehiago gozatzen dut.

Zerk batzen ditu Disflesh eta Slugfeast, eta nola sortu da diskoa erdibana egiteko elkarlana?


Slugfeast taldeko Anton lagun handia da eta biok elkarrekin Destino/Encierro izeneko talde bat ere badugu. Oso naturala izan da elkarlana.

Disflesh-en ibilbidean gerra ageri da beti. Zerk arduratzen zaitu?


Gizakiaren ergelkeriak arlo guztietan.

Diskorako aukeratutako bertsioek asko esaten dute taldearen gainean… Eta horren harira, harritu nau Upright Citizens aukeratu izana…

Bai, Amebix, Discharge eta Upright Citizens, hirurak 80ko hamarkadakoak, oso garrantzitsuak izan ziren niretzat mutikotxo bat nintzenean. Eta Upright Citizens taldeak oso feeling berezia zuen, garaiko taldeetatik bereizten zituena.

“Nazioak jausiko direnean”. Horiek dira guztiaren errudunak?

Gizakiaren harrokeria, agintariak eta herri xehearen jarrera bildotsa.

Almeriako desertuan posible da gizakia neurri batean ahaztea?

Beste bizitza mota bat da, bakartiagoa eta materialismo askoz txikiagokoa.

Zer nolako musika taldeak falta dira zure ustez Euskal Herrian?

Euskal Herriak dauka Europako musika aberastasun handienetako bat, baina nik faltan botatzen ditut musika komertziala egitea helburu ez duten eta mezu politikorik ez duten taldeak.