argia.eus
INPRIMATU
Hariari brintz
Jakoba Errekondo 2010ko apirilaren 14a
Busti-lehorrerako egokienak diren egurrak gaztaina (Castanea sativa) eta sasi-akazia (Robinia pseudoacacia) dira. Material hauekin egiten dira itxituretarako baldo, hesola, taket, zurkaitz, zutoin, zutiko, tantai, pazota... gehienak. Gaur egun zinta-zerran, zerra zirkularrean edo motozerrarekin egiten badira ere, era zaharrera, borrarekin burdin-ziria jo eta sartu eta enborra printzatuta, bringatuta, arrailduta, baldoak egurraren harian egiten duenik ere bada oraindik. Harian egindako hesola okerragoa izango da, eskurako eskardatsuagoa eta zakarragoa, garraiorako eta lurrean sartzeko baldarragoa, baina alde ederreko iraupena izango du, hariak oso-osokoak izango baititu, goiko burutik hasi eta beheko muturrerainokoak.