argia.eus
INPRIMATU
Getxoztar euskaldunak sarea josten
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2010ko apirilaren 13a
Sarri esan ohi da euskal hiztunak harreman sareak behar dituela bere moduan euskaraz bizi nahi duenarekin komunikatzeko. Estilo horretan, Getxon (Bizkaia), euskararen aldeko auzolanean hasi ziren joan den otsailean. Herriko 35 eragiletik gora jarri dira harremanetan, bai dantzariak, komunikabideetako langileak, feministak, kirolariak, ikastetxeetako guraso, ume eta irakasleak... Sarea josten izena eman diote ekimenari eta horixe helburua, herriko elkarteak eta taldeak ez ezik euskararen alde egiteko prest diren norbanakoak ere sarea jostera animatzea. Dagoeneko herriko hainbat eragile lanean ari dira, hala nola, Uktest Txalaparta Elkartea, Koska Irratia, Romo Ikastetxea, Getxoko Udal Euskaltegia, Getxo Rugby Taldea, Getxo Kayaka, UK aldizkaria, Txorimalo Gaztetxea, San Nikolas Ikastola eta Lauaxeta AEK Euskaltegia. Apirilari gogotik heldu diote eta sare joste horretan kalean dira hilaren 9tik 24a arte. Hitzaldiak, bertso saioak, musika jaialdiak, erakusketak, kantu poteoa, piropo festa eta mendi irteerak izango dituzte, eta hilabete beroari bukaera emango diote 24ko bazkariarekin.