argia.eus
INPRIMATU
Eskola 2.0 plana eta WiFia
Mikro-uhinak eskoletan: aurrerapena eta zalantzak
  • Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak Eskola 2.0 plana diseinatu du ikastetxeentzat. Ikasgeletan mikro-uhin bidezko WiFi sistema ezartzeak hautsak arrotu ditu baina. Celaá-ren sailaren arabera sistema ez da kaltegarria osasunarentzat; baina hainbat gizarte talde, sindikatu eta ikastetxek WiFiaren ordez kablea jartzeko eskatu dute, zalantzak argitu bitartean.
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko uztailaren 16a
WiFi
WiFiArgazki Press / Jon Urbe
Ikasgeletan 18.000 ordenagailu ultraeramangarri banatzea aurreikusten du Patxi Lopezen Gobernuak martxan jarri duen Eskola 2.0 Planak. Horrez gain, ikasgela bakoitza arbela digitalaz, WiFi konexioaz, armairu elektrifikatuaz eta multimedia materialez baliatu ahal izango da. Plana 2009an onartu zen, Espainiako Gobernuko Escuela 2.0 programaren baitan, eta jadanik hasi dira ordenagailuak Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleen artean banatzen. Planaren asmoa da “ikasgela digitalak” sortzea eta modu horretan oinarriak jartzea “etorkizuna konkistatzeko ondo posizionaturik egoteko”, lehendakariak aurkezpenean azaldu zuenez.

Baina planaren diseinuak eta aplikazioak hainbat kritika izan ditu, hezkuntza sektoretik bezala gizarte arlotik. WiFi (Wireless Fidelity) sistema ezartzea izan da polemika handien piztu duen gaia. Hainbat talde, erakunde eta sindikatuk eskatu dute sistema horren ordez kablea edo zuntz optikoa jartzeko ikasgeletan. Izan ere, haien esanetan, WiFi teknologia osasunarentzat kaltegarria izan liteke hainbat ikerketek diotenari kasu eginez gero, eta zalantzak egon bitartean ez litzateke erabili behar.

2007an WiFiak erabiltzen dituen mikro-uhinen inguruko BioInitiative txostena aurkeztu zuten Europar Parlamentuan. Txosten horretan 1.500 ikerketa baino gehiagoren emaitzak jaso dira, tartean Europako Ingurumen Agentziarenak, eta ondorioa da mikro uhinek eragin biologikoak izan ditzaketela pertsonengan –ADN katea apurtu, estresa sortu, erreakzio alergikoak eragin, sistema inmunologikoa aldatu...– eta gaur egun Europan arauturik dagoen emisio segurtasun maila ez dela egokia osasunaren babeserako. Hau da, araudia desfasaturik dagoela. Hain zuzen, txosten horrek bultzatuta, Europako Parlamentuak hainbat erresoluzio onartu ditu kutsadura elektromagnetikoaren aurrean neurriak hartzeko gomendatuz Batasuneko Estatu kideei. Zenbait herrialdetan erakunde publikoak jada hasi dira neurriak hartzen: Alemanian, Suitzan, Austrian, Frantzian...

Celaá: “Ez da kaltegarria”

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarentzat ordea ez dago inolako arrazoirik larrituta egoteko. Telekomunikazio Ingeniaritza Eskolak frogak egin ditu laborategian eta ikasgeletan, eta ondorioztatu dute erradiazio maila, egoera txarrenean ere, egungo normatibak arautzen duena baino 100 aldiz txikiagoa dela: “Horrek demostratzen du erabiltzen den WiFi teknologia ez dela kaltegarria” azaldu du ohar bidez Celaá sailburuak. Hekuntza sailak gainera, gogorarazi du orain arte sistema hori erabili izan dela EAEko hainbat ikastolatan Ikasys programaren barruan, eta ez dela inolako arazorik sortu. Horrez gain, WiFiaren arriskurik eza defendatzen dutenek, Munduko Osasun Erakundeak edota Britainia Handiko Osasuna Babesteko Agentziak esandakora jotzen dute, esposizio maila horietan osasunaren kontrako eraginik ez dagoela azaltzeko.

Aldiz, kontrakoa dio Frantziako Osasunaren Babeserako Agentziak (AFSSET). Erakunde hau saiatu da mikrouhinak ikertzen dituzten 2.000 artikulu zientifiko modu sistematikoan aztertzen. Horren arabera, eragin biologikoez diharduten artikulu askotan metodologia zorrotza erabiltzen den arren, soilik gutxi batzuk dira fidagarriak esperimentuak baldintza guztiz egokietan egin dituztelako, eta fidagarri horietatik badaude batzuk esaten dutenak osasunean eragina izan dezaketela mikro-uhinek. Horregatik, zalantza horien aurrean, “zuhurtzia” eduki eta ikertzen segitu behar dela ondorioztatu du AFSSET-ek.


* Irakurri Bitor Goñirekin gai honi buruz egindako elkarrizketa:
"Europan, WiFia kendu eta kablea jartzea da modernoa"
Wimax Iparraldean
Kontseilu Nagusia Wimax sistema ezartzen ari da ADSL sarea iristen ez den itzalguneetara. Ipar Euskal Herriko zenbait herritan, hala nola Amikuzen, Heletan, Itxasu, Mitikilen... mobilizazioak egin dituzte Wimax-a ez jartzeko eskatuz eta kolektiboa ere sortu da. Azaldu dutenez, ADSL sarea ezartzeko inbertsio gehiena Biarnora bideratu da eta Ipar Euskal Herrian Wimaxa jartzeko erabakia instituzionala izan da (6 milioi euro inbertitu ditu Kontseilu Nagusiak sistema jartzeko).

Wimax antenek 50 kilometroko eremua har dezakete eta eragiten duten erradiazio maila unean-unean konektatzen den jendearen arabera igotzen da.